Apirila, 2009 -rako artxiboa

Mozilla Firefox nabigatzailea Netscape Navigator-en errautsetatik sortu zen. Harrezkero, gero eta ezagunagoa egiten joan da urteetan. Nabigatzailearen erabilera bereziki Europan da handia, eta horren adibidea joan den astean jasotako albistea: Firefox 3 Internet Explorer 7 baino gehiago erabili zen. Webguneetako erabilerari buruzko estatistikak ateratzen dituen StatCounter etxeak ateratako datuen arabera, urteko hamahirugarren astean Firefox izan zen nabigatzailerik erabiliena. Bertako arduradunen esanetan, aldaketa horren arrazoia, Firefox-en goranzko joeraz gain, Internet Explorer-en erabiltzaileak 7 bertsioa erabiltzetik 8a erabiltzera pasatu direla da. Arrazoiak arrazoi, aste historikoa izan dela esan daiteke, urte askotan Microsoften nabigatzailea izan baita jaun eta jabe arlo horretan.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Sun enpresa informatika munduan dagoen enpresarik errespetatuenetakoa izan da beti. Bertan sortuak dira, besteak beste, Unix sistema eragilea eta Java programazio lengoaia. Azken aldian behin eta berriz aipatzen den hodei konputazioaren arloan ez zegoen oso argi zer jarrera hartuko zuen. Duela aste batzuk, Sun-en zein zen erakutsi zuen. Sun Cloud izena du eta bi zerbitzu jarri dituzte abian oraingoz: Storage Service eta Compute Service. Izenek dioten bezala, biltegiratze eta konputazio zerbitzuak eskainiko dituzte. Aipatutako arlo horietan, gaur egun Amazon da jaun eta jabe, baina Sun garrantzitsua izan daiteke. Izan ere, urteetan metatuko esperientziak eta izandako aldaketa teknologiko guztiek hodei konputazioaren arloan protagonista izateko ahalmena ematen diote.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Toki bat mapan kokatzea bezalako lanak ez dira hain zailak gaur egun. Horretan asko laguntzen dute azken urteetan ezagun egin diren mapa zerbitzuek. Beste alor askotan bezala, Google-ren zerbitzua izan zen ezaguna egiten aurrenekoa. Bere erabiltzeko erraztasunak eta emaitzak ematerako orduan zuen azkartasunak berehala liluratu zituen erabiltzaileak.

Hasierako funtziorik erabiliena, helbide bat bilatzea izan arren, pixkanaka bestelako erabilerek ere indarra hartu dute. Horretarako, oso garrantzitsuak izan dira satelite eta hegazkin bidez ateratako argazkiez osatzen diren mapak. Bidai bat egiterako orduan, gaur egun zehatz-mehatz jakin daiteke tokiaren kokapena, inguruan zer duen eta abar. Erabiltzaileari duela ez urte asko bertaratu gabe jakitea ezinezkoa zitzaion informazioa eskura jartzen diote mapa-sistemek.

Google Maps

Mapa-sistemen artean ezagunena da Google Maps. Zerbitzu hau 2005eko udazkenean sortu zuten, eta etxe horren beste hainbat zerbitzuk bezala berehala lortu zuen erabiltzaile multzo garrantzitsu bat. Ondoren, denborarekin ezaugarri gehiago eransten joan zaizkio. Horien artean, mapa, satelitea eta biak nahasian ikusteko aukera edota ibilbideak osatzeko aukera aipa daitezke. Azken aukera honekin, ViaMichelin eta gisako zerbitzuei lehia zuzena egiten hasi zen Google. Duela gutxi, hiriburu garrantzitsuenetako kaleak ere atzigarri jartzen hasi da: StreetView izena du zerbitzu horrek.

Googleren lehiakideak diren Yahook eta Microsoftek ere badute beren mapa-zerbitzua. Geroago kaleratu zituzten, eta gaur egun galdutakoa berreskuratzeko lasterketan murgilduak daude.

