Apirila, 2009 -rako artxiboa
Webgune bat abian jartzeko garaian, begiratu behar den gauzetako bat azpiegitura da. Bertan, elementurik garrantzitsuena zerbitzaria da dudarik gabe. Duela urte batzuk, ostatatze-zerbitzuak ezagunak egin aurretik, enpresetan ohikoa izaten zen norbere zerbitzaria erostea. Baina hor ez zen amaitzen kontua, erosi ondoren, Interneteko konexioa alokatu behar zen eta elektrizitatea. Gastuak etengabe hazten ziren, eta zerbitzaria mantentzen ordu asko joaten ziren.
Gaur egun, zerbitzari bat erosi aurretik, oso ongi aztertu behar da zein helburutarako erabiliko den. Izan ere, urte batzuetatik gaur egunera asko eboluzionatu dute ostatatze zerbitzuek. Birtualizazio-teknikak erabilita, hardware berean zerbitzari bat baino gehiago jar daitezke martxan. Baliabideen erabilera asko optimizatzea dakar horrek, bai hardware aldetik eta bai elektrizitate eta beste gastuen aldetik ere. Beraz, erosi aurretik, helburuak ongi finkatu behar dira, agian ez baitu mereziko erosteak.
Hodei konputazioarekin, birtualizazio-teknikei esker lortutako hobekuntzetan beste urrats bat egin da. Zoritxarrez, webgune batzuetan gertatu izan da aurreikusitakoa baino erabiltzaile kopuru handiagoa sartzea eta zerbitzariak ezin erantzutea. Horrelako erabiltzaile-uholdeei aurre egitea ez da erraza, teknikoki, gaitasun handiagoa duen zerbitzari batera migratu behar baita aplikazio osoa. Denbora eskatzen du horrek, eta askotan migrazioa egiterako berandu izan ohi da. Horrelako egoerak saihesteko eta eskalagarritasun azkarra izateko, konputazio-zerbitzua eskaintzen hasi dira. Mota horretako zerbitzua eskaintzen, Google eta Amazon dira nagusi.
Google AppEngine
Googlek berez azpiegituraz baliatuz, aplikazioak exekutatzeko eskaintzen duen plataforma da AppEngine izenekoa. Hodei konputazioaren teknologiaz baliatuz, garatzailearen eskura jartzen ditu zerbitzariak. Horrela, zerbitzari horietan aplikazioak exekutatu eta informazioa gorde daiteke. Plataforma guztiz eskalagarria da; hau da, baliabideen behar handiagoa izanez gero, oso erraza da horretarako azpiegitura handitzea.
Aplikazioak garatzeko garaian hainbat muga ezartzen da. Horietan lehenengo programazio-lengoaia da; izan ere, aplikazioak, Python eta Java lengoaietan soilik garatuak egon baitaitezke. Gainera, zenbait eragiketa egin ahal izateko, Googlek horretarako prestatu dituen APIak erabili behar dira.
AppEngine plataforma doan erabil daiteke muga batzuk arte. Diskoaren espazioaren muga 500 MBtakoa da, eta konexioa (banda zabala) eta PUZ erabilera, hilean bost milioi bisita izateko modukoa da. Baliabide horiek baino gehiago behar izanez gero, oso prezio erakargarri baten truke eskuratu daitezke.
Amazon EC2
Amazon Elastic Compute Cloud da zerbitzuaren izen osoa. Izenak berak dioen bezala, aplikazioa exekutatzeko hodei konputazioan oinarritzen den zerbitzu malgua eskaintzen du. Aplikazioen eskalagarritasuna du ezaugarri nagusia, baina beste metodo bat jarraitzen du horretarako. Amazonek erabiltzaileari uzten dio zerbitzari birtualak (instantziak) sortzen eta kudeatzen. Horrela, beharren arabera, erabiltzaileak berak sortu, abian jarri eta itzali ditzake zerbitzari-instantziak. Instantzia horiek hiru mailatan sailkatzen ditu: txikiak, handiak eta oso handiak. Eskaintzen dituen baliabideengatik bereizten da aukera bakoitza.
