“Internet” kategoriarako artxiboa

Gaur egun Interneten informazioa bilatzeko erabiltzen den webgune garrantzitsuenetako bat da Wikipedia. Milaka boluntario aritzen dira informazioa sartzen, eta hizkuntza asko daude beren bertsioa dutenak, euskarazko Wikipedia ere badago. Sareko auzolanaz osatzen den entziklopediak, hala ere, baditu gastuak. Bisitari kopurua hazten ari den neurrian, behar diren baliabide teknikoak ere gehiago dira. Zerbitzari ahaltsuagoak behar dira, Interneterako konexio gehiago, eta, oro har, informazioa kudeatu eta zerbitzatzea garestiagoa egiten da.

Hori dela eta, Wikimedia fundazioak, Wikipedia kudeatzen duen erakundeak, urtero egiten du diru bilketa egiteko kanpaina bat. Aurten ere iritsi da sasoia, sei milioi dolar lortu nahi dira donazioen bidez. Beraz, Wikipedia erabiltzen dutenek, aberastea, sendotzea eta oraindik ere erabilgarriagoa izatea nahi badute, orain dute aukera beren ekarpena egiteko.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Urtebete pasatu da Elebila abian jarri zenetik , eta urtemugarekin batera, zenbait berrikuntza erantsi dituzte. Elebila berrituak euskarazko irudi bilatzailea eta sinonimia bidezko bilaketak egiteko aukera ematen du. Irudi bilatzailearen bitartez, erabiltzaileak aukera izango du euskaraz, zein beste edozein hizkuntzatan idatzitako testuei dagokien irudiak bilatzeko. Bestalde, Elebilak sinonimia bidezko bilaketak egiteko aukera ere eskaintzen du. Hau da, erabiltzaileak euskarazko hitz bat idazten duenean, Elebila bilatzaileak hitz horren sinonimoak ere erakusten ditu: adibidez, triku idatziz gero, kirikiño edo sagarroi hitzak ere proposatuko ditu.

Era berean, edozein banakok edo enpresak bere blogean edo webgunean Elebila integratzeko aukera ematen du Elekak www.elebila.eu webgunean. Baita Microsoft Word-en eta Open Office-en plugina integratzeko aukera ere. Gainera, aipatu beharra dago mugikorretatik atzitu ahal izateko prestatuta dagoela.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Teknologia berrien munduan ohiko bihurtzen ari den legez, Googlek berriro ere protagonista izatea lortu du, baina oraingoan ez da web zerbitzu bategatik izan. Ikasturte hasieran, Chrome web nabigatzailea eta Android sistema eragilea duen lehen eskuko telefonoa aurkeztu dituzte. Artikulu honetan web nabigatzailea izango da ardatz; haren berrikuntza teknikoez gain, Googlek hori garatzeak zer suposatzen duen aztertu nahi dugu.

Berrikuntza teknikoak

Nahiz eta Chromeren irteerak oihartzun handia lortu duen, ez da ahaztu behar oraindik amaitu gabeko tresna bat dela. Hala ere, Google ezagututa, ziur egon hobekuntzak bata bestearen atzetik etorriko direla hemendik aurrera. Dena den, tresnak izan ditu lehenengo balorazioak, baita euskal internauten artean ere.

Erabiltzen hastean, lehenengo ezaugarri interesgarria haren diseinua da; oso sinplea eta arina. Baina itxura baino gehiago da. Esate baterako, helbideak jartzen diren barra bilaketa barra da aldi berean. Modulu horrek Omnibar du izena, eta karaktere batzuk idaztean, berehala hasten da nabigatzailea helbideak proposatzen.

Beste berrikuntza bat erakusten duen lehenengo orria da. Orri horretan, azkenaldian gehien bisitatu diren webguneak azaltzen dira. Horrela, berriro bertara joateko ez dago ezer idatzi beharrik, esku-eskura jartzen baitu Chromek.

Exekuzio abiadura ere oso azkarra da, horrela iragarri zuten eta, egia esan, nabaritzen da. Horretan lagundu du Googlek webgunetako javascript kodea prozesatzeko garatu duen V8 motor berriak.

