Abendua, 2008 -rako artxiboa
Ordenagailu baten funtzionamenduan, osagai askok hartzen dute parte. Elementu bakoitzak bere funtzioa betetzen du, baina guztietan garrantzitsuena mikroprozesadorea da. Bera da ordenagailuaren burmuina, eragiketak egiten dituena eta agindu guztiak kontrolatzen dituena. Ordenagailuaren egituran, Prozesurako Unitate Zentrala (PUZ) deitzen den unitatearen osagai nagusia da mikroprozesadorea.
Gaur egun mikroprozesadoreak, milioika transistorez osatutako osagai elektronikoak dira. Horiek siliziozko plaka batean txertatzen dira, eta elkarren artean datuak prozesatzen dituzten zirkuituak osatzen dituzte. Prozesamendu hori zikloka egiten da, horiek erloju batek markatzen dituelarik. Segundo bat batean milioika (Megahertz) eta mila milioika (Gigahertz) ziklo osatu ditzakete. Horrela neurtzen da mikroprozesadore baten abiadura.
Intel
Ordenagailu pertsonalen munduan, mikroprozesadoreak egiten nagusi da Intel. Enpresa 1968an sortu baldin bazen ere, 1971 arte ez zuen kaleratu lehen mikroprozesadorea. Ordura arte memoriak fabrikatu zituen besteak beste. Azkeneko bi hamarkadetan, hardware arloan izan diren berriak asko Intel etxeari zor zaizkio. Bereak dira Pentium ezagunak.
AMD
Munduko bigarren mikroprozesadore fabrikatzaile handiena da AMD. 1969an sortutako enpresa da, baina 1975 arte ez zuen lehen mikroprozesadorea fabrikatu. Hasiera batean bere arkitekturarako fabrikatzen bazituen ere, gaur egun x86 arkitekturarako egiten ditu. Horrela, Intelen arerio nagusia da AMD. Urte batzuetan indar handia hartu zuen, baina, gaur egun, Intel berriro ere abantaila hartuta dabil.
Nukleo bat baino gehiago
Aurrez aipatu bezala, mikroprozesadoreak egiteko transistoreak erabiltzen dira, eta erlojuaren zikloak jartzen du prozesatze abiadura. Bi faktore horiek denboran zehar hobetzen joan dira: transistoreen tamaina txikitzen joan da, eta erlojuaren zikloa azkartzen. Hala ere, bide horietan hobekuntzak egitea gero eta zailagoa bihurtzen ari zenez, bide berriak jorratzen hasi ziren. Horren fruitua dira nukleo bat baino gehiago dituzten mikroprozesadoreak.
Hasiera batean, bi nukleoko prozesadoreak merkaturatu ziren, Dual Core izena dute, eta oraindik merkatuan asko erabiltzen dira. Mikroprozesadore batean bi nukleo izatean, aldi berean eragiketa bat baino gehiago egiteko aukera ematen du. Horrek ez du esan nahi abiadura bikoitza lortzen denik, guztia ez baita paraleloan egiten, baina hobekuntza handia lortzen da.
Teknologia hori garatzen doan bezala, nukleo gehiagoko prozesadoreak azaltzen ari dira. Horrela, lau nukleodun mikroprozesadoreak ere merkatuan daude, Quad Core izenekoak. Horrez gain, abiadura aldetik ere eboluzioak jarraitzen du, eta horrek ere prozesatze gaitasuna handitzea dakar.
Etorkizuna
Artikuluan zehar aipatu den bezala, mikroprozesadoreen eboluzioa hiru faktoretan oinarritzen da: transistoreen tamaina, erlojuaren zikloaren abiadura eta nukleo kopurua. Etorkizunean, tamaina txikiagoa duten transistoreak ikusiko dira, horrela, gehiago sartu ahal izango dira prozesatzeko gaitasuna handituz. Mikroprozesadore batean sartzen den nukleo kopurua ere gorantz doa, Intel-ek aurrera daraman proiektu batean, laurogei nukleo sartzea lortu du. Eta ez hori bakarrik, 6,26 GHz-tan lanean jartzea lortu du.
Jorratzen ari diren beste bide bat, netbook edo gailu mugikorretzat propio garatutako mikroprozesadoreak dira. Horietan, oso faktore garrantzitsua da energiaren kontsumoa, zenbat eta autonomia handiagoa lortu hobe baita. Horrela, ahalik eta energia kontsumo txikienarekin, ahalik eta prozesatzeko gaitasun handiena lortzen saiatzen dira.
