“Multimedia” kategoriarako artxiboa

Irudien edizioa informatikan garatu diren eremu ezagunenetakoa da. Bulegotika aplikazioaren ondoren, etxean erabiltzaile askok irudien ediziorako aplikazioren bat dute. Hala ere, argazki kamara digitalen erabilera zabaldu denean izan du benetako gorakada. Gaur egun, etxe askotan dago argazki kamara digital bat eta ordenagailu bat. Beraz, logikoa da argazki horiek txukundu eta behar diren ukituak emateko irudien ediziorako aplikazioren bat izatea instalatua.

Arlo horretako aplikaziorik ezagunena, dudarik gabe, Photoshop izan da. Urteetan erabiltzaileen artean lortutako onarpenari esker, gehien erabiltzen den irudien ediziorako aplikazioa dela esan daiteke. Hala ere, erabiltzaile asko ez dira konturatzen Photoshopek lizentzia bat baduela eta hori eskuratzeko ordaindu egin behar dela. Urte askotan, beti egon izan da laguntxoren bat inguruan beharrezko aplikazio guztiak eskuratzen dituena. Baina kontuan hartu behar da horrela arituz gero, bere lizentzia hausten ari dela. Horren alternatiba moduan, lan berdinak egiteko kode irekiko alternatibak badaude. Ziurrenik, ezagunena Gimp izango da. Aplikazio horrek Photoshopen antzeko ezaugarriak ditu, eta lizentziak hausteko ez dago inongo arriskurik, kode irekikoa izateaz gain doan banatzen baita.

Aurrez aipatu diren bi aplikazio horiek ezaugarri eta funtzio asko dituzte. Erabiltzaile aurreratu batek bere lanerako beharrezkoak dituen aukera asko eskaintzen dituzte. Horren ondorioz, menuetako aukerak zabalak dira, eta erabiltzaile arrunta nahastu egin daiteke askotan. Izan ere, erabiltzaile arruntak normalean erabiltzen dituen funtzioak gutxi batzuk izan ohi dira: irudia moztu, distira / kontrastea, koloreak egokitu eta abar. Hori dela eta, oinarrizko eragiketa horiek egin ahal izateko, aplikazio sinpleagoak badaude. Erabiltzaile arrunt baten beharrak asetzeko aski direnak eta erabilera sinplea dutenak.

IrfanView

Irudiak eta multimedia fitxategiak ikusteko eta horien gainean oinarrizkoa egiteko aplikazioa da IrfanView. Ez du Photoshop eta Gimp aplikazioek dituzten bezalako aukera-sorta, baina erabiltzaile askori oso erabilgarria gerta dakieke. Aplikazioren izena bere sortzailearen izenetik datorkio: Irfan Skiljan du izena. Programaren ezaugarri nagusietako bat bere arintasuna da, mega bat baino pixka bat gehiago bakarrik pisatzen baitu. Irudi baten gainean egin daitezkeen oinarrizko eragiketez gain, irudien formatuak aldatzeko oso erabilgarria da. Horrez gain, pantaila-babesleak eta irudien erakusketak ere sortu daitezke. Aplikazioak berarekin dakartzan ezaugarriez gain, horiek zabaltzeko plug-inak daude.

Picnik

Aplikazioa hartu eta norbere ordenagailuan instalatzen ibili beharrean, web bidez dabilen aplikazioa da Picnik. Web nabigatzaile bat izatea nahikoa da berarekin lan egiteko. Hori horrela izanik, nabaritzen da abiadura aldetik ez dela norbere ordenagailuan instalatutako aplikazioak bezain azkarra. Baina eskaintzen dituen eragiketak burutzeko hori ez da eragozpena. Dituen funtzioez gain, Interneteko beste aplikazioekin konektatzeko ematen dituen aukerak oso interesgarriak dira. Horrela, irudi bat norbere ordenagailutik igotzen ibili beharrean, Flickr, Picassa Web Album edo Facebook webguneetatik hartzeko aukera eskaintzen du.