Amazonek ez du doako zerbitzurik eskaintzen, baina bere prezioak oso lehiakorrak dira. Hileko prezio jakinik ez dago; izan ere, makina birtual bakoitzak izandako kargaren eta transferitutako datu kopuruaren arabera fakturatzen da. Hala ere, aurrekontuak kalkulatzeko duen orrian egiazta daitekeen bezala, hilean euro gutxi batzuen truke, zerbitzari oso ona eskuratu daiteke.
Bi aukera horietan ikusi den bezala, zerbitzariak alokatzearen joera aldatzen ari da. Makina osoak alokatu beharrean, baliabideak alokatzen dira, eta hori da kobratzen dena. Horrek abantaila handia ekartzen du norbere kontura zerbitzari bat jartzearekin alderatzen bada. Beraz, hasieran esan bezala, zerbitzari bat erosi aurretik, ongi pentsatu behar da ea benetan beharrezkoa den.
Iruzkinak ezgaituta
The Pirate Bay webguneari egindako epaiketan, zigorra jartzearen arrazoietako bat zalantzan jarri du ikerketa batek. Epaiketan erabili zen arrazoi nagusia izan zen webgune horren jardueraren ondorioz, diskoetxeek sekulako dirutzak galdu zituztela. Orain, berriz, ikerketa baten emaitzek diotenez, P2P, BitTorrent eta halako sareek musika gehiago erosten laguntzen dute. Norvegiako negozio-eskola entzutetsu batek egin du ikerketa. Horretarako, 1.900 internautak hartu dute parte, guztiak 15 urtetik gorakoak. 15 eta 20 urte tarteko erabiltzaileek erosten dute musika sarean, CDan erosi beharrean. Horrez gain, P2Pren edo BitTorrenten moduko sareak gehien erabiltzen dituzte iTunesen, Amazonen eta halako denda birtualetan gehien erosten dutenak ere.
Iruzkinak ezgaituta
Nor ez da gogoratzen Internet hastapenetan protagonistetako bat izan zenarekin, Geocities-ekin alegia? 1990eko hamarkadan webgune pertsonalak egiteko tresnarik ezagunena izan zen. Ondoren, haren antzeko beste hainbat tresna ere atera ziren. Interneteko burbuila bere puntu gorenean zegoenean, Yahook erosi zuen sekulako dirutza ordainduta. Baina denborarekin, beste mota batzuetako tresnak garatu dira, haien artean blogak. Eta Geocities bezalako tresnak alde batera uztea ekarri zuen horrek pixkanaka, azkenean desagertu egingo diren arte. Yahook webguneak sortzeko tresnak eskaintzen jarraituko duen arren, seguru asko zaharkituta eta urte batzuetan eguneratu gabe dauden hainbat webgune desagertu egingo dira. Interneten ere ezer ez da betiko.
Iruzkinak ezgaituta
Irudien edizioa informatikan garatu diren eremu ezagunenetakoa da. Bulegotika aplikazioaren ondoren, etxean erabiltzaile askok irudien ediziorako aplikazioren bat dute. Hala ere, argazki kamara digitalen erabilera zabaldu denean izan du benetako gorakada. Gaur egun, etxe askotan dago argazki kamara digital bat eta ordenagailu bat. Beraz, logikoa da argazki horiek txukundu eta behar diren ukituak emateko irudien ediziorako aplikazioren bat izatea instalatua.
Arlo horretako aplikaziorik ezagunena, dudarik gabe, Photoshop izan da. Urteetan erabiltzaileen artean lortutako onarpenari esker, gehien erabiltzen den irudien ediziorako aplikazioa dela esan daiteke. Hala ere, erabiltzaile asko ez dira konturatzen Photoshopek lizentzia bat baduela eta hori eskuratzeko ordaindu egin behar dela. Urte askotan, beti egon izan da laguntxoren bat inguruan beharrezko aplikazio guztiak eskuratzen dituena. Baina kontuan hartu behar da horrela arituz gero, bere lizentzia hausten ari dela. Horren alternatiba moduan, lan berdinak egiteko kode irekiko alternatibak badaude. Ziurrenik, ezagunena Gimp izango da. Aplikazio horrek Photoshopen antzeko ezaugarriak ditu, eta lizentziak hausteko ez dago inongo arriskurik, kode irekikoa izateaz gain doan banatzen baita.