Iruzkinak ezgaituta
Jakina da birusak zabaltzeko orduan ez dutela mugarik ezagutzen, edozein medio izan liteke egokia. Kasu honetan Facebook sare soziala izan aukeratua eta bertako 120.000 erabiltzaileak helburu. Koobface izeneko birusa, kutsatua izan den erabiltzearen kontaktuez baliatzen da zabaltzeko. Pertsona horiei mezu bat bidaltzen die, beste orri batean dagoen bideo bat ikusteko gonbita eginez. Erabiltzailea bideoa ikusten saiatzen denean, Flash Player programa eguneratu behar duela esaten dio eta nondik jaitsi. Baina jaisten duena ez da eguneraketa bat, birusa bera baizik.
Kutsatzeko arriskua handia da, izan ere, sare sozialetan norbere lagunengandik jasotzen diren mezuetan fidatu egin da. Horrela, besteetan ireki ere egingo ez ziren mezuak ireki egiten dira eta ondorengo pausoak eman ere bai.
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Multimedia -n argitaratua, tags: songbird
Hiru urte garatzen aritu ondoren, azkenik kalean Songbird musika nabigatzailea. Software librean garatua izan denez, batzuek iTunes askea bezala ere bataiatu dute. Mozilla Firefox-en beste ezaugarri batzuk ere baditu; esate baterako, gehigarriak garatzeko aukera ematen du. Windows, Linux eta Mac plataformatarako bertsioak daude. Bere funtzionamendua edozein musika erreproduzitzailetik haratago doa. Izan ere, abesti bat entzuten hastean, Last.fm-en dauden beste abestiak erakusten ditu, YouTubeko bideoak, Flickr-eko argazkiak eta abar. Gehigarrien zerrenda etengabe hazten doanez, tarteka bisita bat egin eta bertan dagoena arakatzea komeni da. Oraindik lehenengo bertsioa kaleratu da eta hobekuntzak behar ditu. Hala ere, zer egin behar duten ongi dakite, horretarako osatu duten errepide-mapa ikusi besterik ez dago.
Iruzkinak ezgaituta
Gero eta ohikoago bihurtzen ari da posta elektronikoa Interneten gordetzea. Gero eta gutxiago egiten da posta kudeatzeko software baten bidez posta ordenagailura deskargatzea. Hala ere, oraindik jende askok erabiltzen ditu mota horretako aplikazioak. Lan munduan, esaterako, oso ohikoa da posta elektronikoa ordenagailura deskargatzea.
Posta elektronikoa kudeatzeko aplikazioen artean, Microsoft etxeko Outlook da ezagunena, hori erabiltzen baita gehien. Baina norbait aplikazio hori utzi eta beste bat jartzekotan baldin badabil, badu aukerarik. Kode irekikoak diren bi aplikazio dira alternatiba nagusiak: Mozilla Thunderbird eta Novell Evolution. Gainera, biak erabil daitezke euskaraz.
Thunderbird
Mozilla proiektuaren posta-bezeroa da Thunderbird. Firefox nabigatzailea bezala, oso aplikazio egonkorra da. Posta-bezero batek dituen edozein ezaugarri ditu: karpetak kudeatzeko sistema, posta helbideen atala eta posta-kontu bat baino gehiago kudeatzeko aukera. Spam-a diren mezuak iragazteko ere oso motor eraginkorra du. Gainera, Windows, Mac OS X eta Linux plataformetan erabiltzeko prestatuta dago.
Ohiko ezaugarriez gain, baditu beste ezaugarri batzuk ere, eta horiek oraindik gehiago errazten dute aplikazioaren erabilera. Esate baterako, RSS jarioak Thunderbidetik bertatik irakurtzeko konfiguratu daiteke. Horrela, horiek irakurtzeko ez da beste aplikaziorik behar.
Mezuak karpetetan sailkatzeaz gain, etiketak jartzeko aukera ematen du. Etiketa horiekin, mezuak gaika sailka daitezke, eta berdin dio mezuak karpeta desberdinetan baldin badaude ere. Hau da, karpeta desberdinetako mezuak etiketen bidez erlaziona daitezke.