Oinarrizko funtzioak nahikoa izango ez balira, Premiun kontu bat ireki daiteke. Bertan, urteko 25$ ordainduta, aukera gehiago eskaintzen dituen Premiun bertsio bat erabiltzeko aukera dago. Horrez gain, Firefox nabigatzailerako ere badago luzapen bat. Horrekin ere eragiketak burutzea oraindik gehiago errazten da.

Hasieran aipatu diren aplikazioek izan duten garapena dela eta, tresna horiek behar duten ezagutza-maila nahiko handia da. Hori dela eta, aplikazio sinpleagoak eta erabiltzeko errazagoak direnak toki bat aurkitu dute. Oinarrizko funtzioak egiteko balio duten tresnak dira; ordenagailuan instalatu edo webetik atzitu daitezke. Eta, azkenik, garrantzitsuena dena: erabiltzaileari irudiak editatzeko lana erraztu egiten diote.

Comments Iruzkin 1 »

Nork esan zuen bideo jokoen kontsolen munduan guztia asmatuta zegoela? 2006an indarra galduta zegoen Nintendo etxeak Wii kontsola merkaturatu zuen. Ordura arte kontsolen merkatuan jaun eta jabe ziren PlayStation (Sony) eta XBox (Microsoft) zur eta lur utzi zituen. Gainera, urte gutxiren buruan sekulako arrakasta izan du, eta ez hain justu gaztetxoen artean. Wii-k irekitako bideari helduz, beste kontsola bat ateratzear dago, Zeebo izenekoa, kontsolen jokoan laugarren partaidea izan duena.

Bideo jokoen kontsolen inguruan beti egon izan da beraien prezio altuaren inguruko eztabaida. Orain artekoak 300-500 euro bitartean dabiltza, horietan Wii delarik merkeena. Prezio hobea duen arren, dauzkan ezaugarriak beste bienak baino xumeagoak dira. Hala ere, beraietan jokatzeko jokoen prezioa benetan garestia izan ohi da, eta horretaz kexatzen dira erabiltzaileak. Hori dela eta, jokoen kopiak egitea praktika ohikoa da.

Garatzeko bidean dauden herrialdetarako

Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, garapenean dauden herrialdetan harrera ona izan dezakeen kontsola berria da Zeebo. Herrialde horietarako ordenagailu eramangarriak merkaturatu diren bezala, oraingoan kontsola bat izango da. Hasiera batean BRIC bezala ezagutzen den herrialde multzoan merkaturatuko da, alegia, Brasil, Errusia, India eta Txinan. Bertan, beste kontsolek eta jokoek duten prezioa ordaindu ezin duten pertsona asko baitaude. Hori dela eta, negozioa egiteko aukera ikusi dute Qualcomm eta Manos Tectoy enpresek bertan. Izan ere, herrialde horietan teknologia berrien erabileran hazkunde handia aurreikusten da.

Ezaugarriak

Zeebo kontsolak ez du CD/DVD irakurgailurik izango, eta jokoak sarearen bitartez soilik erosi ahal izango dira. Horretarako, 3G motako konexio bat dakar, eta doakoa izango dena gainera. Brasilen Claro telekomunikazio enpresak emango du konexio hori. USB motako lau konexio izango ditu, eta SD memoria-txartelarentzako erretena. Disko gogorraren ezaugarriei buruz gauza gutxi esan da oraingoz. RAM memoria berria, 1GB tamainakoa izango du.

Jokoak, merkeago

Aurrez aipatu bezala, jokoak sare bidez bakarrik deskargatu ahal izango dira. Horrela, dendetara iristeko egin behar diren paketatze eta banaketa lanak saihestu egiten dira. Bitartekaritza hauek kentzean, jokoen prezioa askoz merkeagoa izango da, hamabi dolar ingurukoa izango dela kalkulatzen da. Gainera, hasiera batean jokoak ezingo dira ez grabatu ez eta inori utzi ere. Zeebo-ren arduradunek diotenez, prezio baxuekin eta horrelako ezaugarriekin, Brasilen dagoen pirateriari aurre egin nahi diote. Azken helburu hau lortuko den ikusteke dago.

