Martxoa, 2009 -rako artxiboa

Liburuak argitaratzea urrunekoa izan da beti mundu horretan sartuta ez daudenentzat. Ideia edo gidoi batek jaiotzen denetik paperezko liburua argitaratuta ikusi arte pauso asko daude. Gainera, pauso horiek ezerezean gera litezke argitaletxeko editore edo arduradunek ideia gustuko ez badute. Argitaletxeek urtean liburu kopuru jakin bat argitaratzen dute; hori aurreikusia dute, eta hortik kanporako zerbait argitaratzea zaila da. Zurruntasun horrek badu izateko arrazoia; izan ere, argitaratzea gastu handia da, eta ale bat bera ere saldu aurretik inbertsio hori egin egin behar da.

Sarean sortu diren argitaletxe berriek hutsune horiek bete nahi dituzte, hau da, norbere lana argitaratzeko aukera eman nahi die mundu guztiari. Bide horretan, teknologia berriek eta Internetek bereziki ematen dituen baliabideak erabiltzen dira. Hala, edizio prozesu osoa egiteko aukera ematen da etxeko ordenagailutik mugitu ere egin gabe.

Aukera hori interesgarria izan daiteke argitaletxe tradizionalek alde batera uzten dituzten obrak argitaratzeko. Baina ez hori bakarrik, norberaren lanaren autogestioa egiteko eta kontrol osoa eramateko ere bai. Hau da, zerbitzu horrek idazlearen eskura jartzen du bere obraren kudeaketa osoaren kontrola.

Horrez gain, zerbitzu horiek salmenta plataforma ere eskaintzen dute. Hala, idazleak webgunetik bertatik sal dezake; normalean paperean edota PDFan erosteko aukerak ematen dituzte.

Lulu

Bob Young, Red Hat Linux banaketaren sortzaileetako batek 1999an sortutako enpresa da Lulu. Bob bere ibilbide profesional osoan software librearen munduari lotuta egon da. Horren harira, argitalpen industria tradizionalarekin ere oso jarrera kritikoa izan du. Bitxikeria gisa esan daiteke berak idatzi eta merkatuan saldu gabe geratu ziren liburuekin bere bulegoko mahaia eta eserlekua egin zituela. Hori guztia argitaletxe tradizionalek egiten zuten neurrigabeko diru xahutzea salatzeko egin zuen. Gaur egun, Lulu norbere argitalpenak egiteko tresnen artean erreferente bilakatu da. Izan ere, argitaraldi oso txikiak egiteko aukera ematen du, prezio lehiakorretan.

Argitalpen bat egin nahi bada, jarraitu beharreko pausoak oso sinpleak dira. Hori bai, esan beharra dago hemen ez dagoela ez zuzentzailerik, ez maketatzailerik eta horrelako beste figurarik ere ez dagoela. Beraz, kontuan izan behar da argitaratu nahi den lana lehenik eta behin ongi zuzendua eta maketatua izatea. Behin hori egin ondoren, dokumentua igo, liburuak izango duen tamaina eta bestelako ezaugarriak aukeratu, koloreetan edo zuri-beltzean joango den adierazi, eta eskaera eginda dago. Ondoren, nahi bada bertan jar daiteke salgai argitaratutako lana, eta salduz gero izandako irabazien %80 jasoko du egileak, zeina kasu horretan argitaratzailea ere baden.

Lulu-n edozein motatako liburuak argitara daitezke, baita argazki liburuak ere. Musika edota bestelako CD edo DVDak argitaratzeko aukera ere ematen du.

Bubok

Urte gutxiago dituen ekimena da Bubok, Espainiako Estatuan sortutakoa. Zerbitzu honek ere Lulu-ren filosofia jarraitzen du, antzeko ezaugarriak eskaintzen ditu, eta liburua argitaratzeko ere prozesua berbera da. Egileak hala nahi badu, Bubok-en bertako maketatzaileen aholkuak jaso ditzake bere maketa egiteko orduan. Behin argitaratu ondoren, promozioan laguntzeko tresna batzuk ere ematen dituzte.

