Egun gutxi geratzen dira Abuztuari arrera egiteko. Azken hogeitasei urteetan bezala abuztuak musikan murgiltzeko aukera emango digu, estilo guztiz ezberdinak entzuteko aukera izango dugularik.
Kartelean ikusi daitekeen moduan San Pedro Abesbatzak bere ohiko kontzertua abuztuaren batean izango du. Aurten ordea ez da bakarrik egongo Musika Jaialdiari hasiera ematen, Debako Aizturi Abesbatzarekin bat egin baitu kontzertu berezi bat eskaintzeko asmoarekin.
Kontzertuak bi zati guztiz ezberdinak izango ditu, lehenengo zatian eta korutik abestuta Wolfang Amadeus Mozart musikagile austriarraren “Koroatze Meza” KV 317 eskainiko dugu. Oro har obra alaia dela esan dezakegu, batzuetan operarako joerak erakusten ditu, bakarlarien zatietan batez ere. Besteetan idazkera polifonikoa menderatzen zuela erakusten digu Mozartek, batez ere “Credo”-an zehar.
Bigarren zatian berriz aldaretik abestuko dugu. Egingo dugun musika ere guztiz ezberdina izango da, erromantizismoa eta gaur egungo musika izango baitira nagusi. Honen adibide dugu “The Seal Lullaby” (Fokaren Seaska Abestia), Eric Withacre musikagile estatubatuarraren lan hau harmonia berezietan murgilduko gaituelarik. Aurtengo kontzertuak dakartzan berezitasunen artean izango dugu estrainaldia ezin dugu ahaztu. Gure koruko kide den Iker Gonzalez Cobeagak idatzitako “Ama Lur” lana, Bitoriano Gandiagaren lau olerkien gainean idatzia. Lau olerkiak ez dute berez inongo loturatik baina bakoitza urtaro bati idatzia dagoenez, obra honek naturak urtean zehar bizi dituen aldaketak deskribatzen dizkigu.
Ondoren bi maitasun abesti izango ditugu, gizonek eskainiko diguten “I never Knew” eta emakumeen abestuko duten “Loreak udan” kanta ezaguna David Azurza musikagilearen moldaketan. Ez da musikagile honen lan bakarra izango denok batera, zortzikoa eta arin arina uztartzen dituen “Areson Aleka” eskainiko baitugu.
Euskal folklorean murgilduta kontzertuari amaiera emateko Aita Donostiak moldatutako “Iru Txito” abesti ezaguna. Guzti hau entzuteko irrikiaz baldin bazaudete esan behar dugu Deban kontzertua eskainiko dugula larunbat honetan, bertako parrokian (20:00), egitarau bera izango delarik.
Dena aurrera ateratzeko koruez gaiz bakarlari ezberdinak izango ditugu: Ainhoa Franco, Izarra Aristi, Willy Berasaluce, Jose Maria Iparraguirre eta Eider Amilibia. Organoan eta pianoan Mari Carmen Azpeitia arituko da eta zuzendaritza bi abesbatzen zuzendarien gainean izango da: Fernando Urain eta Amaia Aldalur.
Gonbidatuta zaudete



0 Responses to “Abuztuaren atarian”