“Oinarrizkoa” kategoriarako artxiboa

Askok ohituragatik, beste batzuk alferkeriagatik, beste batzuk baimenik ez dutelako lantokian eta baita ezjakintasunagatik ere, ordenagailua ez dute euskaraz erabiltzen. Hau da, ezin dute ordenagailuan egunero egiten dituzten lanak euskaraz burutu.

Azken asteotan artikulu bat batzuk idatzi ditut ordenagailua euskaraz funtzionatzen jartzeko kontuarekin. Bertan, ordenagailuaren oinarrizko elementuak, sistema eragilea eta gehien erabiltzen diren aplikazioak, euskaraz nola jarri azaltzen saiatu naiz.

Gaiaz interesa duenari lana errazte aldera, hemen jartzen ditut artikuluen estekak.

Comments 3 iruzkin »

Ordenagailu baten funtzionamenduan, osagai askok hartzen dute parte. Elementu bakoitzak bere funtzioa betetzen du, baina guztietan garrantzitsuena mikroprozesadorea da. Bera da ordenagailuaren burmuina, eragiketak egiten dituena eta agindu guztiak kontrolatzen dituena. Ordenagailuaren egituran, Prozesurako Unitate Zentrala (PUZ) deitzen den unitatearen osagai nagusia da mikroprozesadorea.

Gaur egun mikroprozesadoreak, milioika transistorez osatutako osagai elektronikoak dira. Horiek siliziozko plaka batean txertatzen dira, eta elkarren artean datuak prozesatzen dituzten zirkuituak osatzen dituzte. Prozesamendu hori zikloka egiten da, horiek erloju batek markatzen dituelarik. Segundo bat batean milioika (Megahertz) eta mila milioika (Gigahertz) ziklo osatu ditzakete. Horrela neurtzen da mikroprozesadore baten abiadura.

Intel

Ordenagailu pertsonalen munduan, mikroprozesadoreak egiten nagusi da Intel. Enpresa 1968an sortu baldin bazen ere, 1971 arte ez zuen kaleratu lehen mikroprozesadorea. Ordura arte memoriak fabrikatu zituen besteak beste. Azkeneko bi hamarkadetan, hardware arloan izan diren berriak asko Intel etxeari zor zaizkio. Bereak dira Pentium ezagunak.

AMD

Munduko bigarren mikroprozesadore fabrikatzaile handiena da AMD. 1969an sortutako enpresa da, baina 1975 arte ez zuen lehen mikroprozesadorea fabrikatu. Hasiera batean bere arkitekturarako fabrikatzen bazituen ere, gaur egun x86 arkitekturarako egiten ditu. Horrela, Intelen arerio nagusia da AMD. Urte batzuetan indar handia hartu zuen, baina, gaur egun, Intel berriro ere abantaila hartuta dabil.

Nukleo bat baino gehiago

Aurrez aipatu bezala, mikroprozesadoreak egiteko transistoreak erabiltzen dira, eta erlojuaren zikloak jartzen du prozesatze abiadura. Bi faktore horiek denboran zehar hobetzen joan dira: transistoreen tamaina txikitzen joan da, eta erlojuaren zikloa azkartzen. Hala ere, bide horietan hobekuntzak egitea gero eta zailagoa bihurtzen ari zenez, bide berriak jorratzen hasi ziren. Horren fruitua dira nukleo bat baino gehiago dituzten mikroprozesadoreak.

Hasiera batean, bi nukleoko prozesadoreak merkaturatu ziren, Dual Core izena dute, eta oraindik merkatuan asko erabiltzen dira. Mikroprozesadore batean bi nukleo izatean, aldi berean eragiketa bat baino gehiago egiteko aukera ematen du. Horrek ez du esan nahi abiadura bikoitza lortzen denik, guztia ez baita paraleloan egiten, baina hobekuntza handia lortzen da.

Teknologia hori garatzen doan bezala, nukleo gehiagoko prozesadoreak azaltzen ari dira. Horrela, lau nukleodun mikroprozesadoreak ere merkatuan daude, Quad Core izenekoak. Horrez gain, abiadura aldetik ere eboluzioak jarraitzen du, eta horrek ere prozesatze gaitasuna handitzea dakar.

Etorkizuna

Artikuluan zehar aipatu den bezala, mikroprozesadoreen eboluzioa hiru faktoretan oinarritzen da: transistoreen tamaina, erlojuaren zikloaren abiadura eta nukleo kopurua. Etorkizunean, tamaina txikiagoa duten transistoreak ikusiko dira, horrela, gehiago sartu ahal izango dira prozesatzeko gaitasuna handituz. Mikroprozesadore batean sartzen den nukleo kopurua ere gorantz doa, Intel-ek aurrera daraman proiektu batean, laurogei nukleo sartzea lortu du. Eta ez hori bakarrik, 6,26 GHz-tan lanean jartzea lortu du.