Aurrez aipatu diren bi aplikazio horiek ezaugarri eta funtzio asko dituzte. Erabiltzaile aurreratu batek bere lanerako beharrezkoak dituen aukera asko eskaintzen dituzte. Horren ondorioz, menuetako aukerak zabalak dira, eta erabiltzaile arrunta nahastu egin daiteke askotan. Izan ere, erabiltzaile arruntak normalean erabiltzen dituen funtzioak gutxi batzuk izan ohi dira: irudia moztu, distira / kontrastea, koloreak egokitu eta abar. Hori dela eta, oinarrizko eragiketa horiek egin ahal izateko, aplikazio sinpleagoak badaude. Erabiltzaile arrunt baten beharrak asetzeko aski direnak eta erabilera sinplea dutenak.
IrfanView
Irudiak eta multimedia fitxategiak ikusteko eta horien gainean oinarrizkoa egiteko aplikazioa da IrfanView. Ez du Photoshop eta Gimp aplikazioek dituzten bezalako aukera-sorta, baina erabiltzaile askori oso erabilgarria gerta dakieke. Aplikazioren izena bere sortzailearen izenetik datorkio: Irfan Skiljan du izena. Programaren ezaugarri nagusietako bat bere arintasuna da, mega bat baino pixka bat gehiago bakarrik pisatzen baitu. Irudi baten gainean egin daitezkeen oinarrizko eragiketez gain, irudien formatuak aldatzeko oso erabilgarria da. Horrez gain, pantaila-babesleak eta irudien erakusketak ere sortu daitezke. Aplikazioak berarekin dakartzan ezaugarriez gain, horiek zabaltzeko plug-inak daude.
Picnik
Aplikazioa hartu eta norbere ordenagailuan instalatzen ibili beharrean, web bidez dabilen aplikazioa da Picnik. Web nabigatzaile bat izatea nahikoa da berarekin lan egiteko. Hori horrela izanik, nabaritzen da abiadura aldetik ez dela norbere ordenagailuan instalatutako aplikazioak bezain azkarra. Baina eskaintzen dituen eragiketak burutzeko hori ez da eragozpena. Dituen funtzioez gain, Interneteko beste aplikazioekin konektatzeko ematen dituen aukerak oso interesgarriak dira. Horrela, irudi bat norbere ordenagailutik igotzen ibili beharrean, Flickr, Picassa Web Album edo Facebook webguneetatik hartzeko aukera eskaintzen du.
Oinarrizko funtzioak nahikoa izango ez balira, Premiun kontu bat ireki daiteke. Bertan, urteko 25$ ordainduta, aukera gehiago eskaintzen dituen Premiun bertsio bat erabiltzeko aukera dago. Horrez gain, Firefox nabigatzailerako ere badago luzapen bat. Horrekin ere eragiketak burutzea oraindik gehiago errazten da.
Hasieran aipatu diren aplikazioek izan duten garapena dela eta, tresna horiek behar duten ezagutza-maila nahiko handia da. Hori dela eta, aplikazio sinpleagoak eta erabiltzeko errazagoak direnak toki bat aurkitu dute. Oinarrizko funtzioak egiteko balio duten tresnak dira; ordenagailuan instalatu edo webetik atzitu daitezke. Eta, azkenik, garrantzitsuena dena: erabiltzaileari irudiak editatzeko lana erraztu egiten diote.