Hemen azaldu diren plataforma horiek eskari bidezko inprimatze moduan funtzionatzen dute, hau da, eskaera bat izan arte ez da ezer inprimatzen. Hala, saihestu egiten da argitalpen tradizionaletan hasieran egiten den argitaraldi hori egitea, eta horrela inoiz ez da libururik sobran inprimatzen. Bestalde, batere azpiegiturarik gabe eta oso baliabide gutxirekin norbere lana argitaratzeko aukera ematen du, inongo argitaletxetan ate joka ibili gabe.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Duela aste batzuk erosketak prezio beheratuetan egin ahal izateko erosketa taldeak aipatu ziren. Horrelako webguneetatik aparte ere aurki daitezke sekulako pagotxak. Horietako bat da JungleCrazy deitzen dena. Horren leloa garbia da, Amazonen gutxienez %70eko deskontua duten produktuak soilik erakusten ditu. Bertan, Amazon dendan saltzen den edozer topa daiteke, hasi argazki kamera batentzako osagarrietatik eta oheko izaretaraino. Baina kasu batzuetan, beherapenak %80 eta %90era ere iristen dira. Nahiz eta prezioak oso baxuak izan, ez da ahaztu behar Amazon dela saltzen ari dena; beraz, berme osoa dago saltzen diren produktuak kalitatekoak direla.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Pasa den astean kaleratu du Microsoft-ek bere web nabigatzailearen bertsio berria, Internet Explorer 8 hain zuzen ere. Nahiz eta gero eta lehiakide gogorragoak dituen, oraindik ere gehien erabiltzen den nabigatzailea da. Bertsio berri horrek dakartzan ezaugarrietako bat erabiltzailearen ohiturak ikasteko funtzionalitatea da. Hau da, erabiltzailea helbide bat idazten hastean, pixkanaka berak gehien erabiltzen duen helbidea proposatuko dio. Pribatutasunari ere garrantzi berezia eman zaio; hala, InPrivate moduan nabigatzeko aukera du. Aukera horrekin, webguneetan arrastorik utzi gabe nabiga daiteke. Bestalde, nabigazio azeleratzaile batzuk ere badakartza; horiekin, ohiko bilaketak (mapetan bilatzea, esaterako) azkartu egin nahi dira, egin beharreko klik-ak murriztuz. Euskarazko bertsioa oraindik ez dago eskuragarri.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Eguraldi onak hasi dira eta horrekin batera jendea ere hasi da kalera irteten. Gainera bertan da Hegoaldean San Jose zubia, ondoren Aste Santua eta Pazko Astea eta konturatzerako udarako oporrak ere bertan dira. Oporrak antolatzeko garaian, bada gauzak lotzen garaiz ibiltzen denik; beste batzuk, berriz, azken orduan aritzen dira.

Gaur egun, oporrak antolatzeko orduan jende askok erabiltzen du Internet. Tokiko informazioa jakiteko ez ezik, oso ezagunak dira hegaldi eta egonaldi merkeak eskaintzen dituzten webguneak. Nor ez da ibili mota horietako webguneren batean oporretarako zerbait begiratzen? Webgune horietan aurkitu daiteken informazioa agentziak ematen duten informazioa izan ohi da. Erabiltzaileak informazio hori hartu egiten du, baina ez dauka ekarpenik egiteko aukerarik. Egia esan, duela gutxitik hona, webgune batzuk erabiltzaileari iritzia emateko aukera ematen hasi dira. Baina, oraindik, bertan jartzen den informazioa webguneek kontrolatzen dute.

Interneteko arlo guztietan zabaldu den bezala, 2.0 mugimenduak turismo alorrean ere izan du zabalkundea. Aurrez aipatu den bezala, Interneten aspaldidanik egon da turismoarekin erlazionatutako informazio ugari, eta horrek erraztu egin du pauso hori. Horrela, turismo eta bidaiekin erlazionatutako sare sozialak, wikiak eta abar aurkitu daitezke.

