Ez da lehenengo aldia gure talaia honetatik Errenderiako Landarbaso Abesbatzaren berri ematen dugunik. Gaur Austriako Spittal and der Drau hirian ospatu den abesbatzen arteko lehiaketaren berri ekarri nahi dizuegu.
Gure artean Spittal-eko frogak ez du Tolosakoa bezain sonarik izango, baina esan beharra dago aurtengo edizioan parte hartzeko mundu guztiko 200 abesbatzek eman zutela bere izena, horietatik hamarrek bakarrik hartu zuten parte aurreko asteburuan ospatu zen lehiaketan. Bi modalitate ezberdin jokatu zirelarik, folklore saila eta polifonia saila.
Ohituta gaude azken urteetan Landarbasok beti sariren bat Euskal Herrira ekartzearekin, honen adibide Txinan ospatu ziren Olinpiar Joko Koraletan lortutako dominak edota iaz Tolosako Lehiaketan polifonian lortutako hirugarren saria. Hau ordea lan handi baten emaitza da, orregatik pozgarriagoa da Austriatik ere beste sari bat ekarri dutela ikustea. Polifonia sailean bigarren saria jaso dute, epai-mahaiko kideen hitzetan azken urteetako maila altuena izan duen edizio honetan. Gainera esan beharra dago polifoniako sailak zailtasun gehiago aurkezten zituela, bakoitzak eramaten zuen programa libreaz gain epai-mahaiak jarritako behartutako egitarau bat egin behar zelarik.
Gure zorionik beroenak Landarbaso Abesbatzako kide guztientzat, eta nola ez bere zuzendari den Iñaki Tolaretxipirentzat. Aurrez esan dugun bezala guzti hau lanaren fruitua da eta honen irudi hemen duzuen argazkia, Bartzelonako aireportuan jasan zuten atzerapena aprobetxatuz bertan entsaiatzen.


0 Responses to “Landarbaso Spittal-en”