Irudiak editatzeko softwareen artean ezagunena Photoshop dela ukatzerik ez dago. Sona handia duen aplikazioa da, eta, dena esan behar bada, aukera asko ematen ditu. Baina inork ordaindu al du lizentziarik aplikazioa eskuratzeko? Nork instalatzen du ordaindutako bertsioa, eta nork laguntxo baten CD-ROM batean pasatakoa? Ez da oso argia izan behar erabiltzaile gehienek bigarren aukera hartzen dutela jakiteko. Baina jende hori ez da konturatzen legea hausten ari dela, eta hori dela eta, isuna jar dakiekeela. Dena den, horrela ibili gabe, bada irudien ediziorako beste aukerarik. Software librearen eskutik dator aukera, eta horietan ezagunena Gimp izeneko aplikazioa da.

Irudien ediziorako softwarea

Irudien edizioa, izenak dioen bezala, irudi digital bat hartu eta editatzean datza. Horretarako, hainbat software daude merkatuan. Normalean, editatzen diren irudiak argazki digitalak edo eskaneatutako irudiak izan ohi dira. Irudiaren edizioaren helburua akatsen zuzenketa izan ohi da: argazkietako argitasuna, distira eta kontrastea aldatzea eta eskaneatutako irudi zaharrei ukituak ematea. Horrela, irudi horiei berez falta zitzaien balioa eransten zaie, eta lortzen diren emaitzak oso txukunak izan ohi dira. Aipatutako eragiketa horiez gain, askoz lan gehiago ere egin daitezke.

Gimp

Izenak dioen bezala, Gimp (GNU Image Manipulation Program) irudiak manipulatu edo editatzeko GNU lizentziadun programa da. Beraz, Gimp aplikazioa software librea da, eta, horretaz gain, doakoa ere bai. Hasiera batean Linux plataformarako garatu baldin bazen ere, gaur egun Windows eta Mac OSX plataformetarako ere badago. Hau da, erabiltzaile arruntak erabiltzen dituen plataforma nagusietan erabil daiteke. Gaur egun, hori da Photoshopez gain dagoen aukera sendoena. Nahiz eta mota horretako aplikazio gehiago badiren, Gimpek du ezaugarri gehien.

Irudien ediziorako tresna multzo zabala ematen du. Marrazketarako, adibidez, tamaina desberdinetako brotxa, arkatza eta esprai antzekoa dauzka, besteak beste. Horiek guztiak nahi diren koloreekin erabil daitezke, aukera egiteko daukan kolore-paleta erabiliz. Irudien tamaina aldatzeko ere hainbat aukera ditu: moztu, oihalaren tamaina aldatu eta biratu egin daiteke. Irudiaren distira, kontrastea eta kolore-mailak doitzeko aukera ere ematen du.

Gimpek duen beste atal indartsu bat irudiei iragazkiak aplikatzeko duen aukera zabala da. Hainbat motatako iragazkiak ditu, eta mota horietako bakoitzaren barnean aukera bat baino gehiago. Edizio-lana egiteko garaian, geruza batekin baino gehiagorekin lan egiten uzten du. Egiten den lan bakoitza aparteko geruza batean egin daiteke, eta, horrela, ondoren zerbait aldatu behar bada askoz ere errazagoa izaten da.

Fitxategi-mota multzo handi bat onartzen du; horrela, kapaz da JPG, GIF, PNG, TIFF eta PSD (Photoshop) formatuetan gordetzeko. Horrez gain, PDF formatuan ere gordetzeko aukera ematen du.

Euskaraz

Software libreko aplikazio nagusi guztiak bezala, Gimp ere euskaraz dago. Lan hori EuskalGNU elkarteari zor zaio, hark euskaratu baitu, beste aplikazio asko bezala. Linuxen eta Windowsen aski da sistema eragilea euskaraz erabiltzea Gimp ere euskaraz erabiltzeko. Izan ere, aplikazioak berak detektatzen du sistema eragilean kargatuta dagoen hizkuntza, eta hizkuntza horretan abiarazten du.

Artikulu honetan azaldu den bezala, norbere argazkiak edo bestelako irudiak editatzen aritzeko ez da derrigorrez Photoshop behar. Batere lizentziarik ordaindu gabe, software libreak ematen duen gardentasun eta sendotasunarekin garatutako aukera da Gimp. Eta, gainera, euskaraz erabiltzeko aukera ematen du. Irudien ediziorako aplikazioetan aukera askea bezain sendoa de Gimp.

3 erantzun....-rako “Gimp, irudien ediziorako aukera askea”
  1. Sebas(e)k dio:

    Saiatu naiz euskaraz jartzen baina nahiz eta windows euskaraz izan, bera gaztelaniaz azaldu zait. Badakit, modu bat badagoela euskaraz jartzeko. Nola egin daiteke? Laguntzerik bai?

  2. epiola(e)k dio:

    Kaixo Sebas,
    Kasu batzuetan, nahiz eta euskaraz izan interfazea Gimp-ek ez du detektatzen. Hori gertatzen denean bi aukera daude konpontzeko:
    – “Kontrol-panela>Eskualdearen eta hizkuntzaren aukerak” atalera jo, ondoren “teklatuak eta hizkuntzak” eta bertan “Aldatu teklatuak” botoia sakatu. Azaltzen den leihoan “Sarrerako hizkuntza lehenetsia” eremuan euskara aukeratu eta azpian azaltzen den “Instalatutako zerbitzuak” eremuan euskara ez badago gehitu eta ondoren zerrendan lehenengo postuan jarri.
    – Gimp-en web gune ofizialean azaltzen dena

  3. Sebas(e)k dio:

    Mila esker, bihar goizean sin falta probatuko dut, izan ere laneko ordenagailuan nuen arazoa eta.

  4.