Estrategia kontua

Azken urteotan Interneteko nagusia Google izan dela inork ez du zalantzan jartzen. Bera izan da sarean egokien mugitzen jakin izan duen enpresa. Orri hauetan ere sarritan erakutsi izan dira haren web zerbitzu batzuk. Ezagunenen artean ondorengoak daude: bilatzailea, posta zerbitzua (Gmail), sareko bulegotika (Google Docs) eta abar. Eduki horietara guztietara atzitzeko, ordea, besteren nabigatzaileak erabili behar dira. Horien artean erabiliena Microsoften Internet Explorer da, Googleren arerio nagusia.

Argi dago Googleri ez zaiola batere gustatu bere webguneak atzitzeko bere aurkari nagusiaren nabigatzailea erabiltzea. Eta, nahiz eta Mozilla Firefox nabigatzailea diruz laguntzen duen, duela bi urte bere web nabigatzaile propioa garatzen hasteko erabakia hartu zuen. Web nabigatzaileak egiten du erabiltzailearen ordenagailuaren eta Interneten arteko zubia; orain arte Microsoft nagusi izan da eremu horretan. Hala, guztiz garrantzitsua da erabiltzaileak sarea atzitzeko erabiltzen duen tresna norberarena izatea. Kasu honetan, horrela ulertu behar da Googlek egindako urratsa.

Esate baterako, Internet Explorerri gehitu zaion azken ezaugarrietako bat Googleren AdSense publizitate eremuak kentzeko aukera da. Horrela, erabiltzailea nabigatzen ari denean publizitate hori ikusi gabe egin dezake. Horrek, jakina den bezala, publizitate gutxiago ikustea dakar, eta, ondorioz, Googleren diru sarrerak gutxitzea. Ez da ahaztu behar Googleren diru sarrera handiena publizitatetik datorrela. Beraz, jendeak ahalik eta gehien ikustea komeni zaio. Arazo horri aurre egiteko, zer hobe bere nabigatzaile propioa ateratzea baino.

Etorkizuna

Garbi dago etorkizuna erabiltzailearen nabigatzeko ohiturak aztertzea izango dela. Hori egiten duenak bere produktuak hobeto egokitu ahal izango ditu erabiltzailearen beharretara. Eta horretarako beharrezko tresna web nabigatzailea izatea da. Hala, zenbat eta erabiltzaile gehiagok erabili, nabigatzeko ohiturei buruzko informazio gehiago metatu ahal izango da.

Kontu horrek erabiltzailearen kontrolari buruzko eztabaida bete-betean ukitzen du. Izan ere, Interneten nabigatzean, ez da webguneetan soilik utziko arrastoa, baita web nabigatzaileetan ere. Gainera azken horiek sarean sartzen denetik irten arteko mugimenduak kontrolatu ahal izango dituzte.

Microsoft eta Googleren begiradapetik irteteko modua izango da Mozilla Firefox eta halako nabigatzaileak erabiltzea? Denborak esango du.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Bilatzaile berri hau bere sortzaileen jatorriak bermatuta dator. Googleko langile izandako batzuek sortua da, eta baditu funtzionatzeko eran hainbat berrikuntza. Hasierako orria oso soila ikusten da: hondo beltz baten gainean, bilaketa kaxa eta Cuil logotipoa ageri dira. Horra arte ez dago ezer berezirik. Baina bilaketa bat egitean hasten dira desberdintasunak azaltzen.

Lehenik eta behin, emaitzak ez ditu guztiak zutabe bakar batean goitik behera erakusten. Emaitzak hiru zutabetan azaltzen dira, eta horren gainean, bilatu nahi denaren inguruko emaitza multzoak erakusten ditu. Esate baterako, basque hitza bilatzen bada, erlaitzetan Pays Basque, Basque Country eta Basque language multzoak proposatzen ditu, besteak beste. Horrez gain, eskuineko zutabearen goiko aldean, bilaketarekin lotutako kategoriak proposatzen ditu.

