“Internet” kategoriarako artxiboa

ComScore aholkulari etxeak pasa den abenduan egin zuen kontaketaren arabera, mila milioi internauta daude munduan. Erabiltzaile gehien duen kontinentea Asia da, eta horren barnean Txina, 179 milioirekin munduko internauta guztien %18 baitaude han. Zifra hori, hala ere, Txinak esaten duen 300 milioi erabiltzailetik urrun dago. Baina esan behar da ComScore-ek egindako kontaketan ez direla ordenagailu publikoak sartu; beraz, ziberkafeak ere kanpoan utzi dira, eta horietan ibiltzen dira Txinako internauta asko. Haren atzetik, AEB eta Japonia daude.

Bisitatutako orrialdeei dagokienez, Googlek jaso du bisita gehien. Pasa den abenduan, internauten %77k Google-ko orriren bat bisitatu zuten. Horren atzetik Microsoft ageri da -erabiltzaileen %64k bisitatu zuten horko orriren bat-, eta ondoren, Yahoo, %55ekin.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Pasa den astean, Obamaren izendapena izan albiste nagusia, hedabideetan ez zen besterik izan. Munduko telebista guztiak izan ziren bertan, eta askok Internet bidez ere eskaini zuten. Emanaldian berrikuntzaren bat gehitu zuen hedabideak ere izan ziren; CNN telebista katea izan horietako bat. Facebook sare soziala integratu zuen bere emanaldian. Hala, izendapena ari zen bitartean hura jarraitzen ari ziren Facebook-ko erabiltzaileek elkarrekin komentatzeko aukera izan zuten. Telebistaren esperientzia soziala probatu ahal izan zen.

Sare sozialak ematen duen aukera erabili gabe ere egin zezakeen CNN-k, solasgune bat jarrita esate baterako. Baina Facebook-en eskaintzen duen Facebook Connect tresna erabiltzea aurrerapauso garrantzitsua izan zen. Izan ere, sare sozialeko erabiltzaileen %99 benetako nortasunarekin aritzen dira hor, eta, gainera, bakoitza bere kontaktuekin sartzen da.

Horrekin guztiarekin, izandako esperientzia askoz hobea izan zen, troll gutxiago, zarata gutxiago eta erabiltzaile interesgarri gehiago bildu baitziren.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Pasa den urtean hasitako ekimenari jarraituz, aurten ere abian dira zortzi@2008 sariak. Teknopataren txokoan antolatzen den bozketa honek 2008an euskarazko blogosferan izan diren berrikuntzarik / ekarpenik /gertaerarik onenak saritzea du helburu. Horretarako, bere webgunera jo eta abenduan zehar aukeratu ziren hautagaiak bozkatu behar dira. Bozketa urtarrila osoan zabalik izango da; beraz, oraindik badago astia. Aurreko urtean zazpi@2007 izena zuen sariketak, eta bertan Elebila.eu izan zen bozkatuena. Aurtengoa aukeratzeko, badakizu, sartu teknopataren txokoan eta bozkatu!

Comments Iruzkinak ezgaituta

Nork ez ditu etxean aspaldi ukitu ere egin gabeko liburuak? Edo nor ez da joan liburu bat erostera eta erosi gabe irten prezioagatik? Egoera horiei aurre egiteko, liburuen trukea izan daiteke irtenbideetako bat. Hain zuzen ere, zerbitzu hori ematen du BookMooch webguneak. Haren funtzionamendua puntu bidez erregulatzen da. Liburu bat eskatu ahal izateko, puntu bat eduki behar du erabiltzaileak. Hori lortzeko, hamar liburu jarri behar dira eskaintzen, liburu bakoitzeko 0,1 puntu lortzen baita. Ondoren, bidalketa egiteagatik ere lortzen dira puntuak. Aldiz, liburu bat jasoz gero, puntuak kendu egiten dira. BookMoochek kudeatzen duen datu basean munduko liburuak azaltzen dira; erabiltzaileak bertan bilatzen du eskuratu nahi duen liburua, eta gero eskaera egiten du. Hori guztia, jakina, erregistratu ondoren.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Gabonen inguruko egunak iristen direnean, sarean ere igarri egiten da hori. Batzuek beren diseinuak zertxobait aldatu egiten dituzte, beste batzuek postal elektronikoak bidaltzen dituzte e-postaz, etabar. Gabon inguruan baita ere, etengabe aipatzen diren pertsonaiek beren txokoa hartzen dute sarean. Euskaldunen kasuan, Olentzero da lehenengo pertsonaia.