Wikitravel

Wiki teknologian oinarritzen den proiektua da Wikitravel, hau da, Wikipedia antzeko bat, baina bidaietan berezitua. Bestelako wikietan bezala, erabiltzaileak sartzen du edukia, kasu honetan munduko edozein txokotako informazioa izango dena; 10.000 gida baino gehiago daude sortuta. Eta orriek egitura jakin bat jarraitzen dute; horrela, webgunean zehar dabilen erabiltzeari lana erraztu egiten zaio. Atalak gehiago badira ere, atal nagusiak hauek dira: nola iritsi, zer ikusi eta non lo egin.

Wikitravel proiektuaren barnean beste ekimen interesgarri bat ere bada, Wikitours izenekoa. Bidaiatzeko ibilbideak lantzea da helburua, eta, horretarako, norbere esperientziak azaltzen dira bitakora bat balitz bezala. Ondoren, beste erabiltzaileek bere leku horietan izandako esperientziak batu dakizkieke.

Travbuddy

Bidaiatzea gustuko dutenen artean sare sozial garrantzitsuena da Travbuddy izenekoa. Bakoitzak bere bidaietan izandako esperientzia beste erabiltzaileekin parteka daiteke. Horretarako, hainbat baliabide eskaintzen ditu: argazkiak, blogak eta toki bati buruzko balorazioa egiteko aukera, adibidez. Sare sozialen potentzialaz baliatuz, beste erabiltzeekin harremanetan jartzea posible da: lagunak egin, izandako tokiei buruzko informazioa eskatu eta abar. Erabiltzaileek informazioa jar dezaten sustatzeko sari-sistema antzeko bat du. Sari horiek, komunitatera ekarpenak eginda lortzen dira; esate baterako, argazkiak igo eta beste erabiltzaileei onak direla iruditzen bazaie argazkilari-saria lortzeko urratsa egiten da.

TripAdvisor

Bidaia bat egiteko orduan behar diren baliabideei buruzko iritziak biltzen diren webgunea da TripAdvisor. Ostatu hartzeko tokien, jatetxeen, toki bakoitzean egin daitezkeen ekintzen eta abarren iritziak aurkitzen dira. Bidaia bat antolatzeko garaian, ostatu hartzeko zalantzak izanez gero, webgune hori begiratzea interesgarria izan daiteke. Ez hori bakarrik, norberak izandako esperientzia jartzea ere garrantzitsua da ondoren bisitatuko dutenentzat.

Askotan, bidai agentzietan emandako katalogoak baino interesgarriagoak izaten dira pertsonek izan dituzten esperientziak. Hemen aipatu diren webgune horiek hori egitea ahalbidetzen dute; horrela, erabiltzaile batek bere esperientzia azaltzen duen bakoitzean, beste bati lagundu egiten dio.

Comments 2 iruzkin »

Gaur egun dauden web zerbitzu guztiak kontuan hartuta oso zaila egiten da guztien jarraipen zehatza egitea. Blog bat izanez gero, Flickr-eko kontua, Last.fm entzun eta beste hainbat ekintza burutu Internet, guztiak kanal bakar batetik jarraitzeko aukera dago. Horixe eskaintzen du Friendfeed izeneko zerbitzuak. Bertan, 59 zerbitzutako kontuak integra daitezke, aurrez aipatu direnez gain, Facebook, Del.icio.us eta Youtube zerbitzuak ere gehi daitezke. Gainera, lagunen sarea ere osa daiteke, eta horrela elkarren mugimenduak jarrai daitezke bertatik. Garatzaileentzako API bat ere eskaintzen du.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Argazkiak argitaratzeko hainbat gune daude Interneten, ezagunena Flickr izango da, baina antzeko zerbitzua eskaintzen duten beste batzuk badaude. Gigapan izeneko webgunea, erresoluzio handiko argazki panoramikoak argitaratzeko prestatuta dago. Argazki horien xehetasunak ikusteko funtzionalitate batzuk ere eskaintzen ditu zoomak; esatera baterako, oso urruneko toki, gauza edo pertsona bat bertan ikustea uzten du. Argazkian azaltzen diren toki bitxi horiek markatu egin daitezke; horrela, hurrengo ikusten duenak zuzenean jo dezake bertara. Gigapanek argazki panoramiko horiek atera ahal izateko makina robotizatuak ere sartzen ditu.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Duela hilabete pare bat idatzitako artikuluan cloud computing paradigma berriari buruz aritu nintzen. Euskaraz jartzerakoan, laino-konputazio bezala itzuli nuen.