Jorratzen ari diren beste bide bat, netbook edo gailu mugikorretzat propio garatutako mikroprozesadoreak dira. Horietan, oso faktore garrantzitsua da energiaren kontsumoa, zenbat eta autonomia handiagoa lortu hobe baita. Horrela, ahalik eta energia kontsumo txikienarekin, ahalik eta prozesatzeko gaitasun handiena lortzen saiatzen dira.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Askotan, erabiltzaile euskaldun askok beren ordenagailua gaztelaniaz erabiltzen dute. Beraiek euskaldunak izanik ere, ez dira konturatzen erdaraz «hitz egiten dien» ordenagailua dutela. Batzuek agian jakin ere ez dute jakingo, baina gaur egun ordenagailua euskaraz erabiltzeko baliabide asko daude eskura. Urtetako lanaren fruitua da orain dagoena, batzuk administrazioak diruz lagunduak eta beste batzuk musu truk eginak. Beraz, ez dago aitzakiarik norbere ordenagailuari euskaraz hitz egiten erakusteko. Hurrengo asteetan, ordenagailuarekin egunero egiten diren ekintzak euskaraz nola egin azalduko dugu.

Sistema eragilea

Ordenagailu baten egituran hiru maila daudela esan daiteke: hardwarea, sistema eragilea eta aplikazioak. Hardwarea, ordenagailua bera izango litzateke, hau da, dituen osagai fisikoak (disko gogorra, memoria, prozesadorea eta abar). Sistema eragilea, berriz, ordenagailuaren hardwarea edo osagai fisikoak kudeatzeaz arduratzen da. Osagai horien eskaerak kudeatzen ditu, sistemaren funtzionamendu egokia bermatuta. Eta, azkenik, aplikazioak edo programak daude, horiek dira normalean erabiltzaileak erabiltzen dituenak. Aplikazio ezagunenak, web nabigatzailea, bulegotika aplikazioak, irudien tratamendurakoak eta abar. dira.

Artikulu honetan, hainbat sistema eragile euskaraz jartzeko dauden aukerak azalduko ditugu. Sistema eragilea oinarrizko osagaia izaki, lehenengo azalduko dugu nola euskaratu eta ondorengo artikuluetan beste aplikazioak euskaraz erabiltzeko dauden aukerak azalduko ditugu.

Windows

Oraindik ere munduan gehien erabiltzen den sistema eragilea da Windows. 2008ko iraileko estatistikek diotenez, erabiltzaileen %90 inguruk erabiltzen dute Bill Gatesek sortutako sistema eragilea. Nahiz eta Vista bertsioa izan berriena, gehienek XP erabiltzen dute, erabiltzaileen %73k hain justu.

Windows euskaraz jartzeko, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politika Sailburuordetzaren webgunera jo behar da. Hantxe daude XP eta Vista sistema eragileentzako euskarazko interfaze paketeak. Lokalizazio horiek Elhuyar Fundazioak eta UZEI-k egindakoak dira. Interfaze pakete horiek ezartzeko, eman beharreko pausoak errazak dira, aski da aurrez aipatutako webgunera jotzea, pakete egokia deskargatu eta exekutatzea. Ondoren, ordenagailua berrabiarazteko eskatuko du, eta, hori egin ondoren, sistema eragilea euskaraz izango da.

Windows XP-ren kasuan, bada kontuan hartu beharreko puntu bat. Interfaze paketea instalatu ahal izateko, XP bertsioak gaztelaniazkoa izan behar du. Ez du balio ingelesezko bertsioarentzat, ez eta ingelesezko bertsioaren gainean gaztelaniazko interfaze paketea ezarrita izateak ere. Hasiera batean garrantziarik ez badu ere, litekeena da ordenagailua kanpoko herrialderen batetik erositakoa izanez gero.

