“Sailkatugabeak” kategoriarako artxiboa
Interneteko bilatzaileei dagokien lasterketan, aspaldi galdu zuen Microsoftek aurrean doazenen tropela. Gaur egun Google da nagusi eremu horretan. Zentzu horretan, Microsoftek ahalegin bat baino gehiago egin ditu Googleri aurre egiteko, baina orain arte huts egin izan du. Oraingoa badirudi horretarako azken aukera izan daitekeela. Bing izenarekin bataitu du Microsoftek bere bilatzaile berria; gaur hasi du ofizialki sareko ibilbidea. Bilatzaileetan azkenaldian emaitzen zerrenda ematea baino erantzunak ematea da joera. Horretan saiatuko da Bing ere, eta hori lortzeko Microsoftek aurrez garatu dituen tresnez baliatuko da. Euskarari dagokionez, interfazearen zati handiena euskaratuta dago, eta euskarazko bilaketak ere egin daitezke. Hala ere, azken hori oraingoz ez du batere ongi egiten.
Iruzkinak ezgaituta
Azkenaldian Interneten erabilera handiena duten tresnak sare sozialak dira. Gaur egun, Facebook, Twitter edo MySpace moduko webguneek milioika erabiltzaile dituzte beren sareetan. Joera horretan, erabiltzailea da protagonista. Izan ere, webguneak tresnak jartzen ditu, baina erabiltzailea da edukiak sortzen dituena. Hori dela eta, webgune horiek ez dira ezer bertako erabiltzaileak gabe.
Partaidetza aktibo hori dela eta, webgune horietan erabiltzaileak bestelako pisu bat du. Elementu garrantzitsua da, eta sare horien arduradunek erabiltzailea gustura egotea lortu behar dute. Bestela, bere indarraz baliatuz, ekintza asko eraman baititzake aurrera.
Azken hilabeteetan, sare sozial batek baino gehiagok izan dituzte erabiltzaileekin arazoak. Horien jatorria desberdina izan bada ere, ondorioa beti bera izan da: erabiltzailearen ezadostasuna. Webguneko erabilera arauen aldaketa, erabiltzaile batekin izandako portaera ezegokia edo mota horretako beste edozein gertakarik sor lezake erabiltzaileen haserrea.
Ezaugarriak
Behin gertakaria jazotakoan, errebolta hasten da. Normalean, kanpoan aditzera ematea baino nahiago izaten dute sarean bertan antolatzea. Behin bertan sona nabaria hartutakoan, kanpoko blogak eta hedabideak laster hasiko dira gertakariaren berri ematen. Erreakzio horiek ezaugarri jakinak izan ohi dituzte, erantzuna azkarra izaten da errebolta sortu duen gaian ekarpenak egin soluzio bidean jartzeko borondate garbia.
Facebook
Asko hitz egin zen sare sozial ezagun honetan izandako gertakariari buruz. Kasu horretan, erabilera baldintzak izan ziren arrazoia. Izan ere, Facebook sarean jarritako eduki guztien jabetza sare sozialarena izango zela esaten baitzen. Baldintza hori lehen ere bazegoen, baina erabiltzaileak kontua ezabatuta jabetza amaitu egiten zen. Baldintza hori kenduta, Facebookek erabiltzailearen edukien jabetza mantentzen zuen hark kontua ezabatuta ere. Aldaketa horrek sekulako kritika zaparrada jaso zuen, eta arduradunei zer pentsatu eman zien.
Horren ondorioz, printzipio batzuk eta eskubide eta arduren deklarazioa sortu dute. Gainera, deklarazio hori berrikusi ahal izango da, iruzkinak egin, bai eta zuzenketak ere. Ondoren, Facebooken bertan egingo den bozketaren bitartez zuzenketa onartzen bada, aplikatu egingo da, baldintza batzuekin betiere.
Tuentin, greba
Antzeko zerbait gertatu zen Tuenti sare sozialean ere. Bertako erabiltzaileak ez zeuden batere ados partaidetza kontratuaren klausula batekin. Hori dela eta, apirilaren erdialdean erabiltzaileen greba konbokatu zuten. Horretarako, gertaeren berri emateko Tuentik berak duen tresna erabili zuten eta berehala zabaldu zen sare osoan. Dena den, hasieran errebolta zirudiena pixkanaka nahasten joan zen. Lehenik, gertaeraren inguruan erabiltzaileak kontrako iritziak jartzen hasi ziren. Ondoren, grebaren sustatzailearen posta elektronikoa lapurtu eta haren kontuan sartu ahal izan ziren. Azkenean, bere Tuentiko profila ezabatu egin behar izan zuen, eta horrekin batera grebarako deialdia ere ezabatuta geratu zen. Hala ere, gertakari horrek zer pentsatua eman zien sare sozialeko arduradunei, eta bertako klausulak aldatuko zituztela hitzeman zuten.