OpenStreetMap

Mapa libre eta editagarriak sortzeko lankidetza-proiektu bat da OpenStreetMap izenekoa. Lan horretan, GPS bidez atzitutako informazio geografikoa, ortofotoak eta bestelako baliabide libreak erabiltzen dira. Komunitate ireki bat denez, edozein erabiltzailek egin ditzake ekarpenak behin erregistratu ondoren. Martxoan ehun mila erabiltzaile izatera iritsi da komunitatea, eta horietan 7.500 erabiltzailek egin dute ekarpenen bat.

B5m

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da 1:5000 edo B5m izenekoa, eta bertan Gipuzkoako plano eta ortofotoak ageri dira. Horrez gain, kale izendegi osoa, eraikin eta baserrien izenak eta beste hainbat informazio ematen du. Zati batzuetan, txoribista izeneko irudia ikusteko aukera ematen du. Irudi horiek hegazkin bidez hartutakoak dira.

Mashup aplikazioak

Horrela deitzen zaie web zerbitzu desberdinez baliatuz balio erantsia ematen dioten aplikazio edo webguneei. Web zerbitzu horiek mota askotakoak izan daitezke, eta mapa-zerbitzuaz baliatzen direnak ere bai. Aplikazio hauek sortzeko, zerbitzua eskaintzen dutenek API edo komunikazio interfaze bat eskaintzen dute. Hori ustiatuz, norbere neurrira egokitutako beste aplikazio bat sor dezake. Horrelako bi adibide dira Tagzania eta SIGPAC izenekoak.

Tagzania aplikazioa ezaguna egin da Euskal Herrian; izan ere, bertan garatutakoa baita, CodeSyntax enpresak hain zuzen ere. Bertan, erabiltzaileak interesgarriak iruditzen zaizkion lekuak markatu edo etiketatu ditzake. Hasiera batean etiketa guztiak berdinak baziren ere, azken bertsioan bereiztu egiten dira, eta, horrela, lekuak, jatetxeak, eraikinak eta abar etiketatu daitezke.

SIGPAC izeneko aplikazioa, berriz, Espainiako Ingurumen Ministerioak garatutako aplikazioa da. Landa eremuetako distantziak eta terrenoen azalerak neurtzeko balio du. Aplikazio honekin, ordenagailutik mugitu ere egin gabe, terrenoaren azaleraren kalkulu oso zehatza atera daiteke.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Aurreko astean argitaratu zen albiste batek hautsak harrotu zituen Internet bidez musika entzuten duten erabiltzaileen artean. Izan ere, Last.fm musika zerbitzua ordainpeko bihurtuko zela esan baitzuten arduradunek. AEB, Erresuma Batua eta Alemania izango ziren zerbitzua doan jasoko zuten bakarrak. Albistea ziztu bizian zabaldu zen sarean, baita horri buruzko ondorioak eta erreakzioak ere. Berez, martxoaren 30ean jartzekoa zen indarrean erabakia, baina ez da hala izan. Arduradunek jaso duten erreakzio eta feedback kopurua dela eta, erabakia atzeratzea erabaki dute. Hala ere, Last.fm-ko blogean zerbitzua ordainpeko bihurtzearen arrazoiak azaltzen dituzte. Bertan aipatzen dutenez, Last.fm publizitate salmentarekin finantzatzen dute, baina ezin dute mundu guztiko herrialdeetan saldu publizitatea. Ondorioz, publizitatea saltzen ez duten herrialdeetan harpidetza bidez jarriko dutela esan dute.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Txinan iturburua duen espioitza informatikoko nazioarteko sare bat atzeman dute. Duela egun gutxi argitaratutako txosten batek dioenez, 103 herrialdetako ordenagailuak, administrazio publikokoak zein erabiltzaile pribatuenak, izan dira espioitza kasu berri honen jomuga. Lau zerbitzaritik hiru Txinan zituen espioitza sare hau Dalai Lama-ren ordengailuetan ere sartuta omen zegoen. Torontoko Unibertsitateko adituek esan dutenez, oraingoz ezin esan Txinako gobernua kasu honen atzean egon litekeenik, nahiz eta batzuek hori esan. Instalatuta zegoen espiatzeko programak ordenagailuko kamara edo grabagailua piztu eta gelako elkarrizketak grabatzeko gaitasuna zuen. Baina adituek ezin izan dute ziurtatu kutxatutako ordenagailuetan horrelako ekintzarik burutu ote den.

Comments Iruzkinak ezgaituta