Egun hauetan kaleratu da Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak argitaratzen duen “Kantuz” aldizkariko 100. zenbakia. Zenbaki borobila eta urteetan egindako lanaren adibide. Oraingoan gainera gure koruarekin zein Zumaiarekin lotutako berri ezberdinak agertzen dira.
Aldizkariaren portada ikustea besterik ez dago argazkia garai bateko Mojaxarren Komentuan aterata dagoela. Iazko abenduan Zumaian ospatu zen elkarteak antolatzen duen “Kantaldi Irekia”. Aste buru luze batez Ubillos Jauregiko gelak korurako musikaz bete ziren, bazter ezberdinetatik etorritako hainbat abeslariei esker. Gure korukide den Iker Gonzalezek honen inguruan idatzitako kronika irakurri ahal izango duzue bertan. Baina ez da hau aipamen bakarra izango, beste kronika batean Tolosan ospatutako Topaketaren berri ematen da. Eta guzti hau gutxi ez balitz “Ama Lur” obraren estreinaldiaren aipamen bat ere aurki dezakegu, azken hilabeteetan egin diren beste estreinaldien artean.
Hemen deskargatu dezakezue aurkeztutako zatiak biltzen duen artxibo bat. Aldizkari osoa nahi duenarentzat berriz lotura honetan aurkituko du. Bitxikeri moduan esan Tolosako Topaketaren berriemailea Gorka Aierdi dela, Eskifaiaren zuzendaria. Datorren Maiatzaren 25ean Zumaian izango dugu Hondarribiko korua, gurekin bat kontzertu bat eskaintzeko. Hemen duzue entsaio batean ateratako argazki bat. Aurki izango duzue kontzertu berezi honen berri.
Datozen egunetan Zumaia kolore urdinez jantziko da eta kresal kutsua hartuko du: San Telmoak datoz. Gure herriko kaleak musikaz beteko dira eta doinu guztien artean bat izango da bereziena: San Telmo Martxa. Baina, nork idatzi zuen? Nondik sortu zen gure barrenak mugitu arazten dituen doinu hau? Txikitatik nire buruari egin diodan galdera izan da eta zoritxarrez oraindik ez diot erantzunik aurkitu. Bandako partaide ohiei galdetuta erantzuten dute “Marcha a la Virgen de Lidón” zela jatorriz guk San Telmo Martxa bezala ezagutzen duguna. Bandako artxiboan ordea ez dago partitura originalik eta ez dago bere egilearen arrastorik.
Izena ikusita bi aukera daude, alde batetik Lidón egilearen abizena izatea edota “Virgen de Lidón” nonbaiteko Ama Birjina izatea. Lehenengo aukera arraroagoa dirudien arren badago musikagile bat José Lidón izenarekin baina bizi zen garaia ikusita (1748-1827) eta entzun ditudan obrak kontutan harturik, ez dirudi bera izan daitekeenik San Telmo Martxaren egilea. Bigarren aztarna “jarraitzen” ari nintzela, interneteko tresnei esker, jakin nuen “Verge de Lledó” edota “Virgen de Lidón” gaztelaniaz Castellóngo Ama Birjina zela. Ikusita mediterraneo alde horretan musika bandek duten indarra ez zen arraroa izango doinua bertatik etortzea. Aurkitu nuen obra bat izen berekoa, bere egilea Vicente Portolés zen eta bere estiloa ikusita (XX. Mendekoa, batez ere pasodobleen eta festarako musikaren egilea…) aukera interesgarria izan zitekeen. Zoritxarrez obra honen partitura jaso nuenean ez zen bilatzen ari nintzena. Guzti hau kontutan hartuta ikerketa hau geldirik dago, baina espero dut egunen batean jarraitu eta emaitzen bat lortu ahal izatea.