Antzeko gertakariak bestelako tresna sozialetan ere izan dira; Twitterren edo Meneamen, esate baterako. Gustura ez dagoen erabiltzaile bat edo zerbait gertatu eta webguneko administrariek jokabide ezegokia izan dutenean gertatzen dira oro har. Webgune horietan, erabiltzailea denez garrantzitsuena, erantzun azkarra eta gardena ematea komeni da. Hori dela eta, begi bistan geratzen da mota horretako webguneetan erabiltzaileak gauzak aldatzeko duen indarra. Orain arte izan ez duena.
Iruzkinak ezgaituta
Interneten hainbat helburu eta ekintzatarako tresnak aurki daitezke gaur egun. Soopbook izenekoak liburuak elkarlanean sortzeko balio du. Horretarako, hainbat tresna sozial integratzen ditu, eta hori guztia liburua sortzeko prozesuarekin lotu. Erabiltzaileek Soopbooken bertan sartuta edo WordPress edo Google Docs moduko plataformetan idatz dezakete testua. Testu hori kapitulutan ezartzen da, eta sareko erabiltzaileek ekarpenak egiten dituzte. Ekarpen horiek, balorazioak edo testua aldatzeko proposamenak izan daitezke. Kontakizunaren momentu batean, historiaren adarkatzeak ere gerta daitezke. Kasu horietan erabiltzaileek aukeratzen dute zein duten gustukoena, eta hori geratzen da aurrerako. Behin liburua amaitutakoan, euskarri digitalean edo paperean eskura daiteke.
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Sailkatugabeak -n argitaratua, tags: scribd
Mota guztietako dokumentuak partekatzeko tresna sozialak daude: irudiak, bideoak, musika, aurkezpenak. Bulegotika aplikazioak sortutako dokumentuak partekatzeko tresna falta dela pentsatu arren, horretarako ere badago soluzioa, Scribd. Microsoft Office eta OpenOffice formatu guztiak onartzen ditu, PDF, PS, TXT eta RTF ere bai. Behin sareratu ondoren, Flash formatura pasatzen da, eta era horretara ikusten dira dokumentuak. Horretarako ezaugarrien artean, interesgarriak dira dokumentu barnean bilaketak egiteko aukera eta zoom egiteko tresna. Horrez gain, erabiltzaileek dokumentuak bozkatu egin ditzakete edo beste erabiltzaile baten edukietara harpidetu RSS formatuaren bidez. Webgunean edo blogean txertatzeko aukera ere ematen du, horrela dokumentua deskaragtu gabe irakur daiteke.
Iruzkinak ezgaituta
Mundu osoan den krisi ekonomikoa hizpide bihurtu da hainbat mahai- ingurutan. Guztiek daukate zerbait esateko eta ekarpenen bat egiteko. Interneten ere eduki asko aurki daiteke krisiaren inguruan, baina baita irtenbideak ere. Konponbide miragarriak izan ez arren, txanponak aurrezteko balio duten webguneak aurki daitezke.
Interneten mundu osoko edukiak eta baliabideak daudela ez da gauza berria. Tresna globala denez, munduko punta bateko pertsona bat beste puntako batekin harremanetan jartzeko gaitasuna du. Horretaz baliatuz, garai bateko truke sistemak beste dimentsio bat hartu du.
Oporretarako etxea trukatzen
Bidaia bat egiten denean, ostatuan aurrezteko modu interesgarria da etxea trukatzea. Horretarako, noski, norberak prest egon behar du etxea eta urte guztian etxean erabiltzen dituen gauzak ezezagun bati uzteko. Hau da, norbera beste baten etxera egun batzuk pasatzera joateko, lehenik bere etxea uzteko prest egon behar du. Nahiz eta hasiera batean eragozpen handirik ikusi ez, batzuek mesfidantza adierazten dute. Etxebizitzen trukea egiteko hainbat webgune daude. Munduan ezagunena Intervac eta Home Exchange dira, baina gaur egun gehiago daude (LivingAway eta Intercambio de Casa, esaterako).
Mota horretako webguneen funtzionamendua berdintsua izan ohi da. Behin erregistratu ondoren, norbere etxea gehitu behar da eskaintzen atalean. Hemen oso garrantzitsua da etxea eta ingurunea deskribatzea, libre egongo den denbora tartea eta argazki erakargarriak jartzea. Ondoren, oporretan joateko leku bat pentsatu behar da, eta bertan trukea egiteko etxerik ba ote dagoen begiratu. Lekua aukeratzeko orduan, malgutasuna garrantzitsua da; izan ere, leku jakin horretan litekeena da ezer ez egotea. Behin etxe batzuk aurkitu ondoren, norbere etxearekin trukea egitea eskaintzen zaie. Handik aurrera, besteen erantzunaren zain egon behar da. Batzuetan, eskaintza egiteko diru kopuru bat ordaindu behar izaten da, eta beste batzuetan, informazio osoa jaso ahal izateko.
Autoa partekatzea
Carpooling ere esaten zaion jarduera horrekin, bi helburu lortzen dira: alde batetik, joan-etorrien kostua jaistea eta, bestetik, kutsadura gutxiago sortzea. Ikusi besterik ez dago goizean zenbat auto mugitzen den errepideetan, eta ia guztietan pertsona bakarra joaten da. Askotan, gainera, abiapuntu eta helburu berak dituzten joan-etorriak egiten dira.
