Merkataritza elektronikoaren gaia behin baino gehiagotan landu izan da lerro hauetan. Azken urteetan goraka nabaria izan du, nahiz eta oraindik ez lortu espero ziren emaitzak. Ohiko denda birtualez gain, eskaintza bereziak soilik egiten dituzten dendak ere badaude. Modu pribatuan, bazkideek edo izena emanda dauden erabiltzaileek bakarrik egin ditzakete erosketak gune hauetan. Publikoari saltzeko duten prezio arruntean beherapen nabarmenak izaten dituzte (%30 eta %70 artean), eta horrek benetan interesgarri egiten ditu webgune hauek.
Erosketa pribatuko klub hauetan izena ematea ezinbestekoa da salgai dauden produktuak ikusteko. Horretarako, gune askotan gonbita behar izaten da, eta hori bertako bazkide den beste erabiltzaile batek eman dezake. Behin izena eman ondoren, momentu horretan salgai dauden produktuak eros daitezke. Baina gune hauen funtzionamendua bestelakoa da. Lehenik, etxe jakin baten produktuen salmenta hasi baino lehen, posta elektronikoz iristen da abisua. Han zehazten dituzte salmentari buruzko hainbat xehetasun; eskaintzak zenbat iraungo duen, esate baterako. Hiru-lau egun izaten dira gehienetan.
Behin eguna iristean, produktuak ikusi eta erosketa egin daiteke, ohiko dendetan bezala. Salgai jartzen diren produktuak marka ezagunetakoak izaten dira normalean. Arropa, oinetakoak eta modako osagarriak dira ohikoenak. Hala ere, gaur egun gero eta aniztasun handiagoa ikusten da. Produktu bakoitzetik salgai dagoen kopurua mugatua izan ohi da, eta askotan, produktua oso erakargarria baldin bada, denbora gutxian amai daiteke. Behin erosteko epea amaitzen denean, klubak izandako eskaera guztiak batu eta markari egiten dio eskaera. Horrek, egun batzuen buruan, klubeko biltegietara egingo du bidalketa, eta, azkenik, klubeko biltegietatik erabiltzaileen helbideetara banatuko dute.
Mota honetako dendak oso ohikoak bihurtzen dira. Gakoa zein den ez dago dudarik: prezioa. Salgai kopuru mugatua, erosketa epe mugatua eta oso prezio erakargarriak. Horrez gain, marketin biralak oso ongi funtzionatu izan du; posta elektroniko bidez erabiltzaile batek beste batzuei ezagutaraztea, alegia. Marketin birala sustatzeko, izena emandako erabiltzaileei promozio bereziak eskaintzen dizkiete. Ohikoa izaten da klubeko erabiltzaile batek beste bat ekartzea eta haren aitabitxi edo amabitxi izatea. Ondoren, erabiltzaile berri horrek erosketaren bat egingo balu, aitabitxi edo amabitxiak hurrengo erosketa egiteko deskontu berezia lortuko luke. Horrela, klubeko kideak erabiltzaile berriak ekartzera bultzatzen dituzte.
Vente-privee
2001ean Frantzian sortutako enpresa da Vente-privee. Jacques-Antoine Granjon gaur egungo bertako presidenteak eta beste zazpi bazkidek sortu zuten. Haren jatorria etxe handien soberakinen likidazioan dago, eta haien ideia Internetera egokitutako soberakinen likidaziorako sistema sortzea zen. Horrela posible izango zen stock-ean zeuden soberakinak era azkar batean likidatzea eta markaren irudi ona ez galtzea. Hori guztia kontuan hartuta jarri zuten abian Vente-privee, eta gaur egun 750 langile dauzka enpresak. Salmenta pribatuko webgunetan aitzindariak izan ziren eta gaur egun Europan nagusien artean jarraitzen dute.
Privalia
Espainian dagoen garrantzitsuenetakoa da, eta haren akziodunen artean, esate baterako, La Caixa aurrezki kutxa dago. Gaur egun Privalia nazioarteratze prozesu batean dago, eta Italia, Brasil eta beste herrialde batzuetan webgune bereiziak zabaltzen ari da.
Salmenta pribatuan aritzen diren webgune gehiago ere badaude. Vipventa eta Buyvip dira horietako bi. Guztiek antzera funtzionatzen dute eta askotan etxe bereko produktuak saltzera ere iritsi izan dira. Klub horiek eskaintzen dituzten aukerak oso zabalak izan direnez, prezioak liluratuta gehiegizko kontsumoan erortzeko arriskua ere badago. Beraz, ezer erosi aurretik, eskaintzen dena benetan behar den ikustea ariketa interesgarria izan daiteke.
Iruzkinak ezgaituta
Ordenagailuak eskaintzen duen babes fisikoa faktore garrantzitsua izan liteke erosketa bat egiteko garaian. Etxeko gelan, goxo-goxo jarduteko erositako ordenagailu eramangarrietan ez du hainbesteko garrantzia, baina bai kanpoan jardun behar bada, hauts asko edo zipriztinak egon litezkeen tokian. Behar horiek dituzten erabiltzaileengan pentsatuta merkaturatu ditu Panasonic etxeak
Azken boladan oso modan jarri dira burmuina entrenatzeko edo brain training deritzen jokoak. Nintendo etxeak bere DS kontsolarentzako kaleratu zuen lehenengoa, eta ondoren etorri ziren beste hainbat. Saltzaileek diotenez, mota honetako jokoek burmuinaren jarduera hobetu egiten omen dute. Bada, duela egun gutxi kaleratu den ikerketa batek zalantzan jarri du teoria hori. Britainia Handiko 

Sarrerak (RSS)