Ikazkin ezagun horrek webgune bat baino gehiago ditu berari buruzkoak. Informazio orokorra emateaz gain, haurrentzako beste hainbat tresna ere eskaintzen dituzte.

Artikulu honetan, Olentzerori buruz sarean dagoen informazioaren bilduma bat egin da. Nahiz eta hiruzpalau gune erakutsi, euskaraz Olentzeroren inguruan sarean zer dagoen jakiteko balio du.

Wikipedian

Munduko entziklopedia libre handienean egon beharra zeukan Olentzerok, eta baita egon ere. Norbaitek bere borondatez sartu duen informazioa da, Wikipediako sarrera guztiak bezala. Bertan, Olentzero izenaren nondik norakoak, izenak Euskal Herriko txokoetan dituen aldaerak eta abar azaltzen dira. Euskal kondairan Olentzero non kokatzen den ere azaltzen da. Eta azkenik, Olentzero kanta ezagunaren letra azaltzen da. Pertsonaia hau ezaguten ez dutenentzat oinarrizko informazioa jasotzeko artikulu interesgarria.

Olentzerozaleen elkartea

Euskal Herrian gauza eta ekintza guztietarako elkarteak daudenez, Olentzerozaleek ere badute beren elkartea. Eta, nola ez, beraien jarduna sarean zabaltzeko webgunea ere bai. Bertan, blogen formatuaz baliatuz, elkartea osatzen duten herrietako ekitaldien berri ematen da. Agenda bat ere badago, hurrengo ekitaldiak zein izango diren azaltzen duena. Hori guztia osatzeko, Olentzeroren inguruko kantuen hitzak dauden atala ere badago. Eta, azkenik, elkartekideen ekitaldietan ateratako argazkien bilduma ere badago.

Haurrentzat

Gaztetxoagoengan pentsatuta egindako webguneak ere badira. Osatuenetakoak Olentzeroren borda eta Olentzaroren txokoa izenekoak dira. Bertan, erabiltzailaileari hainbat jolas proposatzen zaizkio. Lehenengo webgunean, esaterako, Flash teknologia erabiltzen duten hiru joko eskaintzen dira. Guztiak Gabon kutsukoak dira, eta etxeko txikienentzako denbora-pasa entretenigarriak dira. Webgune horretan bertan, Olentzeroren irudia inprimatu eta margotzeko aukera ematen da. Horrez gain, postal batzuk ere jartzen dira erabiltzailearen eskura.

Olentzaroren txokoa ere etxeko txikienentzat edukiz betea dago. Flash teknologian oinarritzen den bertsioa edo bertsio sinplea ikusteko aukera eskaintzen du. Lehenengoa da, noski, elkarrekintza gehien ematen duena. Hamar atalez osatua dago webgunea; batzuetan erabiltzailearen parte-hartzea derrigorrezkoa da. Hala, bakoitzak bere postala marrazteko aukera du, Olentzerori gutuna idaztekoa eta jolas bilduma zabala. Bertan, hamabi aukera eskaintzen dira jolasteko, gehienak, nola ez, Olentzerorekin lotuak. Baliabideak deskargatzeko aukera ere badu, denbora-pasak, margotzeko marrazkiak eta abar daude aukeran.

Eguberrietako egunetan, etxeko txikiak sarera hurbiltzeko beste aukera bat izan daiteke hemen aurkeztu dena. Informazio orokorraz gain, elkarrekintza eskatzen duten proposamenak ere badaude, eta horrek balio erantsia ematen die webguneei. Gainera, Flash teknologiaz baliatzen direnez, ikusgarritasuna areagotu egiten da, eta kasu honetan hori oso garrantzitsua da.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Fitxategiak partekatzeko erabiltzen diren P2P edo puntutik punturako aplikazioak oso erabiliak dira. Nork ez ditu ezagutzen Napster, eMule edo Kazaa aplikazioak? Jakina da izen horiek aipatzean, polemika ere beraiekin doala. Dena dela, ezin da ukatu etxeko ordenagailu askotan lan gehien egiten duen programa mandoa dela.