Musika bera aztertuz gero bitxia da nolako indarra hartu duen ikustea, ez baita, hasieran behintzat, festarako idatzitako obra bat. Prozesio batean jotzeko idatzitako martxa bat da, erritmo lasai eta seriokoa. Sarrera ikustea besterik ez dago, bonboaren erredoblearen gainean idatzitako unisono batekin hasten da, gero musika “zabaltzen delarik”. Honen ondoren dator “lehenengo gaia” bezala hartu dezakeguna, estilo seriokoa eta lasaia, ez dugu ahaztu behar prozesio bat laguntzeko idatzi zela. Doinua berriro errepikatzen da amaierako aldaketa txiki batekin eta honen ondoren sartzen da hurrengo zatia, martxen munduan “fuerte de bajos” bezala ezagutzen dena. Ohikoena doinua musika tresna agudoetan egotea da (klarinete, saxo alto, tronpeta, flauta), grabeen lana (tuba, tronboiak) ordea musikaren oinarria sortzea izaten da normalean. Zati honetan doinua musika tresna grabeenek jotzen dute (tuba, bonbardinoa eta tronboiak hain zuzen) besteek, akonpainamendu giza, nota bera errepikatzen duten bitartean. Zati indartsuagoa da azken hau baina baita tristeagoa ere modu minorrean idatzita baitago.
“Lehenengo gaia” errepikatu ondoren lotura bat entzuten dugu. Berez hau izan daiteke obraren amaiera, obra behin da berriz errepikatzen dela kontutan izanik. Honen ondoren “trio” deritzan zatia aurkitzen dugu. Zati hau aurrekoarekin konparatzen baldin badugu alaiagoa da, “kolore” aldaketa dago (tonalitatea aldatzen da hitz musikaletan esanda) eta konpas bera jarraitzen duen arren badirudi musika gehiago mugitzen dela. Horrelako zatiak beti erabili dira zerbait berria sartzeko, honen lekuko Chopin-en hileta martxa, lehenengo zati ilunaren aurrean oso musika goxoa ekartzen digu trioak.
Eskema hau prozesio martxetan guztiz ohikoa da eta bere sortzailea Manuel Lopez Farfán izan zela esan daiteke. Hau kontutan hartuta esan daiteke San Telmo Martxa 1925a baina beranduago idatzi zela, orduan sortu bai zuen Farfánek eskema hau “La Estrella Sublime” prozesio martxarako.
Esan dudan moduan bitxia da horrelako musika bat jaietako doinurik kuttunena bihurtzea baina musikak indar berezi hau du. Hemen duzue San Telmo Martxaren transkripzioa, pianorako moldatu dut eta horren gainean doinua bakarrik jarri dut musika tresna melodikoekin (flauta, klarinete, biolin…) jo ahal izateko. Bi iturri izan ditut lan hau egiterako orduan, alde batetik Mari Carmen Azpeitiak harmonium-erako egindako moldaketa eta bestetik Zumaiako Musika Bandak erabiltzen duen partitura. Mila esker guztiei eta baita Mikel Emezabali lan hau aurrera ateratzeko eman didan aholkularitzatik.
Kantuz kantu, egunez egun 2012 bere hondarretan dugu. Hau ere musikaz betetako urtea izan da, honetan behintzat ez dugu krisiaren olatuen eragina izan. Urtero bezala begirada txiki bat bota nahi diogu egindakoari, ez iraganean geratzeko asmoz, egindakoa etorkizunean egingo dugunaren oinarri izatea nahi dugulako baizik.
Oraindik gure buru eta belarrietan gabon abestien eta Queen-en “Bohemian Rapshody”-ren oihartzunak entzuten zirenean gure hurrengo erronkari ekin genion. Beti gustatu zaigu, urtean zehar, kontzertu ezberdinak eskaintzea. Horregatik Erramu Egunaren bezperan Aste Santua oinarri hartuko zuen kontzertu sakro bat prestatu genuen. Zenbait abesti berreskuratu eta beste zenbait ikasi. Aipatutako berrikuntzen adibide bitxi bat ere azaldu dezakegu, 2010eko abuztuko kontzerturako gizonak Beethoven-en “Ich liebe dich” lieder-a ikasten ari zirela hainbat aldiz entzun behar izan zuten: “Baina gizonak bakarrik abestu behar al dute?”. Kontzertu sakroan bost abesti eskaini zizkiguten, urte hauetan egindako lanaren adibide garbi bat.