Iruzkin 1 »
epiola -k Sailkatugabeak -n argitaratua, tags: youtube
YouTube webgune ezagunak bere orkestra sinfonikoa osatzeko asmoa azaldu zuen duela hilabete batzuk. Deialdi hura egin zuenetik aukeraketa egiten jardun dute, eta jadanik hasi da bere fruituak ematen. Joan den astean eskaini zuen bere lehen kontzertua New Yorkeko Carnegie Hall aretoan. Orkestrako partaideak osatzeko prozesua oso berritzailea izan da. Partaide bakoitzak Eroica pieza ezagunaren bere emanaldia bidali behar izan zuen bideo batean. Hortik habiatuta, mundu osoko 93 partaidez osatuta dagoen orkestra sinfonikoa sortu dute. Ekimen honekin, Google eta YouTubek erakutsi nahi izan dute mendeak dituen musika klasikoa eta teknologia berriak nola bat egin dezaketen. Bide batez, YouTubek ekimen horretarako propio sortutako ekimenak milioika bisita jaso ditu.
Iruzkinak ezgaituta
Internet bidez ibilbideak eta bidaiak antolatzeko webguneak gero eta gehiago dira. Kasu honetan, TomTom GPS gailuak egiten dituen etxeak aurkeztu du berea, TomTom Route Planner izenekoa, hain zuzen. Webgune honekin, ViaMichelin eta Google Maps guneekin lehiatuko da zuzenean. Egia esan, ez da lehia makala izango, arerio gogorrak baitira. Baina orain arte GPS gailuekin lortu duen esperientziak lagunduko dio. Era horretako bi ezaugarri dira IQ Routes eta HD Traffic. Lehenengoak, errepide bakoitzetik pasatu behar den ordua kontuan hartuta, ibilbideko denbora desberdinak kalkulatzen ditu, horretarako, erabiltzeen datuez baliatzen delarik. HD Traffic ezaugarriak, berriz, trafikoaren informazioa eskaintzen du denbora errealean. Hori kontuan hartuta, momentu horretako ibilbiderik onena erakusten du.
Iruzkinak ezgaituta
Software librea gero eta gehiago erabiltzen ari da enpresa munduan. Orain arte Mozilla Firefox nabigatzailea erabili da gehien. OpenOffice bulegotika-suitea ere gero eta gehiago erabiltzen den arren, ez da iristen nabigatzailearen parera. Baina enpresetan, dokumentazioa sortu eta Interneten nabigatzeko ez ezik, enpresa kudeaketarako ere softwareak garrantzi handia dauka. Izan ere, horiek baitira informazioa antolatzeko eta ondoren ustiatzeko erabiltzen diren tresnak.
Enpresetan informazioa kudeatzeko erabiltzen den softwarean ondorengoak nabarmendu daitezke: ERP, CRM eta proiektuen kudeaketarako softwarea. Batzuetan, software batek egin ditzake funtzio guztiak, eta beste batzuetan, osagarriak izan daitezke. ERP (Enterpise Resource Planing) tresnak, izenak dion bezala, enpresa bateko baliabideak kudeatzen eta planifikatzen laguntzeko tresnak dira. Enpresa bateko sailak kudeatzea eta haietako informazioa zentralizatu eta erabakiak hartzea erraztea da haren helburua. Moduluek osatzen dute, ERP batzuetan CRM (Customer Relationship Management) modulua ere txertatuta dago, eta bezeroekin izaten diren harremanak kudeatzea da haren zeregina. Azkenik, proiektuak kudeatzeko tresnak ere ERP baten barnean edo aparteko tresna gisa ezar daitezke.
OpenBravo
Enpresa baten barnean, ERParen funtzionamendua kritikoa da. Oso informazio garrantzitsua kudeatzen da eta etorkizunerako gakoak izan daitezkeen erabakiak hartzen laguntzen du horrek. Hori dela eta, software librean oinarritutako ERP sistemek zalantzak sortzen dituzte. Mota horretakoa da OpenBravo sistema, software librean oinarritutako ERP sistema egonkorrenetakoa.
Beste edozein ERP sistemak dituen moduluak eskaintzen ditu OpenBravok: datu nagusien kudeaketa, horniketen kudeaketa, biltegiaren kudeaketa, proiektuen kudeaketa, produkzioaren kudeaketa, finantza kudeaketa eta abar.
Software librea izaki, aplikazioaren kode osoa har daiteke saretik eta norberak instalatu. Hala ere, zerbitzu profesionalak eskaintzen dira bere inguruan. Instalazioaz gain, enpresa bakoitzak dituen beharretara egokitzeko lanak egiten dituzte.