Momentuz, euskarazko edukiak oso urriak dira, baina benetan berritzailea da emaitzak eskaintzeko modua.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Egun mugituak ari dira gertatzen web nabigatzaileen inguruan, aurreko astean Opera 9.5 kaleratu baldin bazen, atzo Firefox 3 izan zen protagonista. Biak ala biak berrikuntzaz beteak datoz; Operak, esate baterako, orain arte bere ezaugarria izan den orriak kargatzeko abiadura azkarra mantentzen du, merkatuan dagoen azkarrena da. Bai

na nobedade garrantzitsuenetako bat Opera Link izeneko zerbitzua da. Zerbitzu horren bitartez, norbere gogokoak, lasterbidea eta hainbat elementu sinkronizatzeko aukera ematen du, horrela edonondik Opera erabiltzen delarik ere beraietara atzipena izango da. Firefox-en aldetik berriz, nabigazio barra adimentsua nabarmendu daiteke besteak beste. Bertan, erabiltzaileari maizen bisitatzen dituen web guneak proposatzen zaizkio. Segurtasun aldetik ere hobekuntza nabariak dakartza.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Interneten aurki daitekeen informazio-masa oso handia dela ez da nobedadea, eta horietako RSS bidez atzitu daitezkeela ere ez. Adibide garbia, azkenaldian RSS irakurgailuen (Google Reader, Bloglines eta abar) erabilerak izan duen gorakada da. Jarioak sindikatzeko erraztasunak eta ematen duten erosotasuna izan dira arrakastaren giltzarri.

RSS jarioen hazkundearekin batera, informazio erauntsia ere etorri da. Lehen informazioa bilatu egin behar zen, eta orain norbere RSS irakurgailuan dauka. Esate baterako, gaur egun oso arrunta da erabiltzaile bakoitza hogei jariotik gora harpidetuta egotea. Eta nahiko arrunta da berrogei RSS jariotara harpidetuta dagoen jendea aurkitzea ere. Horrek zer ekarri du? Intereseko informazioa aurkitzeko lan handiagoa egin behar dela. Askotan bertan dago, RSS irakugailuak ekarri du, baina hainbestekoa da dagoen informazioa, benetan esanguratsua dena aurkitzea zail egin dela.

Mashup

Ingelesezko termino hau, azken boladan azaltzen ari diren webguneak definitzeko erabiltzen da. Funtsean, bere funtzionamendu independentea duten web zerbitzu bat edo gehiago hartu, nahastu eta sortzen den beste zerbitzu berriari deitzen zaio Mashup. Esate baterako, Googleren mapa zerbitzua erabiliz sortzen diren webguneak (Tagzania, Panoramio eta abar) mashup bezala ezagutzen dira.

RSS jarioekin ere egin daitezke horrelako nahasketak, eta hori egiteko zerbitzua eskaintzen duten webguneak ere badaude. Era horretara, RSS irakurgailuan sortzen den informazio gainezkada iragazi egin daiteke eta beste jario arinagoak sortu, kalitatezko informazioa soilik izango dutenak. Filtro horiek era askotakoak izan daitezke; horrez gain, jario bat baino gehiago bakar batean ere bateratu daitezke. Informazioa kudeatzeko oso praktikoak dira.

Yahoo! Pipes

Unix eta Linux munduan oso ezaguna den hodien kontzeptua hartu du Yahook zerbitzu honetan. Izan ere, informazio hodietatik pasatu eta bertan hainbat eragiketa egiteko aukera ematen du. Egin daitezkeen eragiketa posibleak asko dira; esate baterako, RSS jario bat baino gehiago bakar batean bildu daitezke, ordenatu, irizpide batzuen arabera iragazi eta itzuli egin daiteke. Mapekin eragiketak egiteko ere prestatua dago; horrela, RSS jarioak geokodetu eta mapa batean bisualizatu daitezke.

Yahoo! Pipes zerbitzuarekin, Mashup bat edo informazio nahasketa bat (hodi bat) edozeinek egin dezake. Tresna guztiz era bisualean kudeatu daiteke: saguarekin elementuak aukeratu eta komeni den eran antolatu besterik ez da egin behar. Gainera, erabiltzaile bakoitzak sortzen dituen hodiak ikus daitezke, eta hutsetik abiatu beharrean berrerabili egin daitezke hodiak. Horrela, gero eta ezaugarri aberatsagoak dituzten hodiak sortzen dira.

Microsoft Popfly

Tresna hau ere, programatzaileak ez direnek beraien mashup-ak egiteko da. Oso interfaze bisuala dauka; ez da ezer programatu behar: guztia saguarekin egin daiteke. Mashup-ak sortzeko orduan, Yahoo eta Facebook bezalako webguneekin integratzeko aukera ematen du. Hori bai, Googleren zerbitzuekin ezin da inolako eragiketarik burutu.