Kontzertu hura prestatzen ari ginela Gipuzkoako Abesbatzen Federaziotik mezu bat jaso genuen, modu batean urteko aurreikuspenak hankaz gora jarri zituena. Tolosako Abesbatzen Lehiaketaren barne ospatzen den Topaketak izeneko ekitaldian parte hartzera gonbidatzen ziguten. Nola ez, ezinezkoa zen ezezkorik ematea, erronka ederra zelako guretzat, geure lana aurkezteko toki paregabea benetan. Hitzordua urrian izango zen baina garbi geneukan kontutan hartu behar genuela urteko plangintzan.
Ez zen ordea erronka bakarra, abuzturako kontzertu berezi bat prestatu nahi genuen. Ez ginen ordea taula gainean bakarrik egongo Debako Aitzuri Abesbatza izango genuen lagun. Bi abesbatza, bi zuzendari eta bi egitarau guztiz ezberdinak. Lehenengo zatian Mozarten Koroatze Meza eta bigarrenean batez ere gaur egungo musikarien lanak: Eric Whitacre, David Azurza… Eskainitako obren artean esangura berezia izan zuen gure koruko kide den Iker Gonzalezen “Ama Lur” lanaren estreinaldia. Hamaika izerdi bota behar izan genuen ikasteko baina benetan gustura egindako lana izan zela esan dezakegu. Entzuleriarentzat kontzertuaren unea besterik geratzen da, baina guretzat balio handia du egindako lana, Deban edota gure musika eskolan egindako entseguak, baita hain ezberdinak diren bi zuzendari gure aurrean izateak, Fefe bere energia amaiezinez betetako zuzendaritza indartsuarekin eta Amaia sentimenduz betetako zuzendaritza goxoarekin.
Ondo merezitako oporren ondoren Tolosako erronkari ekin genion. Hodeit Truk eta Amestza abesbatzekin batera egin behar genituen kantuak ikasteaz gain gure egitaraua prestatu behar genuen. Ez da erraza hamabost minututan zure lana islatzea, horregatik gutxienez koruak eskaini ditzakeen estilo ezberdinak agertu nahi izan genituen. Alde batetik errenazimenduko bi abesti sakro, biak ordea guztiz ezberdinak, bata serioa eta bestea alaia, Ostiral Santu eta Pazko Igandea bata bestearen ondoan. Hauek tradizioa erakutsi bazuten beste biak gaur egungo musika laga zuten agerian, aurten guk egindako bi estreinaldi izan baitziren: Tolosako David Azurza musikagilearen “Areson aleka” eta aurrez aipatutako “Ama Lur”. Gertatu ohi den bezala, egindako lana agerian geratzen da eta horrela gertatu zen Tolosan. Hainbat zorion jaso genituen bertan biluta zeuden musikagile, abeslari eta zuzendarien eskutik. Kontutan hartuta ekitaldi hau gure herrialdean egiten den lanaren erakustokia dela, benetan pozik egoteko modukoa.
Aurrez esan dugun bezala, estilo ezberdinak landu nahi ditugu. Honen adibide Mari Kalean edota Alondegian Xexiliren omenez egindako kontzertu xumeak. Musika tresnak lagun normalean abesbatzen egitarauetatik kanpo geratzen diren musikagileen lanak eskainiz: Eric Clapton, Sorotan Bele, Kubako musika, Xabier Lete edota Imanol…
Eta urteari amaiera emateko, azken urtean ohitura bihurtu den Gabon Kontzertua. Aurten Usurbilen eskaini genuen bertako Zumarte Musika Eskolako talde ezberdinekin batera. Oroitzapen ederrak ekartzen dizkiguten “Aritz Adarrean” eta “Olentzero” abestiez gain beste lan ezberdinak egin genituen. Iaz Usurbilgo jendea gurekin eta Zumaiako Bandarekin bat egin zuten bezala, aurten gu izan gara bertara joan garenak.
