Joan den astean Zarautzen aurka galdu ostean (33-27), Alex Olidenen mutilek Nafarroako Beti-Onak taldearen aurka garaipen handia lortu zuten 34-29, hasiera-hasieratik nagusitasun sendoa erakutsiz.
Nafarrak jaitsierako postuetan egonik puntuen behar handiarekin iritsi ziren Zumaiara. Etxekoentzat aldez aurretik oso konplikatua zen partida, izan ere Alex Olidek baja asko zituen eta kanpotarrak jaitsiera postuetatik ihes egitea zuten helburu. Zumaiarren aldetik ezin izan zuten jokatu lehen taldeko Peñalbak eta Iriondo bi atezainek, lesionaturik zeuden Hernandez eta Ibon Sasiain bi piboteek eta Leibar hegaleko jaurtitzaileak. Pulpo 12 jokalarirekin aurkeztu zen, tartean lesionaturik zegoen Peñalba atezaina eta bigarren taldeko hiru gazte, Izaga, Ioritz Sasian eta Manterola atezaina. Guztiek jokatu zuten eta garaipenean ondo lagundu zuten.
Partida etxekoen domeinuarekin has izen eta berehala zabaldu zuten tartea markagailuan, eta atsedenera 21-14 aurretik iritsi ziren. Bigarren zatiaren hasieran nafarrek gogor hartu zituzten zumaiarrak eta abantaila hiru goletara murriztu zuten. Dena dela, Alex Olidenen mutilek ongi eutsi zioten abantailari eta partida amaieran 34-29 irabazi zuten etxekoek.
Garaipen honen ondoren zumaiarrak zazpigarren dira sailkapenean 24 punturekin, aurretik Arrate, Zarautz eta San Antonio daude 27na punturekin liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan. Hurrengo jardunaldian Pulpo Salamancara joango da sailkapeneko hirugarrenaren aurka jokatzeko, nahiz eta aste honetako porrotaren ondoren Salamancarrek ez duten aukerarik bigarren sailkatua harrapatzeko.
Pasa den jardunaldian Pulpo B emakumezko kadete taldeak Leizaranen aurka 33-25 lorturiko garaipena da emaitzarik aipagarriena. Jardunaldi honen ondoren Juan Manuel Chinchillak entrenatzen dituen neskek, zortzi jardunaldi galdu gabe egin ondoren, Federakuntzaren Garaikurra irabazi dute. Jokatutako partida guztiak irabazi dituzte, 214 gol sartu eta 140 besterik ez dituzte jaso. Zorionak!
Iruzkin berriak