Microsoftek, Windows Live plataformako APIetan oinarritutako estrategian, beste pauso bat eman du aurrera Popfly zerbitzuarekin. Gainera, interfaze eta erabilera aldetik Yahoorena baino hobeto dabil. Beraz, lehia gogorra izango dute alor honetan.

Nahiz eta artikulu honetan RSS jarioak kudeatzeari eman zaion garrantzia, aukeztu diren bi tresna hauek funtzio gehiago ere betetzen dituzte. Aipatu den bezala, mapak integratzeko gaitasuna ere badute beste ezaugarri batzuen artean. Beraz, erabiltzaileak jasotzen duen informazioa arindu beharra sentitzen badu, modu erraz eta azkar batean lor dezake bi hauetako edozeinekin.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Ibilbideak egitea gustatzen al zaizu? Bizikletaz, oinez, eskiez edota zaldiz ibiltzen zara, eta datorren asteburuan ez dakizu nora joan? Interneten, mapek ekarri duten iraultzaren ondorio bat, ibilbideak izaten dituzten web guneak izan dira. Bertan, web 2.0 filosofiari jarraituz, erabiltzailea da protagonista, beraiek baitira ibilbide desberdinak kargatuz web gunea aberasten dutenak.

Google Maps eta horiek bezalako aplikazioek beraien funtzionalitateak izateaz gain, bertan oinarrituta, beste zerbitzuak eskaintzeko aukera ematen dute. Hortik abiatuz, norberaren irudimenaren esku dago eskaini nahi duena garatzea. Horrela hasi zen 2006an Jordi L. Ramot Wikiloc proiektuarekin.

Ramot informatikaria da, eta GIS (informazio geografikoko sistemak) ingurunean aritu izan da beti lanean. Bere afizioak kanpoko ekintzak dira, eta egun batean bere ibilbide gogokoenak partekatzeko web gune bat sortzea erabaki zuen. 2006an, Espainiako Googlek antolatutako lehiaketa bat irabazi zuen; eta, hortik aurrera, hazten joan da. 2007an bere diseinua eta funtzionalitateak erabat berritu zituen, eta, horrekin, web guneraren erabilera asko erraztu zen. Horren ondorio nagusia, trafikoaren hazkundea izan zen, 6 hilabetetan bost aldiz handitu zen.

Hasierako orria

Wikilocen sartzean, informazioa erakusteko duen interfazea oso argia dela segituan ikusten da. Nabigatzailea euskaraz nabigatzeko konfiguratua izanez gero, informazioa euskaraz eskaintzen du. Hasierako pantaila hiru ataletan banatzen da, ezker aldean, erabiltzailea konektatzen den tokitik hurbilen dagoen ibilbidea erakusten da. Ibilbidearen maparen azpian berriz, bere profila eta oinarrizko informazioa ageri da, eta horien azpian ibilbideari lotutako argazkiak. Eskuin aldean, erabiltzaileek sartutako azken ibilbideak erakusten dira. Artikulu hau idazterako orduan, 18.000 ibilbidetik gora daude sartuak. Zerrendaren azpian, bilaketak egiteko aukera ematen da, eta horren guztiaren azpian mota desberdinetako eta leku desberdinetako ibilbideak erakusteko aukera.

Ibilbideak bilatu eta deskargatu

Hasierako orrian azaltzen den testu-kutxa erabiltzen da horretarako, bertan, ibilbideak bilatu nahi diren inguruaren izena jartzea nahikoa da. Hori egin ondoren, Wikilocek emaitzak erakusten ditu. Emaitzak erakusten diren orria bi zatitan banatua dago; eskuin aldean, mapa bat ageri da, eta bertan daude inguruan aurkitu diren ibilbideak kokatuta. Ezker aldean berriz, ibilbide horien zerrenda dago.

Ibilbide horietako batean sartuz gero, horren informazio osoa erakusten da. Bertan, ibilbidearen datu guztiez gain (distantzia, altuera, altuera metatua, zailtasuna, egiteko behar den denbora, e.a.), bi elementu bisual azpimarra daitezke: ibilbidearen profila eta mapa. Profilak oso argi adierazten ditu ibilbidearen gorabeherak, eta mapak, berriz, ibilbideko puntu interesgarrienak. Gainera, mapan Panoramio web guneko argazkiak ikusteko aukera dago.