Amaitzeko gure eskerrik beroenak azken 366 egunetan gurekin bat egon zareten guztioi. Hemen duzue 2012ko irudian biltzen dituen bideo txiki bat.
Gabonak datoz,usadioz betetako egunak,azken urteetan ia usadio bihurtu da guretzat Gabon Kontzertu bat eskaintzea.Aurten Usurbilen eskainiko dugu bertako Zumarte Musika Eskolako beste hiru koruekin batera. Bitxikeria moduan esan daiteke 2009an Errenteriako Gabon Abestien Lehiaketan parte hartu genuenean, Zumarte Gazte koruak ere hartu zuela,beraiek talde herrikoien artean. Ez bakarrik parte hartu, beraiek ere beraien mailan irabazi baitzuten.
Kontzertua igandean izango da Usurbilgo San Salvador Parrokian, 12etako meza amaitu ondoren. Aurreko mezan ere parte hartuko dugu, Zumarte Gazte koruarekin batera Ola Gjeilo-ren “Ubi Caritas” eta Mozarten “Ave Verum Corpus” kantatuz. Oraina eta lehena batera, Mozartek ez baitu aurkezpenik behar eta Ola Gjeilo sona handia lortzen ari den musikagile gazte bat baita.
Gabon giroan egindako kontzertua izan arren lehenengo zatian eskainiko ditugun abestiak ez dira gabonetakoak izango. Kontzertuari hasiera Zumarte Gaztek emango dio,Morten Lauridsen musikagile amerikarraren “Dirit don” abestiarekin eta Josu Elberdinen “Exultate Justi” motetearekin. Honen ondoren gure txanda iritxiko da gure koruko kide den Iker Gonzalezen “Ama Lur” obrarekin.
Orduan izango dugu abeslari txikienak entzuteko aukera, Kantu-Kantari taldeak gabonetako musikan murgilduko baitugu”Elur zuria” kanonarekin. Zumarte Talde Bokalak berriz Xabier Sarasolaren “Gau ilunak ez badu”eskainiko digute, baita, Kantu-Kantarikoekin batera, David Azurzaren “Trakatan, trakatan” abestiaren moldaketa. Zumarte Gaztekoek berriz Javier Bustoren “Oi Eguberri Gaua”eta A. Adams-en “O Gau Santu” abestuko dituzte. Gure ahotsen entzungai izango duzue Julen Ezkurraren “Aritz adarrean – Kattalin” eta Javier Bustoren moldaketan “Olentzero”.
Kontzertuari amaiera emateko Zumarte Gaztek eta San Pedro Abesbatzak beraien ahotsak batuko dituzte Josu Elberdinen “Izar ederrak”eta Irvin Berlin-en “White Christmas” eskaintzeko. Hainbat abestietan pianoa lagun izango dugu eta lan horretan Mari Carmen Azpeitia arituko da, baita ere mezetan organoarekin Cavaille-Coll organo famatuan. Zenbait piezetan gainera Zumarte Musika Eskolako kideak ere izango ditugu beraien musika tresnekin laguntzen. Eta nola ez, talde guztien zuzendaria izanik, kontzertuaren zuzendaritza Amaia Aldalur Goikoetxearen esku izango dugu.
Gabonei harrera polita egiteko aukera izango duzue Usurbilen datorren igandean. Gonbidatuta zaudete….
Azaroaren atarian gaudenean, Tolosa abesbatzen musikaren oihartzunak hartu du. 44 urte igaro dira bertan Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa ospatzen hasi zirenetik, urte guzti hauetan zehar mundu guztiko abesbatzek bere doinuak eta folklorea ekarri izan dute abesbatzen munduan geneukan ikuspegia zeharo zabalduz.
