Bi taldeek garaipenak lortu zituzten joan den astean eta indartsu agertzen ziren partida honen aurrean. Hala ere, zumaiarren nagusitasuna erabatekoa izan zen eta puntuak etxean geratu ziren 33-20 irabazi ondoren. Zumaiarrek abantaila txikiak lortu arren, partidaren hasiera oso berdindua izan zen, baina lehen zatiaren erdialdera ezker hegalekoaren kanpoko jaurtiketak kontrolatzea lortu eta eraso azkarren bidez partida etxekoen alde jarri zen. Atsedenera abantaila ederrarekin (16-10) iritsi ziren zumaiarrak.
Bigarren zatia ere lehen zatia bezalaxe hasi zen, jaurtiketak eta golak bi taldeen aldetik. Baina, lehen zatian gertatu bezalaxe, Alex Olidenen mutilek pixkanaka markagailuan aldea handitzea lortu zuten, batez ere pistan kopuruz gehiago zirelako zumaiarrak, izan ere kanariarrek behar ez zenean ere faltak egiten baitzituzten. Falta horien erakusgarri izan zen lehen zatiaren amaieran Sagasta zentralak jaurtitzera zihoala bizkarrean heldu eta jasan behar izan zuen bultzada. Ezin izan zuen bigarren zatia jokatu, baina ez dirudi ezer larria denik eta ziurrenik hurrengo astean deialdian izango da. Partidaren amaieran emaitza etxekoen alde 33-20.
Zumaiarren aldetik jokalari guztiek jokatu zuten eta guztiek lortu zuten garaipen handi hau lortzeko golen bat. Bigara Pulporen aldetik ondorengoek jokatu zuten: Ugarte (1), Ibon Sasiain (3), Sagasta (1), Aizpurua (4), Gutiérrez (3), Larrañaga (1), Agirre (6), Arrieta (3), Rubio (8), Peñalba, Ioritz Sasiain (1), Hernández (2) eta Iriondo. Garaipen honen bidez eta ligaren lehen zatia amaitu ondoren, gorritxoak bederatzigarren daude sailkapenean 12 punturekin, Urdaneta talde bilbotarrarekin berdinduta. Zumaiarren aurretik armaginen filiala eta Zamora daude 13na punturekin eta Soria 14 punturekin. Datorren larunbatean zumaiarrek Arrateren pistan jokatuko dute arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
Iruzkin berriak