Azkenaldian, hasieran aipatu diren aplikazioak izan dituzten lege arazoak edo funtzionamendu arazoak direla eta, antzeko beste software batzuk azaldu dira. Nahiz eta sarean daudela urte batzuk izan, orain ari dira arrakasta lortzen. Beren aurrekoak izan dituzten arazoak sahiestu, beste ezaugarri batzuk hobetu eta gaur egun indarra hartu dute. Horren adibide garbia dira azalduko diren bi aplikazioak.

P2P

Toki askotan ikusten diren siglak dira P2P, sarritan, gainera, lege arazoekin erlazionatuta zoritxarrez. Informatika munduko izen gehienak bezala, P2P ere ingelesetik dator; peer to peer, alegia puntutik punturako konexioa. Aplikazio mota horiek ez dira zerbitzari jakin batetara konektatzen, baizik eta ordenagailu bakoitzak egiten du bezero eta zerbitzari lana. Informazioa ez da zentralizatuta biltegiratzen, baizik erabiltzaile bakoitzak berea partekatzen du. Horrela, erabiltzeak dira sarea osatzen dutenak, P2P sarea, hain zuzen.

P2P aplikazioak hainbat erabilera dituzte, nahiz eta askotan mota guztietako fitxategiak (audioa, bideoa, eta abar) partekatzeko erabiltzen diren. Beste erabilera ezagun bat Internet bidezko telefonia da; hor ahotsa da punturik puntura garraiatzen den informazioa.

Ares Galaxy

Orokorrean, Ares bezala ezagutzen da P2P aplikazio hau. 2002an sortu zen arren, ez da ezaguna egin duela gutxi arte. Hasieran erabiltzaile gutxi zituen Aresek, denborarekin eta Kazaa moduko aplikazioak jasandako onarpen jaitsiera zela medio, ezagunagoa egiten hasi zen. 2005ean, bere sortzaileak ezin zioten eutsi Aresek hartu zuen abiadari. Bertsio berriak kaleratzera ez ziren iristen eta erabiltzaileen eskaerak gero eta gehiago ziren. Hori ikusita, kodea aske jarri zuten Sourceforge zerbitzarian, eta ordutik aurrera, garaitzaile gehiago sartu ziren proiektuan. 2007an 2.0.9 bertsioa kaleratu zuten, eta berrikuntza handiak ekarri zituen. Horrekin batera, erabiltzaile sarea jadanik oso handia zenez, bere ospeak gora handia izan zuen.

Bere erabilera, antzeko aplikazioak bezalakoa da. Abantailarik handiena, sarera konektatzeko eta fitxategiak hartzeko abiaduran nabaritzen da. Beste aplikaziotan ilara baldin badago, itxoin egin behar izaten da jaisten hasi aurretik. Aresen berehala hasten da. Abiadura handiagoa lortzeko beste arrazoi bat da bere sare propioa izatea. Emule bezalako aplikazioek sarea partekatu egiten dute beste aplikazio batzuekin. Horrek bere abantaila eta desabantaila du, fitxategien katalogoa handiagoa da, baina aldi berean abiadura txikiagoa. Aldiz, Aresen sarea beretzat soilik da, horrela, lortzen diren abiadurak oso onak dira. Aldiz, katalogoa ez da besteak bezain zabala, baina abantaila hori gero eta murritzagoa da.

LimeWire

Antzeko funtzionamendua duen aplikazioa da LimeWire. Horrek ez du sare propiorik, eta Gnutella sarea erabiltzen du fitxategiak partekatzeko. Hala ere, jaitsierako abiadura ona lortzen du. Java hizkuntzan garatuta dago LimeWire, ondorioz, funtzionatu ahal izateko JRE (Java Runtime Enviroment) instalatua izan behar da. Kode irekikoa da, eta Windows, MAC OSX eta Linux plataformatarako bertsioak daude.