Azken urteetan ordea musika ez da Tolosara mugatu, bertara datozen taldeek hainbat kontzertu eskaintzen dituzte herri ezberdinetan. Aurten adibidez Indonesiako “MARANATHAN CHRISTIAN UNIVERSITY CHOIR” abesbatzarekin gozatzeko aukera izango dugu.
Tolosako Abesbatza Lehiaketaren kartela
Ekitaldi honen aurkezpena datorren larunbatean burutuko da “Topaketa” izenez ezagutzen den kontzertuaren barne. Azken urteetan egiten den moduan CIT-ek (Centro de Iniciativas de Tolosa) eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak hiru abesbatza ezberdin gonbidatu dituzte bertan parte hartzera. Eta asmatuko zenuten moduan gu hiru talde horietako bat gara.
Benetan poza eta harridura sortu zigun gonbite hau jasotzeak, are gehiago azken urteetan parte duten abesbatzak ikusirik. Ez genekien zergatik izan ginen aukeratuak baina garbi geneukan urteko erronka nagusienetako bat izango zela, nolabait esateko Tolosa garai honetan plaza berezia bihurtzen baita. Lehenengo lana egitaraua aukeratzea zen. Hamabost minutuko lana egin behar genuen eta lantzen ditugun estilo ezberdinak eskaini nahi genituen. Kontzertua eliza batean izanik bi obra sakrorekin ekingo diogu gure ekitaldiari, polifonia alorrean kokatzen diren horietakoak. Lehengoa Joanes de Antxieta musikagile azpeitiarrari egotzitako “O bone Jesu” motetea. Errenazimenduaren hasierako polifoniaren adibide eder bat, estilo sakonekoa baina aldi berean lan argitsua. Mende bat beranduago bizi izan zen Gregor Aichinger musikagile alemaniarra, berea da “Regina Caeli” abestia alaia. Esan daiteke obra honekin garizumatik pazkora joaten garela, energiaz eta alaitasunez betetako obra bat baita.
Lehenengo bi obra hauek Errenazimenduan kokatzen diren bitartean gure emanaldiaren bigarrengo zatia osatzen dutenak gaur egungoak dira. Bitxikeri moduan esan dezakegu bi obra hauen egileak Topaketa bertan parte hartuko dutela. “Ama Lur” abestia gure koruko den Iker Gonzalez Cobeagak egina dela, joan zen abuztuan Debako Aitzuri abesbatzarekin eskainitako kontzertuetan estreinatua izen zen eta eskainiko dugun obrarik luzeena izango da. Obra honetan piano-jole giza Mari Carmen Azpeitia arituko da eta bertan antzinako sonoritate eta erritmoak gaur egungo harmoniekin uztartuko dira, Bitoriano Gandiaga olerkariaren lau lan guzti honen ardatz izango direlarik.
Bitoriano Gandiaga
Kontzertuak obra alai eta indartsuekin amaitu ohi izan dira. Horretarako aukeratu dugu David Azurza musikagile tolosarraren “Areson Aleka” abestia. Esan behar dugu David Azurza Topaketan parte hartuko duen beste talde baten zuzendaria dela, Hodei Truk taldearen hain zuzen. Iparraldeko koru batentzat idatzia izan zen eta Emeterio Arreseren hitzak ditu. Gure ekitaldian zehar, nola ez, Amaia Aldalur izango dugu zuzendari. Ekitaldia Tolosako “San Frantzisko” elizan egingo da 20:00etan. Lehenengo taldea izango gara parte hartzen, ondoren etorriko dira Tolosako Hodei Truk eta Irungo “Coro Ametsa” Fernando Etxepareren zuzendaritzapean.
San Frantsizko Eliza
Kontzertuari amaiera emateko Gorka Ayerberen zuzendaritzapean hiru taldeek bi obra eskainiko ditugu: Francisco Escuderoren “Izar ederra” bere jaiotzaren mendeurrenean eta Javier Busto musikagile hondarribitarraren “Puer natus est”.