Wikilocek ibilbidea erabiltzeko aukera desberdinak eskaintzen ditu. Norbere web gunean jartzeko HTML kodea ematen da, posta elektronikoz bidaltzeko aukera eta norbere GPS gailura deskargatzeko aukera. Azken aukera hori oso interesgarria da; izan ere, GPS gailuren bat izanez gero, Wikilocetik ibilbideak deskargatu eta egiteko aukera oso baliogarria baita. Horrela, ez da mapa inprimatuta eraman beharrik.

Ibilbideak igo

Erabiltzaile batek bere ibilbidea igotzeko behar dituen bi gauzak erregistratua egotea eta GPS gailu batean gordetako ibilbidea dira. Ondoren, ibilbidea igotzeko formularioan GPX (GPS datuak partekatzeko estandarra) fitxategia sartu behar da. Hori egin ondoren, sistemak ibilbideko gune interesgarriak erakusten ditu, ibilbidean erakutsi nahi ez direnak kendu egingo dira. Eta, azken pausuan, ibilbidea eta gune interesgarriak ibilbide batean sartuko dira.

Aurrez igotako ibilbideak aldatzeko aukera ere ematen du.

Beraz, norabaitera joan eta ibilbideren bat egiteko asmoa izanez gero, Wikiloc bisitatzea guztiz gomendagarria da.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Horixe da My Happy Planet web gunean proposatzen dena, hizkuntzak ikasi eta lagun berriak egiteko sortu den sare soziala. Erabiltzen hasteko, erregistratu eta norbere profila osatu behar da. Horretarako, norberak hitz egiten dituen hizkuntzak sartu behar dira, baita ikasi nahi dituenak ere. Kontaktuak egiteko zein era nahi duen definitu eta kito, lagunak egiten hastea baino ez da geratzen. Hori egiteko, eskaerak bidaltzen zaizkie beste erabiltzaileei eta haiek konfirmatu egin behar dute eskaera. Behin lagunak egin ondoren, horiei mezu pribatuak bidaltzeko aukera dago. Hizkuntzak ikasteko plataforman, bideoak sartzeko aukera ematen da, horretarako YouTube plataforma erabiltzen da.

Horrez gain, ikasgaiak kudeatzeko aukera ere ematen du. Hizkuntzaren ikasi eta lagun berriak egitera animatzen al zarete?

Comments 2 iruzkin »

Aurreko asteko gaiarekin jarraituz, gaurko artikuluan ere
Interneteko dendak izango dira ardatza. Baina aurkeztu diren zerbitzuak
desberdinak dira. Joan den astean, web zerbitzarietan instalatu
zitezkeen aplikazioak aurkeztu baziren, aste honetan, denda zerbitzu
osoa eskaintzen duten webguneak aurkeztuko dira.

Zerbitzu hau eskaintzen duten webguneak beste negozio
batzuetatik datoz. Batzuek webguneen ostatatzea dute negozio nagusia,
eta denda zerbitzua beraien eskaintza zabaltzeko jarri dute. Beste
batzuk, aldiz, sareko denda ezagunak dira, eta hauek beren dendarako
garatu duten azpiegituraz baliatuz, beste negozio bat ikusi dute.

Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkinak ezgaituta

Internetek aurrez diskoetxeak astindu izan baditu, argitaletxeek ere
kontuz ibili beharko dute. Izan ere, Bubok bezalako zerbitzuek idazlea
eta merkatuaren artean dagoen bitartekaritza osoa jauzi batez pasatzen
baitute. Duela gutxi aurkeztu den webgune honek bi zerbitzu nagusi
ditu: argitaratzea eta salmenta. Argitaratzea bost pausotan egiten da:
obra PDF dokumentu batean igo, liburuaren informazioa bete (izenburua,
egilea, sinopsia, eta abar), azaleztatzea aukeratu, izenburu orrialdea
aukeratu eta azkenik prezioa jarri (PDF formatuan salduko da e-bookari
eta paperezkoari). Pausoak argiak eta sinpleak dira. Dendan, Bubok-en
argitaratzen diren liburu guztiak daude salgai. Baina esan behar da,
asko PDF moduan doan har daitezkeela. Liburuak argitaratzeko era
berritzailea dudarik gabe.

Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkinak ezgaituta