“Ofimatika” kategoriarako artxiboa

Askok ohituragatik, beste batzuk alferkeriagatik, beste batzuk baimenik ez dutelako lantokian eta baita ezjakintasunagatik ere, ordenagailua ez dute euskaraz erabiltzen. Hau da, ezin dute ordenagailuan egunero egiten dituzten lanak euskaraz burutu.

Azken asteotan artikulu bat batzuk idatzi ditut ordenagailua euskaraz funtzionatzen jartzeko kontuarekin. Bertan, ordenagailuaren oinarrizko elementuak, sistema eragilea eta gehien erabiltzen diren aplikazioak, euskaraz nola jarri azaltzen saiatu naiz.

Gaiaz interesa duenari lana errazte aldera, hemen jartzen ditut artikuluen estekak.

Comments 3 iruzkin »

Aurreko astean hasitako gairekin jarraituz, artikulu honetan euskaraz erabil daitezken bulegotika-suiteak azalduko dira. Microsoft Office eta OpenOffice dira ezagunenak, eta biak erabil daitezke euskaraz.

Bulegotika aplikazioak, ordenagailua erabilera pertsonala erabiltzen hasi zenean sortutakoak dira. Lehenengo suiteak IBM eta antzeko etxe handiek kaleratu zituzten. Berez, barnean duten aplikazio-multzoa ez dago zehaztuta, baina ohikoenak hiru aplikazioak biltzen dituzte: testu prozesatzailea, kalkulu-orriak eta aurkezpenak egitekoa. Batzuek marrazketarako tresna ekartzen dute edota datu-basea kudeatzeko aplikazioa.

OpenOffice

Kode irekian dagoen bulegotika-suite ezagunena da gaur egun. Duela aste batzuk kaleratu zen Openoffice 3.0 bertsioa, eta handik gutxira euskarazko bertsioa ere eskuragarri jarri zen. Kode irekiko aplikazio gehienek bezala, garatzaile eta erabiltzaile komunitate zabala du atzean. Horrek, etengabe zuzenketak eta hobekuntzak egitea ekartzen du. Ez da ahaztu behar bulegotika-suite oso hau doakoa dela.

Euskarazko bertsioa garatzen ere ari da talde bat, eta Zundan enpresa da koordinazio orokorraz arduratzen dena. 2.2.1 bertsioa arteko lokalizazioak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak diruz lagundu zituen. Baina ordutik aurrera Zundan enpresak egin ditu lokalizazio-lanak, eta bertsio berri honetarakoak musu-truk gainera.

Openoffice euskaraz jartzeko, lehen aplikazio osoa deskargatu behar zen, ez zegoen beste modurik. Baina azken bertsioetan hori aldatu egin da, eta orain hizkuntza-pakete egokia hartuta ere egin daiteke. Horrela, OpenOffice bertsio berria euskaraz har daiteke oso-osorik, eta, erdarazko bertsio berria izanez gero, hizkuntza paketea hartzearekin aski da. Instalatzerako orduan ez du inongo misteriorik, erraz burutzen den prozesua jarraitu besterik ez da egin behar. Behin hizkuntza-paketea instalatu ondoren, interfaze osoa euskaraz erakusten da, eta erabiltzen hastea besterik ez da geratzen.

Microsoft Office

Azken hamar urtean gehien erabili izan den bulegotika-suitea izan da dudarik gabe. Bere testu prozesatzailea (Word) eta kalkulu-orria (Excel) oso ezagunak eta erabiliak izan dira. Gaur egun ere gehien bera erabiltzen da, baina OpenOffice hortzak erakusten ari zaio azken aldian.

Euskarazko lokalizazioak Office 2000 bertsioarekin hasi ziren. Garai hartan aplikazio osoa erosi behar zen euskaraz erabili ahal izateko, ez zegoen hizkuntza paketerik. Baina Office 2003 bertsioaz geroztik, euskarazko hizkuntza paketea eskaintzen da. Gaur egun, Office 2003 eta 2007 bertsioak jar daitezke euskaraz. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren webgunera jo behar da, euskarazko bulegotika atalera. Han daude hizkuntza paketeen estekak, eta osos erraz hartu eta instalatu daitezke.

Zuzentzaile ortografikoa
Bulegotika aplikazioetan erabiltzen den osagai garrantzitsuenetakoa da zuzentzaile ortografikoa. Nahiz eta normalean testu-prozesatzailean erabili, beste aplikazioetan ere erabil daiteke. Euskarak ere badu berea, XUXEN izenekoa, eta artikulu honetan aipatu diren bi suitetarako bertsioak daude.

OpenOffice-en instalatzeko, orain arte nahiko korapilatsua bazen ere, bertsio berrian asko erraztu dute. Gehigarri bezala instalatzen da, horretarako nahikoa da XUXEN deskargatu eta gehigarriak kudeatzen diren menuan berri bat bezala sartzea. Behin hori egin ondoren, defektuzko hizkuntza euskara aukeratu eta handik aurrera euskaraz zuzenduko dira testuak.

Office-erako prestatutako XUXEN instalatzeko, aski da fitxategia jaistea eta klik bikoitza eginaz instalatzea. Gero, OpenOffice-en bezala, euskara hautatu behar da hizkuntza lehenetsi gisa.