Igaro dira abuztuko oporrak eta azken kontzertuetako oihartzunak oraindik belarrietan ditugularik kurtso berriari ekin behar diogu. Usadioari jarraituz lehenengo ekitaldia Arritokietako Salbea abestea izango da. Eguneko abestirik esanguratzuena Antonio Trueba zumaiarrak idatzitako “Salve Regina” dugun arren, gure herriarekin lotura duten beste musikagileen lanak bildu nahi izan ditugu ekitaldi honetan. Hor izango dugu Jose Maria Beobideren musika eta Txomin Agirreren hitzak dituen “Zu zera gure Ama” ereserkia, Luis Urteagak idatzitako “Assumpta est Maria” eta “Tota Pulchra” moteteak eta korukide dugun Iker Gonzalezek herria eta koruarentzat idatzitako Santua.
Datorren astetik aurrera berriz Tolosako Tokaketa izango dugu helburu nagusia. Tolosako Abesbatzen Lehiaketaren aurretik egiten den ekitaldi hau nolabait lehiaketa esanguratsuaren “preludio” bat dela esan genezake. CIT (Centro de Iniciativas de Tolosa) eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatuta hiru abesbatza biltzen ditu urtero. Azken urteetan Hodeiertz, Loinatz edota Kup Taldea bezalako abesbatzak parte hartu dutelarik. Talde bakoitzak hamabost minutu eskainiko ditu eta ekitaldiaren amaieran denok batera bi obra eskainiko ditugu: Francisco Escuderoren “Izar ederra” eta Javier Bustoren “Puer natus est”. Aurten Irungo Ametsa Abesbatza eta Tolosako Hodeitruk izango ditugu emanaldi-kide eta guk eskainiko ditugun obrak hauek izango dira: Joanes de Antxietaren “O Bone Jesu”, Gregor Aichinger-en “Regina Caeli”, Iker Gonzalezen “Ama lur” eta David Azurzaren “Areson Aleka”. Ekitaldi honen berri zabalagoa emango dizuegu urriaren 20a hurbiltzen denean.
Hemen duzue ostiralean abestuko dugun “Tota Pulchra” motetearen grabaketa bat.
Aurten Musika Jaialdian zinea eta musikaren arteko loturak ikusi eta entzuteko bi aukera ditugu. Atzo Buster Keatonen hiru laburmetraiekin gozatzeko aukera izan genuen, musika gainera, garai hartan egiten zen moduan, zuzenean eskaini ziguten The Silent Band taldekoek. Urte batzuk badira horrelako ekitaldiak antolatzen direla jaialdiaren barne eta gehienetan Javier Pérez de Azpeitia izan dugu musikaren arduradun, batzuetan bera bakarrik pianoaren aurrean eta besteetan orkestra baten laguntzarekin.
Datorren astelehenean berriz zinearen eta soinuaren arteko uztarketan murgiltzeko aukera izango dugu. Gai honetaz arituko baita solasean gure koruko kide den Iker Gonzalez Cobeaga prestatu duen hitzaldi musikalean.
Buster Keatonen garaiko film haiek “mutuak” zirela esan ohi da baina hasieratik izan zuten musika lagun. Ez hori bakarrik, zine askotan zarata ezberdinak egiteko behar ziren tramankuluak prestatzen ziren. Bestalde, soinuaren etorrerarekin honen inguruan zeuden aukerak nabarmen zabaldu ziren.
Iaz zientzia eta musikaren inguruan egindako hitzaldian bezala aurtengoan ere hainbat adibide izango ditugu: musika, pelikuletako zatiak, baita zuzeneko adibideak ere. Ez da musikagileei edota adituei zuzendutako hitzaldi konplexua, mundu zabal honetan murgiltzeko ate txiki bat besterik ez da.
Hitzordua, datorren astelehenean arratsaldeko 8etan Aita Mari Zineak. Denok zaudete gonbidatuta.