Jokoen ordainketa egiteko Z-Credits deituriko txanpona erabiliko da. Joko bakoitzak hainbat Z-Credits balioko ditu. Horiek gastatu ahala, kontsolatik bertatik Zeebonet sarearen bitartez edo Zeebo-ren webgunean lortu ahal izango dira. Z-Credits hauek kontsolan gordeko dira, eta ezin izango dira beste batekin elkarbanatu. Jokoen erosketan arazorik egon ez dadin, joko osoa jaitsi dela ziurtatu arte ez da kobratzerik egingo.

Jokoak garatzeko hitzarmena

Kontsola izateak ez du ezer askotarako balio ondoren jokorik ez baldin badago bertan jolastu ahal izateko. Hori dela eta, Zeebok hitzarmen bat sinatu du EA, Namco, Sega eta gisako joko-garatzaile garrantzitsuekin. Horrela, 2009. urtearen amaierarako 50 joko eskuragarri izatea espero dute.

Brasilen ekaina hasieran merkaturatzeko iragarrita dago. Oraindik ikusteko dago zer-nolako erantzuna izango duen, baina hasiera batean interes handia piztu du gailu berri honek. Horrelakoetan esan ohi den bezala, denborak jarriko du bere lekuan.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Argazkiak argitaratzeko hainbat gune daude Interneten, ezagunena Flickr izango da, baina antzeko zerbitzua eskaintzen duten beste batzuk badaude. Gigapan izeneko webgunea, erresoluzio handiko argazki panoramikoak argitaratzeko prestatuta dago. Argazki horien xehetasunak ikusteko funtzionalitate batzuk ere eskaintzen ditu zoomak; esatera baterako, oso urruneko toki, gauza edo pertsona bat bertan ikustea uzten du. Argazkian azaltzen diren toki bitxi horiek markatu egin daitezke; horrela, hurrengo ikusten duenak zuzenean jo dezake bertara. Gigapanek argazki panoramiko horiek atera ahal izateko makina robotizatuak ere sartzen ditu.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Nork ez ditu izan arazoak audio edo bideo fitxategi batekin erreproduzitzerako garaian? Okerreko formatuan dagoela, ordenagailuak ez duela ongi irakutzen fitxategi mota hori. FormatFactory da arazo horientzako soluzioa, multimedia fitxategiak formatuz aldatzeko tresna. Audio edo bideo fitxategiak formatu batetik bestera alda daitezke, bideoak sakelakoen pantailara egokitu. Hori guztia egin daiteke FormatFactory aplikazioarekin horretan aditua izan gabe.

Baina FormatFactoryk ez du soilik balio formatu bihurketak egiteko, akatsdun fitxategiak konpontzeko ere balio du, eta baita beraien tamaina txikitzeko ere. DVDtik informazioa erauzteko aukera ematen du, eta baita irudiekin oinarrizko eragiketa batzuk egiteko ere. Arazo asko konpondu ditzakeen tresna da.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Hiru urte garatzen aritu ondoren, azkenik kalean Songbird musika nabigatzailea. Software librean garatua izan denez, batzuek iTunes askea bezala ere bataiatu dute. Mozilla Firefox-en beste ezaugarri batzuk ere baditu; esate baterako, gehigarriak garatzeko aukera ematen du. Windows, Linux eta Mac plataformatarako bertsioak daude. Bere funtzionamendua edozein musika erreproduzitzailetik haratago doa. Izan ere, abesti bat entzuten hastean, Last.fm-en dauden beste abestiak erakusten ditu, YouTubeko bideoak, Flickr-eko argazkiak eta abar. Gehigarrien zerrenda etengabe hazten doanez, tarteka bisita bat egin eta bertan dagoena arakatzea komeni da. Oraindik lehenengo bertsioa kaleratu da eta hobekuntzak behar ditu. Hala ere, zer egin behar duten ongi dakite, horretarako osatu duten errepide-mapa ikusi besterik ez dago.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Orain arte telebista enpresa handien eremua izan da, baina Interneten erabilera zabaltzen ari den neurrian, hori aldatzen ari da. Ezaguna da YouTubek Internet bidezko bideoari eman dion bultzada, bada, orain grabatutako bideoak ez ezik, zuzeneko emanaldiak ere eskain daitezke. Hori da Interneteko telebista, edozeinek izan dezake kanal propio bat eta bere emanaldiak eskaini.