Bulegotika-suitea erabiltzaile gehienen ohiko tresna dela esan daiteke, bai dokumentuak idazteko, kalkulu-orriak egiteko eta abarretarako. Beraz, sistema eragilearekin batera hori euskaraz jarriz gero, ordenagailuan erabiltzen diren osagaiak neurri handi batean euskaraz izango dira. Pixkanaka-pixkanaka, ari da ordenagailua euskaraz ikasten.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Izen ezagun horrekin bataiatu du Adobek bere sareko bulegotika zerbitzua edo produkzio ingurunea. Acrobat.com helbidearen azpian, hainbat web aplikazio bildu ditu. Horietako bat Buzzwords deitzen den testu prozesadorea da; bere ezaugarrien artean dokumentuak beste erabiltzaileekin batera elkarlanean osatzekoa dago. Komunikaziorako aplikazio bat ere badakar, ConnectNow izenekoa, hain zuzen. Bertan, ondorengo funtzioak aurkitzen dira: konferentziak on line, txata, arbela birtual elkarrekintzailea eta momentuko mezularitza. Horrez gain, edozein fitxategi PDF bihurtzeko aukera eskaintzen du, eta dokumentuak partekatzeko aukera ere bai. Horretarako, 5 GBeko tamainako espazioa du erabiltzaile bakoitzak. Webgune osoa Flash teknologia erabiliz garatua izan da. Kontuan hartu behar da Flash teknologia ere Adoberena dela.

Acrobat.com webgunea martxan jartzearekin batera, Adobek sareko bulegotika eta mahaigainen eremuan sartzeko hautua egin du. Dena dela, kontuan hartu behar da eremu horretan jende gehiago ere badabilela; Google, esaterako, bere Google Docs zerbitzuarekin. Beraz, ikusteke dago zerbitzu berri honek lortu dezakeen arrakasta.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Microsoften Office 2007 bulegotika aplikazioak ODF (Open Document Format) formatu irekia onartuko du. Horrela, aipatutako formatuan dauden dokumentuak ireki eta sortutakoak gorde ahal izango dira. Office-entzat aterako duten hurrengo Service Packak ekarriko du ezaugarri hori, eta ez da aparteko beste pluginik erabiliko horretarako. Microsoftek ISO estandarra lortu zuen formatura egin duen hurbiltze hau esanguratsua da benetan; izan ere, orain arte bere formatu propioa ateratzearen aldeko apustua egin baitu. Orain, badirudi, bide hori alde batera uzten hasi dela.

Horrez gain, PDF formatua ere onartuko duela aipatu dute. Formatu hori merkatuan estandar bihurtua dago, nahiz eta orain horri aurre egiteko Microsoftek XPS formatu berria atera duen, ikusteko dago zenbat hedatuko den azken hori.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Web 2.0 famatuaren jaiotzaz geroztik, gero eta web zerbitzu gehiago aurki daitezke Interneten. Horietatik erabilienetarikoak, seguruenik, dokumentuak sortzeko, editatzeko eta partekatzeko zerbitzuak dira. Horietako lehen zerbitzuetako bat izan zen Writely, web bidezko Worden antzeko prozesadorea. Writely erabiliz, testu-dokumentuak sarean gorde eta parteka zitzakeen edonork. Zerbitzu haren arrakastak azkar izan zuen erantzuna, eta Googlek Writely erosi eta GoogleDocs jarri zuen abian. Baina GoogleDocs ez da horrelako zerbitzuen artean bakarra, ezta onena ere, sarean badaude aukera gehiago.
Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkinak ezgaituta

Nahiz eta Googlek aspaldi jarri zuen sarean bere bulegotikako
aplikazioa, Google Docs, ez du galtzen beste bulegotika aplikaziotatik
bere guneetara trafikoa bideratzeko aukera. Kasu honetan, OpenOffice
kode irekiko bulegotika aplikaziorik ezagunena izan da horren adibide.

OpenOfficek luzapenak egiteko ematen duen aukeraz baliatuz
Writer’s Tool izeneko luzapen bat garatu du. Tresnaren funtzionalitate
nagusietakoa da itzulpen-zerbitzuarena, idatzitako edozein esaldi edota
hitz itzul baitaiteke Google Translate itzulpen gunearekin egin duen
lotura dela eta. Horrez gainera, dokumentuen segurtasun kopiak e-posta
bidez egin daitezke, sareko hiztegi garrantzitsuenetan kontsultak egin
eta mapak begiratu ere bai. Tresnak funtziona dezan, OpenOffice 2.2
bertsioa beharrezkoa da.

Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkinak ezgaituta

Erabiltzaile gehienentzat ohikoa izan da orain artean Office formatuko (.doc, .xls, .ppt etab.) dokumentuak erabiltzea. Microsoft Office 2007 kaleratzearekin batera, ordea, Microsoft-ek aldatu egin du bere aplikazioek erabiltzen duten formatua, eta OpenXML izeneko formatua erabiltzen hasi da. Horren ondorioz, Office berria beste luzapen batzuk erabiltzen hasi da dokumentuak gordetzeko (.docx, .xlsx, .pptx, etab.), eta horrek bateragarritasun-arazoak sortu ditu Office bertsio zaharragoak dituzten erabiltzaileekin. Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkinak ezgaituta

Googlek eskaintzen dituen aplikazioekin, ez dago ezer instalatu beharrik ordenagailuan Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkinak ezgaituta