Egun gutxi geratzen dira Abuztuari arrera egiteko. Azken hogeitasei urteetan bezala abuztuak musikan murgiltzeko aukera emango digu, estilo guztiz ezberdinak entzuteko aukera izango dugularik.
Kartelean ikusi daitekeen moduan San Pedro Abesbatzak bere ohiko kontzertua abuztuaren batean izango du. Aurten ordea ez da bakarrik egongo Musika Jaialdiari hasiera ematen, Debako Aizturi Abesbatzarekin bat egin baitu kontzertu berezi bat eskaintzeko asmoarekin.
Kontzertuak bi zati guztiz ezberdinak izango ditu, lehenengo zatian eta korutik abestuta Wolfang Amadeus Mozart musikagile austriarraren “Koroatze Meza” KV 317 eskainiko dugu. Oro har obra alaia dela esan dezakegu, batzuetan operarako joerak erakusten ditu, bakarlarien zatietan batez ere. Besteetan idazkera polifonikoa menderatzen zuela erakusten digu Mozartek, batez ere “Credo”-an zehar.
Bigarren zatian berriz aldaretik abestuko dugu. Egingo dugun musika ere guztiz ezberdina izango da, erromantizismoa eta gaur egungo musika izango baitira nagusi. Honen adibide dugu “The Seal Lullaby” (Fokaren Seaska Abestia), Eric Withacre musikagile estatubatuarraren lan hau harmonia berezietan murgilduko gaituelarik. Aurtengo kontzertuak dakartzan berezitasunen artean izango dugu estrainaldia ezin dugu ahaztu. Gure koruko kide den Iker Gonzalez Cobeagak idatzitako “Ama Lur” lana, Bitoriano Gandiagaren lau olerkien gainean idatzia. Lau olerkiak ez dute berez inongo loturatik baina bakoitza urtaro bati idatzia dagoenez, obra honek naturak urtean zehar bizi dituen aldaketak deskribatzen dizkigu.
Ondoren bi maitasun abesti izango ditugu, gizonek eskainiko diguten “I never Knew” eta emakumeen abestuko duten “Loreak udan” kanta ezaguna David Azurza musikagilearen moldaketan. Ez da musikagile honen lan bakarra izango denok batera, zortzikoa eta arin arina uztartzen dituen “Areson Aleka” eskainiko baitugu.
Euskal folklorean murgilduta kontzertuari amaiera emateko Aita Donostiak moldatutako “Iru Txito” abesti ezaguna. Guzti hau entzuteko irrikiaz baldin bazaudete esan behar dugu Deban kontzertua eskainiko dugula larunbat honetan, bertako parrokian (20:00), egitarau bera izango delarik.
Dena aurrera ateratzeko koruez gaiz bakarlari ezberdinak izango ditugu: Ainhoa Franco, Izarra Aristi, Willy Berasaluce, Jose Maria Iparraguirre eta Eider Amilibia. Organoan eta pianoan Mari Carmen Azpeitia arituko da eta zuzendaritza bi abesbatzen zuzendarien gainean izango da: Fernando Urain eta Amaia Aldalur.
Ez da lehenengo aldia gure talaia honetatik Errenderiako Landarbaso Abesbatzaren berri ematen dugunik. Gaur Austriako Spittal and der Drau hirian ospatu den abesbatzen arteko lehiaketaren berri ekarri nahi dizuegu.
Gure artean Spittal-eko frogak ez du Tolosakoa bezain sonarik izango, baina esan beharra dago aurtengo edizioan parte hartzeko mundu guztiko 200 abesbatzek eman zutela bere izena, horietatik hamarrek bakarrik hartu zuten parte aurreko asteburuan ospatu zen lehiaketan. Bi modalitate ezberdin jokatu zirelarik, folklore saila eta polifonia saila.