Linux

Linux sistema eragilea gero eta ezagunagoa egiten ari da, batez ere Ubuntu eta antzeko sistemak azaltzen hasi direnetik. Erabiltzaile arruntak dituen behar guztiak asetzeko aplikazioak dituzte gaur egun. Horrez gain, ez da ahaztu behar oso sistema egonkorrak direla, eta birusetatik eta bestelako software kaltegarrietatik babesteko aukera segurua dira. Eusko Jaurlaritzak, bere garaian lokalizatu izan du banaketaren bat, Mandrake 8 eta 10 bertsioak kasu. Baina gaur egun lokalizazioa software librearen aldeko komunitateak mantentzen du. Haiek arduratzen dira testu berriak lokalizatu eta sisteman integratzeaz, eta guztia musu truk. Linux euskaraz jartzeko egin beharreko bakarra zera da, erabiltzeko hizkuntza gisa euskara jartzea. Hori egin ondoren, sistemak berak deskargatu eta ezarriko ditu dagozkion paketeak. Ondoren, beste saio bat hastea nahikoa da sistema euskaraz izateko.

Mac OSX

Apple etxearen sistema eragilearen kasua bitxia da benetan. Apple-ek berak ez zuen euskararako interfaze paketerik eskaintzen, baina lokalizazioak egiteko aukera ematen zuen. Hori ikusita, euskal maczale batzuek euskaratu eta sarean guztientzat eskuragarri jarri zuten. Baina handik denbora gutxira, Apple-etik mezu bat jaso zuten: euskararako egin zuten lokalizazioa saretik kentzeko eskatu zieten. Horrela egiten ez bazuten, legezko bideak hasiko zituztela haien aurka. Hori ikusita, saretik kendu egin behar izan dute egindako lana.

Ikusi den bezala, Mac OSX duten erabiltzaileek ez beste erabiltzaile guztiek jar dezakete euren sistema eragilea euskaraz. Bai Linuxen eta bai Windows-en kasuan ere oso erraz, gainera. Beraz, hasi zure ordenagailuari euskaraz irakasten!

Comments Iruzkinak ezgaituta

Ordenagailua pizten denean, lehenengo sistema eragilea kargatzen da. Jakina da horien artean aukera zabala dela. Ezagunenak Windows, MacOS eta Linux dira, zalantzarik gabe. Behin martxan delarik, sistema eragile horretarako prestatutako aplikazioak erabil daitezke bertan. Baina zer gertatzen da plataforma horretarako prestatu gabe dagoen software bat exekutatu nahi bada? Linuxen egonda, posible al da Windowseko aplikazioak exekutatzea? Eta alderantziz? Zerbitzari ahaltsu baten baliabideak hobeto ustiatzeko, ezin al da zerbait egin?

Galdera horien guztien erantzuna birtualizazioa da. Kontzeptu zaharra izanik ere, gaur egun berriro hartu du indarra. Azken finean, ordenagailu baten baliabideak zuzenean atzitu beharrean, birtualizaziorako softwarea arduratzen da hori egiteaz. Horrela, bertan oinarrituta, aurrez aipatu diren arazoak konpontzeko bideak topa daitezke.

Birtualizazioa

Termino hau 1960. urtetik erabili izan da informatikan, boladak izan ditu, eta gaur egun berriro puri-purian dagoen kontu bat da. Birtualizazioak sistemaren barneko egitura ezkutatu eta hori kudeatzeko interfaze errazago bat eskaintzen du. Horrela, birtualizazioa egiten duen softwarearen atzean makina desberdinak kokapen desberdinetan egon daitezke, esaterako.

Oso kontzeptu zabala da, eta interpretazio asko egin daitezke. Dena dela, informatikan onartua dago bi motatakoa izan daitekeela: plataformaren birtualizazioa eta baliabideen birtualizazioa. Azken hori biltegiratzeko gaitasuna edota sarean egon daitezkeen bestelako baliabideak simulatzeko erabiltzen da.

Birtualizazioa hardware plataforma batean ezartzen den software berezi baten bitartez egiten da. Horrek ondoren jarriko diren beste softwareentzako ingurune konputazionala simulatzen du. Jarriko den software hori, normalean, sistema eragilea izango da. Horrela, sistema eragileak hardwarea kudeatzen ari dela pentsatu arren, birtualizazioa egiten duen softwarearekin ari da lanean, azken horrek kudeatzen baitu hardwarea. Metodo hau erabiliz, hardware beraren gainean sistema eragile bat baino gehiago ezar daitezke. Horrela, zerbitzari (birtual) bat baino gehiago aritu daitezke lanean aldi berean, nahiz eta azpian zerbitzari fisiko bakarra izan.

VirtualBox

Birtualizazioa egiteko softwarearen adibide bat da VirtualBox. Windows, MacOS eta Linux plataformetan dabil, besteak beste, eta kode irekikoa da. Haren erabilera praktiko bat sistema eragile baten gainean beste bat martxan jartzea izan daiteke. Adibidez, erabiltzaile batek ordenagailuan Ubuntu Linux banaketa izan dezake instalatuta, baina Windowserako soilik dagoen aplikazio bat erabili behar du. Nahiz eta horrelako aplikazioak gero eta gutxiago egon, oraindik existitzen dira. Arazo hori konpontzeko, VirtualBox instalatzea nahikoa da. Ondoren, horren gainean Windows jarri, eta, azkenik, erabili behar den aplikazioa.