Elhuyar Hizkuntza Zerbitzutan kontsulta egin dut eta termino egokia hodei-konputazio dela esan didate. Beraz, hemendik aurrera laino-konputazio ez baizik hodei-konputazio erabiltzen saiatuko naiz.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Ordenagailuko informazioaren segurtasun kopia egitea beti gomendatu izan da. Hala ere, erabiltzaile asko eta askok ez diote jaramonik egiten gomendio horri, eta ondoren etortzen dira sustoa eta izerdiak. Izan ere, kontua ez da datuak galdu egingo diren ala ez, baizik eta noiz galduko diren. Hori horrela da.

Egindako ikerketa batzuek diotenez, urte batean ordenagailu erabiltzaileen %37k ez berreskuratzeko moduan galtzen dituzte ordenagailuko datuak. Eta erabiltzaileen %72k beren ordenagailua arriskuan daukate. Ordenagailuaren disko gogorraren batez besteko bizia lau urte inguruako dela kontuan hartuta, erabiltzaileari geratzen zaion aukera bakarra, datuak galtzen dituenean ahalik eta azkarrena berreskuratzeko prestatzea. Horretarako dira segurtasun kopiak.

Infomazioa galtzeko arrazoi nagusiak bi dira: giza akatsak edo arrazoi teknikoak. Giza akatsak informazioa nahi gabe ezabatu edo aldatzea edo lapurretak izan litezke. Arrazoi teknikoak, berriz, disko gogorreko matxurak, birusak, sistemaren eguneratzeak eta abar izan litezke.

Beraz, gutxieneko zuhurtasuna duen erabiltzaile batek bere datu garrantzitsuenen segurtasun kopia egin beharko luke, maiztasun jakin batekin.

Segurtasun kopia lokala

Hori da segurtasun kopiak egiteko erabili izan den ohiko metodoa. Normalean eskuz egiten dira, eta CD, DVD edo zinta magnetikoetan gordetzen da informazioa. Metodo horrek baditu hainbat eragozpen, askotan gertatzen dena, kopia egiteaz «gogoratu» beharra ez baita automatikoa izaten. Beste bat segurtasun kopia ordenagailuan bertan uztea da, horrek dakartzan arriskuekin. Ohiko segurtasun kopiak egiteko metodoek ongi funtziona dezaten, diziplina handia behar da.

Urruneko segurtasun kopiak

Interneko konexioan banda zabala etortzearekin batera, beste kontzeptu bat iritsi zen, urruneko segurtasun kopia edo backup online esaten zaiona. Duela gutxi arte enpresen eskura bakarrik baldin bazegoen ere, gaur egun edozein erabiltzailek erabil dezake. Metodo honekin, segurtasun kopiak automatikoki egiten dira, normalean erabiltzailearen jarduerarik ez dagoenean (bazkalorduan, esaterako). Egiten den kopia Internet bidez eta modu zifratuan eskuragarritasun handia duten zerbitzarietara igotzen da. Horrek bi gauza ziurtatzen ditu: alde batetik, datuak berreskuratu behar izanez gero atzitzeko arazorik ez dela izango; eta beste aldetik, segurtasun kopia eta originala fisikoki kokapen desberdinetan egongo direla.

