Joan zen martxoaren 19an Arrasaten izan ginen kantari. Kontzertu hartan eskainitako hiru obra entzuteko aukera izango duzue, Goikobaluko kide batek egindako grabaketari esker. Ikusiko duzuenez oso obra ezberdinak abestu genituen.
O Bone Jesu
Motete honen egilea Joanes de Antxieta izan zela aipatu dugu beti, nahiz eta bere egiletza ez dagoen ziurtatuta. Obra sakroa da eta idatzi zen garaiko gai garrantzitsu bat lantzen du, heriotza onaren gaia. Erdi-aroaren amaieran eta Errenazimenduaren hasieran kokatu dezakegu obra hau, horregatik garai hartako estilo sinbolikoaren hainbat adibide aurkitzen ditugu bertan. Hasieran, ahotsak doinu bera kantatzen sartzen dira, imitazio-estilo batean. Horrelakoetan egileak hunkipena sortu nahi du: O bone Jesu illumina oculos meos (O Jesus ona, argi itzazu nire begiak). Honen ondoren bicinias deituriko formula bat aurkitzen dugu, lehenbizi sopranoak eta kontraltoak bakarrik abesten dute eta gero gizonek erantzuten diete. Formula hau zerbait irakatsi behar denean erabiltzen da, kasu honetan testuak hau esaten digu: heriotzak ez dezan garaipena lortu, etsaiak ez dezan adierazi: Irabazi egin diot. Esaldiaren amaieran, ordea, ahots guztiak agertzen dira, indarra emateko.
Estilo polifonikoa esaldi gehienetan ikusi daiteke, ahots ezberdinek egiten dituzte mugimenduekin eta sarrera ezberdinekin. Une batean, ordea, guztiz homofonikoa bihurtzen da idazkera: O Messias, gainera silaba bakoitza nota luze batean dago. Guzti honekin esaten dena indartu nahi da. Une honetatik aurrera berriro mugimendua dator, batez ere azken hitzetan nabarmenduko dena: hitz egin ezazu nire hizkuntzan, erakutsi iezadazu nire amaiera (helburu bezala ere hartu daiteke).
Heriotzaren inguruan hitz egiten duen arren oso estilo garbia erabiltzen du, argitsua esan daiteke. Garai hartako pertsonen helburu handiena baitzen bere barruarekin heriotza lasai eta baketsu bat izatea.
[audio:http://baleike.com/spabesbatza/files/2011/04/o-bone-jesu-arrasate-2011.mp3|titles=O bone Jesu|artists=Joanes Antxieta]
Ich liebe dich
Eta polifonia sakrotik Beethovenen lied batera pasako gara. Lieder-ak Alemania eta bere inguruko herrialdeetan abesten den kantu mota bat da. Berez bakarlari eta pianoarentzat idatziak egoten dira, Beethovenek horrela idatzi zuen entzungo duzuen “Ich liebe dich” (Maite zaitut), guk gizonezko hiru ahotsetara idatzitako moldaketa batean eskaini genuen arren.
Abesti hauetan hitzak garrantzi handia izaten dute eta gehienetan olerkari baten lanean oinarrituta egoten da. Egitura aldetik A-B-A’ + Coda dela esan daiteke. Zer esan nahi du honek? Pianoaren sarreraren ondoren, doinu bat agertzen da (A doinua) eta zati honek olerkiaren lehenengo 5 lerroak barne hartuko ditu. Ez da opera-doinu bat eta hobeto aztertzen badugu, hiru zatitan banatu dezakegu (1,2,3 formula erabiltzen du). Lehengo lerroan Ich liebe dich, so wie du mich zati honen motiboa agertzen da (1, adi). Bigarren lerroan Am Abend und am Morgen, gai bera agertzen zaigu baina ahotsetara banatuta egoteaz gain ez da berdina (2, prest). Bi aldiz aurkeztu ondoren hirugarren esaldian Noch war kein Tag, wo du und ich zabaldu egiten da (3, ja!), azken esaldian dena lasaitasunean biltzen den arte: Nicht teilten unsre Sorge.
Pianoak berriro bigarren gaiaren doinua aurreratzen digu (B zatia). Barne egitura bera dauka, kasu honetan gehien zabaltzen den zatian moldatzaileak “gauza berriak” ekartzen dizkigun arren, lehenengo eta bigarren ahotsak “bakarlarien” elkarrizketa bat egiten dute. Honen ondoren berriro A zatia agertuko da, inolako loturarik gabe. Dena bildu behar zenean ordea aldaketa bat dago (horregatik A’ izena ematen zaio): Gott schütze dich, erhalt dich mir, Schütz und erhalt uns beide. Esaldi honen gainean ere egingo da lied-aren coda (amaiera). Lehenengo esaldian “Jainkoak babesten zaitu, nigan gordetzen zaitu” tentsio handiena sortzen da, doinua abestiko nota agudoetara ailegatzen delarik. Bigarren esaldia jarraian hiru aldiz errepikatuko da kasu honetan pianoak goitik beste doinu bat joko duelarik. Azken errepikapenean berriro ere jolaz bera egiten du, doinua “ireki” egiten azkenengo notetan berriro biltzeko (erregistro grabeago batean). Pianoak ematen dio amaiera aurretik esandakoa baieztatzen bezala.
[audio:http://baleike.com/spabesbatza/files/2011/04/ich-liebe-dich-arrasate-2011.mp3|titles=Ich liebe dich|artists=Ludwig van Beethoven]
Usaiak
Maitasun abesti batetik, beste maitasun abesti batera joango gara. Mikel Urdangarinek bere lehen diskoan argitaratutako abesti bat da. Aurreko kasuan bezala hitzek garrantzi handia dute eta gehienetan doinua hauen menpe jartzen da. Egitura aldetik nahiko sinpleak izaten dira kantautoreen abestiak, kasu honetan bezala estrofak eta errepikatzen den estribillo batek osatzen dutelarik. Horrela ikasteko errazak egiten dira, ekitaldietan entzulegoak ere parte-hartzeko aukera izaten duelarik.
Eskaini genuen moldaketa honetan estrofak ahots bakarlariarentzat idatzita dago, koruak zenbait estrofetan “koltxoi harmoniko” bat egiten duelarik. Estribilloan ordean koruak hartzen du doinua. Urdangarinen grabaketan gitarra soil bat eta biolontxelo bat agertzen baldin badira, kasu honetan pianoa eta gitarra izan genituen oinarri erritmiko giza eta eskuko soinu bat zen bat uneetan bakarlariekin elkarrizketa bat sortzeko.
[audio:http://baleike.com/spabesbatza/files/2011/04/usaiak-arrasate-2011.mp3|titles=Usaiak|artists=Mikel Urdangarin]














Add to Google
Iruzkin berriak