VMware

 

Birtualizazioaren merkatuan itzalik handiena berak du. Beraz, ezin utzi aipatu gabe. Ostatatze enpresa handiek zerbitzari birtualak-eta eskaintzen dituztenean, normalean VMware birtualizazio sistemarekin kudeatzen dituzte beren hardware baliabideak. Produktu sorta zabala du, bezeroak bere beharren araberako produktua aukeratu dezan. Doako aplikazioak ere eskaintzen dituzte; VMware Server eta VMware Player, esaterako.

Microsoft VirtualPC

Connectix enpresak garatu zuen aplikazioa, baina ondoren Microsoftek erosi zuen. Horren funtzioa ere berbera da: Windows plataformaren gainean beste sistema eragile batzuk exekutatzeko aukera ematen du. Atera duten azken bertsioa, VirtualPC 2007 izenekoa, doan jaits daiteke. Software asko probatzen ibiltzen direnentzat oso praktikoa da horrelako sistema bat izatea. Izan ere, jakina baita Windowsen zenbat eta programa gehiago instalatu orduan eta motelago doala. Horrela, oinarrizko sistema eragilea ez litzateke ukituko, guztia VirtualPC gainean ezarritakoan egingo bailitzateke.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Ordenagailua pizteko botoia sakatzen denetik erabil daitekeen arte
zer gertatzen da? Zer prozesu gertatzen dira? Nork ez dizkio bere
buruari horrelako galderak egin. Batzuetan, botoia sakatu, piztu eta
erabiltzen hasi arteko minutu horiek alferrikakoak direla iruditu
arren, badute beren arrazoia. Eragiketa asko egin behar izaten dira.
Gaur, eragiketa horiek zein diren azalduko dira.

Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkinak ezgaituta

Duela egun gutxi aurkeztu dute Leopard, MacOSXren seigarren bertsioa. Sistema eragile horrek zeresan handia eman du azken hilabeteotan, aurreikusten baitzen Apple-k hobekuntza nabarmenak eskainiko zituela oraingoan. Eta hala izan da. Ezin esan Leopard-ek huts egin duenik. Adituek diotenez, Leopard ona baino hobea da: Windows Vistari mila buelta ematen omen dizkio.

Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkinak ezgaituta

Aste honetan kaleratu du Applek Mac OSX sistema eragilearen
seigarren bertsioa, Leopard izenekoa hain zuzen ere. Atzerapen
dezenterekin iritsi da merkatura; izan ere, Applekoek iPhone telefono
mugikorra garatzen jardun baitute buru-belarri. Berrikuntza asko omen
ditu Leopardek, eta probatzeko aukera izan dutenen ustetan, Windows
Vista baino hobea omen da.

Berrikuntza horien artean, segurtasun kopiak egiteko
aplikazioa, bideokonferentzia egitekoa eta solasguneetan jardutekoa
daude besteak beste. Horrez gain, aurreko bertsioko aplikazio asko
hobetu dituzte. Hurrengo asteetan sistema eragile horren inguruko
informazio sakonagoa emango dute.

Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkinak ezgaituta

Urteak dira sistema eragile eta aplikazio nagusiak euskaraz daudela, baina, oraindik, jende askok ez ditu erabiltzen, aldaketarako beldurragatik batzuetan, edo programen euskarazko bertsioak nola eskuratu ez dakitelako besteetan. Gaur egun, ordea, egunero erabiltzen diren aplikazio nagusiak euskaraz eskuratu daitezke; inolako arazorik gabe eta doan, gainera.

Berri osoa irakurri »

Comments 2 iruzkin »

Ohiko egoera bat da: ordenagailua piztu, eta txistuka hasten da: bip-bip-biiip! Zer gertatzen da? Nola egin aurrera jarraitzeko? Horrelakotan, izerdi hotza sentitzen dugu, ordenagailua erabat hondatuta ikusten dugu, eta informazioa galduta. Zer egin? Askotan, larrialdi-egoera dirudien hori ez da hain larria izaten. Batzuetan nahikoa da ordenagailuaren kaxa ireki eta mustuka batekin hautsa kentzea, arazoa konpontzeko.

Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkinak ezgaituta

Hemen da Windows Vista, Microsoft-en sistema eragile berria. Berri osoa irakurri »

Comments Iruzkin 1 »