Firefox nabigatzaileak bezala, Thunderbirdek ere gehigarriak onartzen ditu. Aukera horrekin, aplikazioa ezaugarri berriekin aberastu egin daiteke, gehigarrien bilduma oso zabala baita. Denetik aurki daiteke: kontaktuen zerrenda Gmail-ekin sinkronizatuta izateko aukera, deskargak azkartzeko modua, segurtasun gehigarriak eta abar.
Evolution
Duela urte batzuk Ximian Evolution zuen izena, baina, Novell enpresak erosi zuenetik, Evolution esaten zaio. Kode irekiko posta-bezero horrek, posta elektronikoa kudeatzeaz gain, beste hainbat funtzio ere betetzen ditu. Eguneko agenda, egin beharreko atazak, bilerak eta mota guztietako zereginak kudea daitezke Evolutionekin.
Jatorrizko aplikazioa Linux plataformakoa da; Ubuntu bezalako banaketa ezagunetan instalatzen da, besterik agintzen ez bada. Dena dela, Windows plataformarako bertsio bat ere mantentzen da. Horrela, Microsoft Outlooken alternatiba sendo moduan aurkezten da; izan ere, ezaugarri antzekoak baitituzte. Evolutionek duen bilaketa-sistema oso azkarra da. Eremu askotan egin daitezke bilaketak; mezuen gorputzea egiten bada ere, emaitzak oso azkar bueltatzen ditu.
Gnome proiektuaren barnean dagoenez, hori euskaratzeko proiektuaren barnean sartu da Evolution euskaratzea ere. Beraz, norbere sistema eragilea euskaraz izanez gero, aplikazioaren interfazea euskaraz izango da. Bestela, eskuz konfiguratu beharko da.
Outlook
Microsoften posta-bezeroa da hiruren artean ezagunena. Sistema eragilearekin eta bulegotika-suitearekin duen nagusitasunaz baliatu da posta-aplikazioa ezartzeko. Euskaraz ere badago Outlook; nahikoa da Office bulegotika-suiteari euskarazko interfaze paketea instalatzea. Hori egin ondoren, aplikazioa euskaraz erabili ahal izango da.
Artikulu honetan posta elektronikoa norbere ordenagailuan kudeatu ahal izateko aplikazioak aurkeztu dira. Hirurak dira baliozkoak, lehenengo biak kode irekikoak, eta hirugarrena ez. Baina hirurak erabil daitezke euskaraz. Gehien erabiltzen den aplikazioa euskaraz erabil daiteke.
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Internet -n argitaratua, tags: tagzania
Interneten geolokalizazioan eta mapak erabiltzen aitzindaria izan da Tagzania, eta aurpegi berria erakutsi zuen joan den astean. Webgunean sartu ondoren, diseinuan nabaritzen da berrikuntza handiena. Orain arteko hondo beltza utzi, eta orain zuria da nagusi. Tagzania izenak duen hitz-jokoarekin jarraituz, diseinuak badu halako kutsu afrikarra ere; oso dibertigarria, bide batez. Funtzionalitateei dagokienez, Panoramio webguneko argazkiak ikusteko aukera gehitu dute, eta markatutako puntuak ikono desberdinekin erakuts daitezke. Esate baterako, markatutako puntua jatetxe bat baldin bada, orain jatetxea adierazten duen ikonoarekin jar daiteke. Erabiltzailearen esperientzia hobetu nahi izan dute aldaketa horiekin guztiekin.
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Internet -n argitaratua, tags: mobuzz
Sareko telebisten arloan Espainian lehenengo izandakoa, Mobuzz TV, itxi egin behar izan dute, azkenaldiko finantza arazo larrien ondorioz. Duela aste batzuk, 180 herrialdetan ikusten zen programazioa eten egin behar izan zuten laguntza eskatzeko. Mezu horretan, krisi ekonomikoak nola eragin zien azaldu zuten: publizitatetik zituzten sarrerak jaitsi egin zirela. Hori zela eta, jendeari laguntza eskatu zioten, eta bai erantzun ere, 32.000 euro lortu baitzituzten. Hala ere, ez da nahikoa izan aurrera jarraitzeko, eta aste batzuk geroago behin betiko itxi behar izan dute Mobuzz TV. Hori dela eta, jendeak emandako dirua berriro itzultzen ari dira. Nahiz eta proiektu bat bertan behera geratu den, jorratutako bidea ez da alferrik izan. Antzeko proiektuentzako erreferentzia izan da denbora honetan, eta Interneteko telebistaren munduan Mobuzz izena luzaroan gogoratuko da.
Iruzkinak ezgaituta
|