LimeWire eskuratzeko bi aukera daude: bata, doako bertsioa hartzea, eta, bestea, ordaintzea. Azken horrek, hainbat balio eta zerbitzu erantsi dakartza: iturri gehiagotara konexioa, abiadura azkarragoa, bilaketa hobeak eta laguntza teknikoa.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Askok ohituragatik, beste batzuk alferkeriagatik, beste batzuk baimenik ez dutelako lantokian eta baita ezjakintasunagatik ere, ordenagailua ez dute euskaraz erabiltzen. Hau da, ezin dute ordenagailuan egunero egiten dituzten lanak euskaraz burutu.

Azken asteotan artikulu bat batzuk idatzi ditut ordenagailua euskaraz funtzionatzen jartzeko kontuarekin. Bertan, ordenagailuaren oinarrizko elementuak, sistema eragilea eta gehien erabiltzen diren aplikazioak, euskaraz nola jarri azaltzen saiatu naiz.

Gaiaz interesa duenari lana errazte aldera, hemen jartzen ditut artikuluen estekak.

Comments 3 iruzkin »

Interneten geolokalizazioan eta mapak erabiltzen aitzindaria izan da Tagzania, eta aurpegi berria erakutsi zuen joan den astean. Webgunean sartu ondoren, diseinuan nabaritzen da berrikuntza handiena. Orain arteko hondo beltza utzi, eta orain zuria da nagusi. Tagzania izenak duen hitz-jokoarekin jarraituz, diseinuak badu halako kutsu afrikarra ere; oso dibertigarria, bide batez. Funtzionalitateei dagokienez, Panoramio webguneko argazkiak ikusteko aukera gehitu dute, eta markatutako puntuak ikono desberdinekin erakuts daitezke. Esate baterako, markatutako puntua jatetxe bat baldin bada, orain jatetxea adierazten duen ikonoarekin jar daiteke. Erabiltzailearen esperientzia hobetu nahi izan dute aldaketa horiekin guztiekin.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Sareko telebisten arloan Espainian lehenengo izandakoa, Mobuzz TV, itxi egin behar izan dute, azkenaldiko finantza arazo larrien ondorioz. Duela aste batzuk, 180 herrialdetan ikusten zen programazioa eten egin behar izan zuten laguntza eskatzeko. Mezu horretan, krisi ekonomikoak nola eragin zien azaldu zuten: publizitatetik zituzten sarrerak jaitsi egin zirela. Hori zela eta, jendeari laguntza eskatu zioten, eta bai erantzun ere, 32.000 euro lortu baitzituzten. Hala ere, ez da nahikoa izan aurrera jarraitzeko, eta aste batzuk geroago behin betiko itxi behar izan dute Mobuzz TV. Hori dela eta, jendeak emandako dirua berriro itzultzen ari dira. Nahiz eta proiektu bat bertan behera geratu den, jorratutako bidea ez da alferrik izan. Antzeko proiektuentzako erreferentzia izan da denbora honetan, eta Interneteko telebistaren munduan Mobuzz izena luzaroan gogoratuko da.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Web nabigatzailea gaur egun ordenagailuan gehien erabiltzen den aplikazioa dela esan daiteke. Interneten zabalkundeak gero eta ezagunagoak egin ditu, eta denborarekin ezaugarri berriez hornitu dira. Gero eta ekintza gehiago egiten direnez sarean zuzenean, nabigatzaileek informazioa prozesatzeko gaitasuna areagotu egin dute. Posta elektronikoa sarean eduki ez ezik, orain ohikoa da dokumentuak idaztea eta kalkulu-orriak ere sarean erabiltzea. Hori guztia ongi egin ahal izateko, tresna ahaltsuak bihurtu dira web nabigatzaileak.

Euskaraz ere erabil daitezke, eta, horren harira, dauden aukerak azalduko ditugu. Horrez gain, interesagarriak diren beste tresna pare bat ere erakutsiko ditugu.