IDrive

Zerbitzu honen funtzionamendua disko gogor baten antzekoa da; bertan, erabiltzaile bakoitzari 2GB arteko espazioa ematen diote doan segurtasun kopiak egiteko. Horretarako egin beharreko bakarra IDrive-en webgunean erregistratu eta bertan dagoen programa bat jaistea da (Windows eta Mac-erako). Behin programa hori instalatu ondoren, automatikoki egiten du aukeratutako direktorioaren segurtasun kopia. Horrez gain, sinkronizaziorako aukera eta bertsio kontrola eramateko aukera ere eskaintzen du. Norbaitek doan ematen den baino espazio gehiago behar badu, ordainduta erabiltzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte.

Docoom

Antzeko zerbitzua eskaintzen du, kasu honetan ez du doako zerbitzurik eskaintzen, hilabetean doan probatzeko aukera bakarrik. Docoom erabilita segurtasun kopiak egiteko, aurreko kasuan bezala, webgunean erregistratu ondoren aplikazio bat jaitsi behar da. Behin hori instalatu ondoren, segurtasun kopiak egin ahal izango dira. Baina, horrez gain, beste erabiltzaileekin segurtasun osoz informazioa partekatzeko ere erabil daiteke. Ordaindu beharreko gutxieneko tarifa 5 euro hileko da, 5GB-ko espazioa erabiltzeagatik.

Bi zerbitzu horiek urruneko segurtasun kopia egiteko dagoen aukeraren adibide bat besterik ez dira; sarean dagoen aukera asko zabalagoa da, noski. Beraz, hemendik aurrera nork bere datuak seguruago izateko errazagoa da urruneko segurtasun kopiak egitea.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Musika entzuteko ohiturak aldatzen ari dira, eta horretan, dudarik gabe, eraginik handiena Internetek izan du. Hasieran P2P aplikazioak izan baziren ere, Last.fm eta antzeko zerbitzuek aldatu zuten entzuteko modua. Bertan, jendeak, musika entzuteaz gain, gustuko duen edo ez esaten du, antzeko taldeak bilatzen joaten da, eta abar. Hori guztia Last.fm-k gorde egiten du, eta beste erabiltzaileekin partekatzeko aukera eman.

Kasu honetan, Last.fm-ko informazio biltegi erraldoitik abiatuta, munduko musikaren egoera irudikatu nahi izan da. Horretarako, musika taldeak edo artistak puntu gisa irudikatu dira, eta, antzekoak izanez gero, marra batez lotu. Puntuaren tamaina Last.fm-n entzundako kopuruaren araberakoa da, hau da, zenbat eta gehiagotan entzuna izan, puntu gehiago. Azkenik, musika mota bakoitzari kolore bat eman zaio. Emaitza mapa koloretsu bat da, non erabiltzaile bakoitzak entzundako taldeak mapan non kokatzen diren ikus daitekeen, eta baita artista bakoitza non kokatzen den ere. Ikusgarria.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Azken asteetan hauts asko harrotu ditu Facebook munduko sare sozialik erabilienak. Sare sozialek dituzten erabilera baldintzak guztien ahotan ibili dira, eta Facebook-enak gehienbat.

Hori dela eta, printzipio batzuk eta eskubide eta arduren deklarazioa sortu dutela esan du Mark Zuckerberg Facebook-eko sortzaileak. Gainera, deklarazio hori berrikusi ahal izango da, iruzkinak egin, eta baita zuzenketak egin ere. Ondoren, bertan egingo den bozketaren bitartez zuzenketa onartzen bada, baldintza batzuekin betiere, aplikatu egingo da.

Ekimen horrekin, Facebook-eko administrariek hartu zuten alde bakarreko erabaki bitartez, erabilera baldintzak aldatzeko erabakiak izandako kritika beroak isilarazi nahi ditu. Bertan, sare sozialera igotako eduki guztien jabetza esklusiboa Facebook-ena izango zela esaten zen.

Comments Iruzkinak ezgaituta