SugarCRM
CRM motako aplikazioetan ezagunena SugarCRM dela esan daiteke. Bertsio librea eta jabe-duna, biak daude eskuraga- rri. Enpresen jardueran bezeroekin eta bezero izan daitezkeenekin izaten diren harremanak kudeatzeko balio du honek. Baita egiten diren salmenten jarraipena egiteko ere. Software libreko bertsioa duenez, jende askok oinarri gisa hartu du bestelako ezaugarriak gehitu eta tresna ahaltsuagoa sortzeko. Horrez gain, SugarCRM tresnaren instalazioan eta egokitzapenean oinarritzen den zerbitzua eskaintzen duten enpresak ere badaude.
DotProject
Proiektuen kudeaketan laguntzeko, kode irekiko software ugari dago. Horietako bat da DotProject izenekoa, 2000. urtean sortu zen proiektua, eta garatzaile talde batek eguneratu egiten du gaur egun. Haren funtzioa proiektua planifikatzea eta horren garapenaren jarraipena egitea da. Horretarako, hainbat modulu eskaintzen ditu, guztiak ere web nabigatzaile batetik atzitu daitezkeenak.
Hasieran esan bezala, enpresa mundua oso mundu zorrotza da, ez da jolas bat. Hori dela eta, software librean oinarritutako konponbideak ezartzeak mesfidantza sortu izan du hasieratik. Hala ere, pixkanaka bada ere, gero eta gehiago ari dira mota horretako irtenbideak aukeratzen, baita beren negozioaren oinarriak kudeatzeko ere.
Iruzkin 1 »
epiola -k Sailkatugabeak -n argitaratua, tags: konwert
Software garatzaileek askotan topo egiten duten arazoa da karaktere kodeketa. Esate baterako, nork ez du ikusi webgune bat «ñ» edo azentu markak ongi ikusten ez direla? Askotan karaktereak kodeketa desegoki batean erakusten direlako izan ohi da. Kodeketa ezagunenak Latin1 eta UTF8 dira, baina aukera oso zabala da. Karaktere horiek behar diren kodeketan erakusteko, bihurketak egin behar izaten dira eta hori egiteko tresna da Konwert. Kodeketa batetik bestera bihurketak egiteaz gain, testu bat zein kodeketatan dagoen jakiteko ere balio du. Horrela, behin bere jatorrizko kodeketa zein den jakinda, errazagoa da komeni den helburuko kodeketara bihurtzea. Tresna hau Debian eta Ubuntu bezalako Linux banaketan dator eta instalatzea oso erraza da.
Iruzkinak ezgaituta
Software edo aplikazio jakin bat inguruko lagunek ere horixe erabiltzen dutelako erabiltzen da askotan. Gainera, askotan CD bat ibiltzen da hortik zehar programa horiek banatzen, beren serie zenbaki eta guzti. Erabiltzailea askotan ez da konturatzen software horren lizentzia hausten ari dela eta legez kanpo dabilela. Gaur egun, software librean mota askotako softwarea dago eta horrela ibili beharrik ez dago. Alternatiba horiek aurkitzen laguntzeko webguneak ere badaude eta horietako bat da Osalt izenekoa. Hor guztientzat ezagunak diren aplikazioen software libreko ordezkoak aurki daitezke. Esate baterako, Photoshop, Dreamweaver eta AutoCAD aplikazioenak. Aukera horiek hobeto erakuste aldera, kategoriatan sailkatuta daude. Bide batez, zerbait aurkitzen ez bada eta benetan dagoena baldin bada, alternatiba hori proposatzeko aukera ematen du.
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Jokoak, Multimedia -n argitaratua, tags: zeebo
Nork esan zuen bideo jokoen kontsolen munduan guztia asmatuta zegoela? 2006an indarra galduta zegoen Nintendo etxeak Wii kontsola merkaturatu zuen. Ordura arte kontsolen merkatuan jaun eta jabe ziren PlayStation (Sony) eta XBox (Microsoft) zur eta lur utzi zituen. Gainera, urte gutxiren buruan sekulako arrakasta izan du, eta ez hain justu gaztetxoen artean. Wii-k irekitako bideari helduz, beste kontsola bat ateratzear dago, Zeebo izenekoa, kontsolen jokoan laugarren partaidea izan duena.