Tresna asko Beta moduan egon arren, funtzionalitate asko dituzte. Gaur egun Beta egoeran egoteak ez du esan nahi probatarako soilik denik, Google da horren adibide garbiena, argitaratzen dituen ia tresna guztiak era horretara jartzen baititu. Ohiko eran bideoak igotzeaz gain, sakelakoarekin grabatu eta igotzeko aukera ematen dutenak, funtzionalitate sozialak eskaintzen dituztenak aurki daitezke. Azaleratzen ari den eremu bat izanik, bakoitza bere txokoa bilatzen ari da.

Vpod.tv

Europan sortutako proiektu hau indarra hartzen ari da pixkanaka YouTuberen aurrean. Gainera, Vpod proiektuak baditu ezaugarri batzuk besteetatik bereizten dutenak. Ohiko erreproduzigailuaz gain, norbere telebista kanala sortzeko aukera ematen du. Horretarako, Studio izeneko web aplikazio bat erabili behar da. Aplikazio horrek, bideoak sortu, partekatu, editatu eta argitaratzeko balio du, besteak beste.

Vpoden beste ezaugarri garrantzitsu bat sakelakoetatik atzitzeko aukera da. Aplikazioen ezaugarriek uzten duten neurrian, ordenagailutik erabil daitezken tresna guztiak erabil daitezke sakelakotik ere. Eremu honetan, YouTuberi aurre hartu diola iritzi diote adituek.

BoxTV aplikazioarekin etxeko egongelatara iritsi nahi du. Aplikazioa telebista, DVD eta bestelako gailutan integratzeko lanean ari dira. Horrela, IPTV teknologia bitartez sareko eduki guztiak ikusi ahal izango dira etxeko egongelatik mugitu gabe.

Ezaugarri horiez gain, komunitatea sortzeko aukera eta garatzaileentzako API bat ere eskaintzen du. Lehen aipatu bezala, YouTubetik bereizteko ahalegin berezia egiten ari dira, eta lortzen ari direla dirudi.

Bambuser

Labetik atera berria (Alpha egoeran dago) den tresna honek, eskuko telefonoaren ezaugarriei zuku asko ateratzeko aukera ematen du. Oraindik funtzionamenduak akats batzuk dituen arren, oso interesgarria da egiten duten proposamena. Laburbilduz, sakelakoaren kamera aprobetxatuz, Interneten zuzenean emititzeko aukera ematen du Bambuserek. Horretarako, telefonoak Internetera konektatzeko duen GPRS, 3G edo Wi-Fi sarea erabiltzen du, eta lortzen ari den irudiak Bambuseren zerbitzarira bidaltzen ditu.

Ikusleen artean eragiteko aukera ere ematen du, izan ere, emanaldia dagoen bitartean, txat sistema bat erabil dezakete ikusleek irudiak emititzen ari denarekin komunikatzeko. Gainera, grabatzen ari dena ez da sakelakoan gordetzen, haien zerbitzarietan baizik, horrela gailuarekin izan daitezkeen memoria arazoak saihesten dira.

Hemen aurkeztu diren bi aukerez gain, askoz gehiago aurki daitezke sarean. YouTube bera ere hor dago, norbere kanal propioa sortzeko aukera ematen du. Gainera, telebista batzuk bere plataformaz baliatu dira Interneteko telebistara jauzi egiteko. Sortzen ari diren aukera berrien artean, Hago TV eta Woho daude, besteak beste. Kanala erabiltzaile batena izan beharrean, egilea komunitatea bera izateko aukera ematen du HagoTVk. Horretarako, zenbait kategoria sortu dituzte, eta erabiltzaileak aukeratzen du bere bideoa zein kategoriatakoa den.

Aplikazio berri asko daude, eta normala izango litzateke batzuk bidean geratzea. Hala ere, guztiek merezi dute probatzea, bakoitzak bere nortasun ikutua ematen baitio aplikazioari.