Ohituta gaude azken urteetan Landarbasok beti sariren bat Euskal Herrira ekartzearekin, honen adibide Txinan ospatu ziren Olinpiar Joko Koraletan lortutako dominak edota iaz Tolosako Lehiaketan polifonian lortutako hirugarren saria. Hau ordea lan handi baten emaitza da, orregatik pozgarriagoa da Austriatik ere beste sari bat ekarri dutela ikustea. Polifonia sailean bigarren saria jaso dute, epai-mahaiko kideen hitzetan azken urteetako maila altuena izan duen edizio honetan. Gainera esan beharra dago polifoniako sailak zailtasun gehiago aurkezten zituela, bakoitzak eramaten zuen programa libreaz gain epai-mahaiak jarritako behartutako egitarau bat egin behar zelarik.
Gure zorionik beroenak Landarbaso Abesbatzako kide guztientzat, eta nola ez bere zuzendari den Iñaki Tolaretxipirentzat. Aurrez esan dugun bezala guzti hau lanaren fruitua da eta honen irudi hemen duzuen argazkia, Bartzelonako aireportuan jasan zuten atzerapena aprobetxatuz bertan entsaiatzen.
San Juanetako sugarrak guztiz itzali ez direnean San Pedroak datoz. Aurten bi ekitaldi izango ditugu jaien barne, San Pedro eguneko meza alde batetik eta Beheko Plaza abesbatzako lagunenekin eskainiko dugun Mari Kaleko gau kontzertzua. Ez dira hauek, ordea, udaran eskainiko ditugun emanaldi bakarrak. Erronka polita dugu uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran. Debako Aitzuri abesbatzako kideekin indarrak batuko ditugu bi kontzertu eskaintzeko bata Deban uztailaren 28an eta bestea Zumaia abuztuaren 1ean Musika Jialdiari hasiera emanez. Egitarau berezia izango da lehenengo zatian Mozarten “Koroatze Meza” eskainiko baitugu eta bigarren zatian egile ezberdinen lanak izango ditugu, batez ere gaur egun musikarekin, hoien artean estreinu berezii bat izango dugularik.
Guzti hau prestatzen badaramagu zenbait aste, horren lekuko hemen jartzen dugun irudia, Deban egindako entseguan, bi koruak batera abesten jartzen ziren lehen aldikoa.
Honen berri zabalagoa emango dizuegu kontzertuen egunak hurbiltzen direnean. Aste hontan ditugun ekitaldien inguruan esan argitaratu diren kartel eta programeta bi akats daudela. San Pedro eguneko meza 10:30etan iragarrita dagoen arren 11:30etan izango da, azken urteetan hartu den ordutegia jarraituz. Egun honetan egile ezberdinen lanak eskainiko ditugu (Aranburu, Perosi, Schubert) eta ez da faltako Hilarión Eslavaren “Tu es Petrus” motetea.
Mari Kaleko kontzertua aurten aste pare bat aurreratu eta San Pedrotan egitea erabaki genuen. Zenbait karteletan informazioa uztartuz gero, bazirudien gure ekitaldia mariachiek eskainiko dutenarekin bat egingo zuela. Ez da horrela, mariachiak larunbatean eskainiko dute bere emanaldia eta gu berriz igande gauean. Egitarauari begirada emanez, Mari Kaleak duen xarma berezia aprobetxatuz estilo ezberdinetako abestiak eskaini nahi izan ditugu. Batzuk goxoagoak izango diran Javi Bustok moldatutako “Tres nanas cántabras” edota emakumeek abestuko duten “Loreak udan” abesti herrikoia David Azurzaren moldaketan. Doinu erritmikoak izango ditugu, David Azurzak idatzitako “Areson Aleka” edo Kubatik etorritako “Guantanamera ” abesti ezaguna. Gaur egungo talde edota abeslarien lanak ere entzungai ere izango dira, Sorotan Bele, Mikel Urdangarin edota Eric Clapton-en lanei esker.
Hemen duzue emanaldiaren kartela, egitarau osoarekin. Nola ez, guztiak zaudete gonbidatuta…
Iruzkin berriak