Bideo jokoen kontsolen inguruan beti egon izan da beraien prezio altuaren inguruko eztabaida. Orain artekoak 300-500 euro bitartean dabiltza, horietan Wii delarik merkeena. Prezio hobea duen arren, dauzkan ezaugarriak beste bienak baino xumeagoak dira. Hala ere, beraietan jokatzeko jokoen prezioa benetan garestia izan ohi da, eta horretaz kexatzen dira erabiltzaileak. Hori dela eta, jokoen kopiak egitea praktika ohikoa da.
Garatzeko bidean dauden herrialdetarako
Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, garapenean dauden herrialdetan harrera ona izan dezakeen kontsola berria da Zeebo. Herrialde horietarako ordenagailu eramangarriak merkaturatu diren bezala, oraingoan kontsola bat izango da. Hasiera batean BRIC bezala ezagutzen den herrialde multzoan merkaturatuko da, alegia, Brasil, Errusia, India eta Txinan. Bertan, beste kontsolek eta jokoek duten prezioa ordaindu ezin duten pertsona asko baitaude. Hori dela eta, negozioa egiteko aukera ikusi dute Qualcomm eta Manos Tectoy enpresek bertan. Izan ere, herrialde horietan teknologia berrien erabileran hazkunde handia aurreikusten da.
Ezaugarriak
Zeebo kontsolak ez du CD/DVD irakurgailurik izango, eta jokoak sarearen bitartez soilik erosi ahal izango dira. Horretarako, 3G motako konexio bat dakar, eta doakoa izango dena gainera. Brasilen Claro telekomunikazio enpresak emango du konexio hori. USB motako lau konexio izango ditu, eta SD memoria-txartelarentzako erretena. Disko gogorraren ezaugarriei buruz gauza gutxi esan da oraingoz. RAM memoria berria, 1GB tamainakoa izango du.
Jokoak, merkeago
Aurrez aipatu bezala, jokoak sare bidez bakarrik deskargatu ahal izango dira. Horrela, dendetara iristeko egin behar diren paketatze eta banaketa lanak saihestu egiten dira. Bitartekaritza hauek kentzean, jokoen prezioa askoz merkeagoa izango da, hamabi dolar ingurukoa izango dela kalkulatzen da. Gainera, hasiera batean jokoak ezingo dira ez grabatu ez eta inori utzi ere. Zeebo-ren arduradunek diotenez, prezio baxuekin eta horrelako ezaugarriekin, Brasilen dagoen pirateriari aurre egin nahi diote. Azken helburu hau lortuko den ikusteke dago.
Jokoen ordainketa egiteko Z-Credits deituriko txanpona erabiliko da. Joko bakoitzak hainbat Z-Credits balioko ditu. Horiek gastatu ahala, kontsolatik bertatik Zeebonet sarearen bitartez edo Zeebo-ren webgunean lortu ahal izango dira. Z-Credits hauek kontsolan gordeko dira, eta ezin izango dira beste batekin elkarbanatu. Jokoen erosketan arazorik egon ez dadin, joko osoa jaitsi dela ziurtatu arte ez da kobratzerik egingo.
Jokoak garatzeko hitzarmena
Kontsola izateak ez du ezer askotarako balio ondoren jokorik ez baldin badago bertan jolastu ahal izateko. Hori dela eta, Zeebok hitzarmen bat sinatu du EA, Namco, Sega eta gisako joko-garatzaile garrantzitsuekin. Horrela, 2009. urtearen amaierarako 50 joko eskuragarri izatea espero dute.
Brasilen ekaina hasieran merkaturatzeko iragarrita dago. Oraindik ikusteko dago zer-nolako erantzuna izango duen, baina hasiera batean interes handia piztu du gailu berri honek. Horrelakoetan esan ohi den bezala, denborak jarriko du bere lekuan.
Iruzkinak ezgaituta
|