Mozilla Firefox

Netscape Communicator nabigatzailearen ondorengoa dela esan daiteke Mozilla Firefox. Aske utzi zen haren kodea hartu baitzen oinarri gisa Firefoxen lehen bertsioa kaleratzeko. Ondorioz, Firefox kode irekiko aplikazoa da. Dena dela, garai hartatik bide luzea egin du, eta emaitzak hor daude; gero eta erabiltzaile gehiago ditu. Duela hilabete batzuk Firefox 3 bertsioa kaleratu zen, eta horrek ere beste bultzada bat eman dio.

Bere ezaugarri nagusien artean, erlaitzetan oinarritutako nabigazioa aipatu behar da. Orri bat baino gehiago aldi berean irekita eduki nahi badira, lehen lehioak irekitzen ziren. Horrek, azkenean, erabilera zailagoa egiten zuen. Baina Firefoxen bigarren bertsiotik aurrera erlaitzak gehitu zitzaizkion, eta, horrela, lehio bakar batean nahi adina orri eduki daitezke irekita. Horrez gain, gehigarriak instalatzeko aukera, eguneraketak automatikoki bilatu eta instalatzea eta beste hainbat ezaugarri ditu.

Euskarazko bertsioa Librezale.org taldeak mantentzen du, beraiek dira Firefox euskaraz izatearen arduradunak. Nabigatzailea euskaraz hartzeko Firefoxen gune ofizialetik edo Librezale.org webgunetik har daiteke. Instalazioa oso intuitiboa da, pauso bakoitza erraz egin daiteke eta, gainera, Internet Explorer nabigatzaileko informazioa inportatu daiteke.

Internet Explorer

Oraindik ere gehien erabiltzen den nabigatzailea da Internet Explorer. Windows sistema eragilearekin zuen nagusitasunaz baliatu zen Microsoft bere web nabigatzailea zabaltzeko. Hainbat epaiketa egin dira kontu hori dela eta, baina oraindik ere hor dago. Nabigatzaile hau ezaguna egin da aurkitu dizkioten segurtasun zuloengatik, besteak beste. Izan ere, erabiltzailearen ordenagailuaren segurtasuna behin baino gehiagotan utzi du airean. Nahiz eta proportzioan gero eta presentzia txikiagoa izan, oraindik nagusi da.

Momentu honetan, bertsio berriena Explorer 7 da, baina Explorer 6 ere asko erabiltzen da oraindik. Horiek euskaraz jartzeko bi bide daude: sistema eragilea euskaraz jartzea eta interfaze paketea hartzea. Windows XP euskaraz jartzen denean, Explorer 6 nabigatzailea ere automatikoki euskaratu egiten da. Aldiz, Explorer 7 euskaratzeko interfaze paketea hartu eta instalatu behar da. Windows Vista plataforman, berriz, euskaraz jartzean nabigatzailea ere euskaraz jartzen da.

Euskalbar

Arestian aipatu da Firefoxen gehigarriak instalatu daitezkela. Mota askotakoak daude, baina euskaldunen artean bat nabarmendu da: Euskalbar, hain zuzen ere. Gehigarri horrek euskarazko hiztegi gehienetan kontsultak egiteko balio du: Elhuyar, Euskalterm, Hiztegi Batua eta abar. Kontsulta bat egiteko hiztegia dagoen webgunera jotzea sahiesten du eta, gainera, hiztegi bat baino gehiagotan ere egin daiteke bilaketa. Itzultzaileen artean oso ezaguna den arren, euskaraz idazten duen edonorentzat da gomendagarria Euskalbar.

Euskalduna zara Interneten?

Interneten hizkuntzen erabilerari buruzko datuak ateratzerako orduan, nabigatzaileak erabiltzen duen hizkuntza hartzen da kontuan. Euskararen kasuan oso garrantzitsua da, izan ere, askok konturatu gabe gaztelaniaz nabigatzen dute, nahiz eta euskaldunak izan. Horrela, datuak ateratzean, erabiltzaile euskaldunak direnak baino gutxiago azaltzen dira. Zein hizkuntzatan nabigatzen den jakiteko, Sustatu.com web gunera sartzea nahikoa da. Bertan sartzean, hizkuntza detektatzen du eta euskara ez bada abisatu egiten du. Abisua eman ez ezik, aldatzeko zer egin behar den ere azaltzen da.

Comments Iruzkinak ezgaituta