Azaroaren atarian gaudenean, Tolosa abesbatzen musikaren oihartzunak hartu du. 44 urte igaro dira bertan Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa ospatzen hasi zirenetik, urte guzti hauetan zehar mundu guztiko abesbatzek bere doinuak eta folklorea ekarri izan dute abesbatzen munduan geneukan ikuspegia zeharo zabalduz.
Azken urteetan ordea musika ez da Tolosara mugatu, bertara datozen taldeek hainbat kontzertu eskaintzen dituzte herri ezberdinetan. Aurten adibidez Indonesiako “MARANATHAN CHRISTIAN UNIVERSITY CHOIR” abesbatzarekin gozatzeko aukera izango dugu.
Tolosako Abesbatza Lehiaketaren kartela
Ekitaldi honen aurkezpena datorren larunbatean burutuko da “Topaketa” izenez ezagutzen den kontzertuaren barne. Azken urteetan egiten den moduan CIT-ek (Centro de Iniciativas de Tolosa) eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak hiru abesbatza ezberdin gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. Eta asmatuko zenuten moduan gu hiru talde horietako bat gara.
Benetan poza eta harridura sortu zigun gonbite hau jasotzeak, are gehiago azken urteetan parte duten abesbatzak ikusirik. Ez genekien zergatik izan ginen aukeratuak baina garbi geneukan urteko erronka nagusienetako bat izango zela, nolabait esateko Tolosa garai honetan plaza berezia bihurtzen baita. Lehenengo lana egitaraua aukeratzea zen. Hamabost minutuko lana egin behar genuen eta lantzen ditugun estilo ezberdinak eskaini nahi genituen. Kontzertua eliza batean izanik bi obra sakrorekin ekingo diogu gure ekitaldiari, polifonia alorrean kokatzen diren horietakoak. Lehengoa Joanes de Antxieta musikagile azpeitiarrari egotzitako “O bone Jesu” motetea. Errenazimenduaren hasierako polifoniaren adibide eder bat, estilo sakonekoa baina aldi berean lan argitsua. Mende bat beranduago bizi izan zen Gregor Aichinger musikagile alemaniarra, berea da “Regina Caeli” abestia alaia. Esan daiteke obra honekin garizumatik pazkora joaten garela, energiaz eta alaitasunez betetako obra bat baita.
Lehenengo bi obra hauek Errenazimenduan kokatzen diren bitartean gure emanaldiaren bigarrengo zatia osatzen dutenak gaur egungoak dira. Bitxikeri moduan esan dezakegu bi obra hauen egileak Topaketa bertan parte hartuko dutela. “Ama Lur” abestia gure koruko den Iker Gonzalez Cobeagak egina dela, joan zen abuztuan Debako Aitzuri abesbatzarekin eskainitako kontzertuetan estreinatua izen zen eta eskainiko dugun obrarik luzeena izango da. Obra honetan piano-jole giza Mari Carmen Azpeitia arituko da eta bertan antzinako sonoritate eta erritmoak gaur egungo harmoniekin uztartuko dira, Bitoriano Gandiaga olerkariaren lau lan guzti honen ardatz izango direlarik.
Bitoriano Gandiaga
Kontzertuak obra alai eta indartsuekin amaitu ohi izan dira. Horretarako aukeratu dugu David Azurza musikagile tolosarraren “Areson Aleka” abestia. Esan behar dugu David Azurza Topaketan parte hartuko duen beste talde baten zuzendaria dela, Hodei Truk taldearen hain zuzen. Iparraldeko koru batentzat idatzia izan zen eta Emeterio Arreseren hitzak ditu. Gure ekitaldian zehar, nola ez, Amaia Aldalur izango dugu zuzendari. Ekitaldia Tolosako “San Frantzisko” elizan egingo da 20:00etan. Lehenengo taldea izango gara parte hartzen, ondoren etorriko dira Tolosako Hodei Truk eta Irungo “Coro Ametsa” Fernando Etxepareren zuzendaritzapean.
San Frantsizko Eliza
Kontzertuari amaiera emateko Gorka Ayerberen zuzendaritzapean hiru taldeek bi obra eskainiko ditugu: Francisco Escuderoren “Izar ederra” bere jaiotzaren mendeurrenean eta Javier Busto musikagile hondarribitarraren “Puer natus est”.
Ekitaldi honetara gonbidatu nahi zaituztegu.



0 Responses to “San Pedro Abesbatza Tolosako Topaketan”