Teknologia berrien munduan ohiko bihurtzen ari den legez, Googlek berriro ere protagonista izatea lortu du, baina oraingoan ez da web zerbitzu bategatik izan. Ikasturte hasieran, Chrome web nabigatzailea eta Android sistema eragilea duen lehen eskuko telefonoa aurkeztu dituzte. Artikulu honetan web nabigatzailea izango da ardatz; haren berrikuntza teknikoez gain, Googlek hori garatzeak zer suposatzen duen aztertu nahi dugu.

Berrikuntza teknikoak

Nahiz eta Chromeren irteerak oihartzun handia lortu duen, ez da ahaztu behar oraindik amaitu gabeko tresna bat dela. Hala ere, Google ezagututa, ziur egon hobekuntzak bata bestearen atzetik etorriko direla hemendik aurrera. Dena den, tresnak izan ditu lehenengo balorazioak, baita euskal internauten artean ere.

Erabiltzen hastean, lehenengo ezaugarri interesgarria haren diseinua da; oso sinplea eta arina. Baina itxura baino gehiago da. Esate baterako, helbideak jartzen diren barra bilaketa barra da aldi berean. Modulu horrek Omnibar du izena, eta karaktere batzuk idaztean, berehala hasten da nabigatzailea helbideak proposatzen.

Beste berrikuntza bat erakusten duen lehenengo orria da. Orri horretan, azkenaldian gehien bisitatu diren webguneak azaltzen dira. Horrela, berriro bertara joateko ez dago ezer idatzi beharrik, esku-eskura jartzen baitu Chromek.

Exekuzio abiadura ere oso azkarra da, horrela iragarri zuten eta, egia esan, nabaritzen da. Horretan lagundu du Googlek webgunetako javascript kodea prozesatzeko garatu duen V8 motor berriak.

Estrategia kontua

Azken urteotan Interneteko nagusia Google izan dela inork ez du zalantzan jartzen. Bera izan da sarean egokien mugitzen jakin izan duen enpresa. Orri hauetan ere sarritan erakutsi izan dira haren web zerbitzu batzuk. Ezagunenen artean ondorengoak daude: bilatzailea, posta zerbitzua (Gmail), sareko bulegotika (Google Docs) eta abar. Eduki horietara guztietara atzitzeko, ordea, besteren nabigatzaileak erabili behar dira. Horien artean erabiliena Microsoften Internet Explorer da, Googleren arerio nagusia.

Argi dago Googleri ez zaiola batere gustatu bere webguneak atzitzeko bere aurkari nagusiaren nabigatzailea erabiltzea. Eta, nahiz eta Mozilla Firefox nabigatzailea diruz laguntzen duen, duela bi urte bere web nabigatzaile propioa garatzen hasteko erabakia hartu zuen. Web nabigatzaileak egiten du erabiltzailearen ordenagailuaren eta Interneten arteko zubia; orain arte Microsoft nagusi izan da eremu horretan. Hala, guztiz garrantzitsua da erabiltzaileak sarea atzitzeko erabiltzen duen tresna norberarena izatea. Kasu honetan, horrela ulertu behar da Googlek egindako urratsa.

Esate baterako, Internet Explorerri gehitu zaion azken ezaugarrietako bat Googleren AdSense publizitate eremuak kentzeko aukera da. Horrela, erabiltzailea nabigatzen ari denean publizitate hori ikusi gabe egin dezake. Horrek, jakina den bezala, publizitate gutxiago ikustea dakar, eta, ondorioz, Googleren diru sarrerak gutxitzea. Ez da ahaztu behar Googleren diru sarrera handiena publizitatetik datorrela. Beraz, jendeak ahalik eta gehien ikustea komeni zaio. Arazo horri aurre egiteko, zer hobe bere nabigatzaile propioa ateratzea baino.

Etorkizuna

Garbi dago etorkizuna erabiltzailearen nabigatzeko ohiturak aztertzea izango dela. Hori egiten duenak bere produktuak hobeto egokitu ahal izango ditu erabiltzailearen beharretara. Eta horretarako beharrezko tresna web nabigatzailea izatea da. Hala, zenbat eta erabiltzaile gehiagok erabili, nabigatzeko ohiturei buruzko informazio gehiago metatu ahal izango da.

Kontu horrek erabiltzailearen kontrolari buruzko eztabaida bete-betean ukitzen du. Izan ere, Interneten nabigatzean, ez da webguneetan soilik utziko arrastoa, baita web nabigatzaileetan ere. Gainera azken horiek sarean sartzen denetik irten arteko mugimenduak kontrolatu ahal izango dituzte.

Microsoft eta Googleren begiradapetik irteteko modua izango da Mozilla Firefox eta halako nabigatzaileak erabiltzea? Denborak esango du.

Iruzkinak blokeatuta daude