Comments Iruzkinak ezgaituta

 

Oraindik ere aurrez aurreko bilerek indarra duten arren, teknologia berriek horietako asko ordenagailu aurretik mugitu gabe egiteko aukera eskaintzen dute. Bideokonferentzia tresna ez da oraingo kontua, baina orain dauden tresnekin denbora eta diru asko aurrez daiteke bileretan. Horietako tresna bat da ekkoTV; hiru lagunen arteko bideokonferentzia bat egiteko plataforma da. Bere ezaugarrien artean hauexek aipa daitezke: gaur egun denetarako erregistratzea eskatzen dela eta, ekooTVn ez da erregistrorik egin behar; gainera, txat sistema du, ahotsak huts eginez gero, txat bidez komunikatzeko aukera izango lukete erabiltzaileek.

EkkoTV erabiltzen hasteko, konektatu nahi den erabiltzaileei sistemak ematen duen helbidea bidaliko zaie. Horiek gelara sartzen direnean, webcama, mikroa eta bozgorailuak martxan jarri eta ekin bideokonferentziari.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Duela pare bat aste aurkeztu zuten Adoberen Photoshop Express
aplikazioa, irudien tratamendurako programa ezagunenaren weberako
bertsioa. Aplikazio berri horrek irudiei oinarrizko ukituak egiteko
balio du. Eta, horretarako, ez dago programarik instalatu beharrik,
guztia Photoshop Expressen webgunean egiten baita. Irudiak gordetzeko,
2 GBko espazioa ere uzten dio erabiltzaileari.

Baina polemika bat sortu da; izan ere, programaren erabilera
lizentziak atal ilun bat du. Laburbilduz, bertan zera dio, webgunera
igotzen diren irudiekin Adobe-k nahi duena egin dezakeela, beraiek
egina dela esatea izan ezik. Kontu honek sekulako zalaparta sortu du
eta badirudi Adobekoak beste lizentzia bat prestatzen ari direla,
erabiltzailearen obra hobeto tratatuko duena. Bitartean, lizentzia
kontu horiek argitu arte, probak interes berezirik ez duten argazkiekin
soilik egitea izango da onena.

Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkinak ezgaituta

Pasa den astean atera den berriak dioenez, Apple da AEBetan musika
gehien saltzen duen enpresa. Diskoetxeak eta bitartekariak egurtzen ari
den krisia izan da horren arrazoia; izan ere, pirateria eta Interneten
zabalkundea gauza estu jartzen ari zaizkie. Baina krisi garaietan beti
azaltzen dira beste negozio aukera batzuk, eta hori oso ongi ikusi du
Steve Jobs-en enpresak. Eta Applek musika Internet bidez saltzeko duen
dendak, iTunes izenekoak, sekulako gorakada izan du. Datuak denda
fisikoetako salmentak eta Interneteko salmentak batuta eman dituzte.
Hala eta guztiz ere, iTunesek saltzen du musika gehien, eta Wal-Mart,
Best Buy eta halako ohiko denda tradizionalei aurre hartu die lehen
aldiz. Nahiz eta AEBak urrun geratu, Euskal Herrian ere hasi beharko
dute burua altxa eta beste herrialdeetan gertatzen ari denari arreta
jartzen.

Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkinak ezgaituta

Hitz jakin bat nola ahoskatzen den jakiteko webgune aproposa da Forvo.
Webgune hori komunitateak elikatzen du, eta edozein izan daiteke
komunitate horretako partaide. Hitzak hiru eratara sailkatuta daude:
hizkuntzen arabera, kategoriaren arabera eta ahoskatu diren ordenan.
Momentu honetan 177 hizkuntzatako hitzak daude ahoskatuta, tartean
euskarazko hitzak ere badaude. Hizkuntza bat aukeratzen denean, azkena
ahoskatu diren hitzak azaltzen dira, eta norbaitek ahoskatu zain
daudenak ere bai. Hori da erabiltzailearen elkarlana eskatzen duen
atala, hitzak ahoskatzea; horrela bilduma handitzen joan dadin. Hitza
nola ahoskatzen den grabatzerakoan errepikatzeko aukera ere ematen du,
ez bada nahi bezain ongi grabatu. Nola ahoskatu behar den ikasi eta
erakusteko gune interesgarria.

Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkin 1 »