Erabilera hori eraginkorragoa izan dadin, autoa partekatzeko zerbitzua eskaintzen duten webguneak daude. Bertan, erabiltzaile bakoitzak nondik norako bidaia egiten duen jartzen du, eta ordua ere bai. Partekatzeko modua ere jar daiteke; esate baterako, autoa txandaka eramatea izan daiteke aukera bat, eta bidaiaren gastuetan laguntzea bestea.
Zerbitzu hori eskaintzen duten webgune dira Compartir.org eta eta Vao.es. Biek ere antzeko funtzionamendua dute: hasieran, mapa bat erakusten dute, partekatzeko dauden autoen kokapenekin; ondoren, erabiltzaile moduan erregistratu, eta interesekoren bat aurkituz gero, harekin harremanetan jartzea falta da. Esan behar da Compartir.org webguneak interfazea euskaraz duela eta Euskal Herrian estaldura handia duela.
Bi ekimen mota horiekin, ikusten da erabiltzaileak elkartzeko Internetek duen gaitasuna. Etxeak trukatu oporretarako edo autoa partekatu lanera joateko, horra hor bi aukera diru-zorroari min gutxiago emateko.
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Sailkatugabeak -n argitaratua, tags: iunika
Aurretik beste saio batzuk egin diren arren, badirudi oraingo honek lortuko duela. Espainiako enpresa batek ingurumena errespetatzen duen ordenagailu eramangarria aurkeztu du, iUnika Gyy izenekoa. Oraingoz, ultraeramangarriak diren modelo batzuk kaleratuko dituzte. Fabrikazioari dagokionez, osagai guztiak baliabide biodegragarrietatik eratorritakoak dira. Esate baterako, ordenagailuaren karkasa bioplastikoz egina dago. Material hori baliabide naturalak erabiliz egin da, hala nola almidoia, zelulosa eta arto irina. Bada iUnika Solar izeneko modelo bat ere; bateriak kargatzeko modua du berezia. Izan ere, karkasan eguzki-plakak ditu, eta horiez baliatuz lortzen da bateriak kargatzea. Kasu honetan, entxuferik jarri gabe ere posible da ordenagailuaren bateriak kargatzea. Bide batez esanda: librea ere bada, %100 software librea erabiltzen baitu.
Iruzkinak ezgaituta
Web aplikazioak erabiltzailearen mahaigainean integratzeko Mozillak kaleratu du bere soluzioa, Mozilla Prism izenekoa. Firefox nabigatzailean luzapen moduan instalatu daiteke, edo aplikazio independente moduan ere bai (Windows eta Mac). Modu horretara, mahaigainetik zuzenean jarri ahal izango da martxan edozein web aplikazio. Aplikazio bat mahaigainean ezartzeko, helbidea (URL) sartzea nahikoa izango da Prism-en. Gainera, exekuzio garaian aparteko memoria erabiliko da. Horrela, beste erlaitzen egonkortasunarekin ez du inolako eraginik izango. Prism aplikazioarekin, Chrome edo Internet Explorer 8 lehiakideek dituzten ezaugarri berdintsuak lortu ditu.
Iruzkinak ezgaituta
Mugikortasunaren garaia da; lehen, mahai gaineko ordenagailua edukitzen zen; orain, gailu eramangarri desberdinak erabiltzen dira. Alde batetik, ordenagailu eramangarria mahai gaineko ordenagailua ordezkatzera iritsi da kasu askotan. Bestalde, txikiagoak diren gailu mugikorrak daude, smartphone gisa ezagutzen direnak: iPhonea, esate baterako. Abantaila asko ekarri dituela zalantzarik ez dago, ordura arte mahaigainari zegoen lotura eten egin da nolabait.
Baina bestelako arazoak ere sortu dira, lehen mahaigaineko ordenagailuan zegoen informazio guztia, eta hura atzitzeko bide bakarra zegoen. Orain, informazio hori gailu desberdinetatik atzitzen da; ez atzitu bakarrik, informazio sortu eta aldatu ere bai. Horren ondorioz, gailu desberdinetan aurkitzen den informazioa ez da berdina. Esate baterako, horren adibidea da agendaren kudeaketa. Gailu mugikorreko agendan zerbait gehituz gero, beste batera joandakoan ez da informazio hori ikusten. Azken finean, informazioaren zatiketa gertatzen da.
Arazo hori konpontzeko, gailu desberdinetan sortzen den informazioa sinkronizatu egin behar da. Sinkronizazioa da bidea. Horretarako, hainbat konponbide daude, horiek agenda, kontaktuen zerrenda, posta elektronikoa eta antzeko zerbitzuak sinkronizatzeko balio dute. Guztiak Internet erabiltzen dute ardatz nagusi gisa, eta horretaz baliatzen dira.
MobileMe
Apple etxeak sinkronizazioa lortzeko sortutako konponbidea da MobileMe. Bere gailu mugikorrak (iPhone eta iPod Touch) beste edozein Mac edo ordenagailurekin sinkronizatzeko aukera eskaintzen du. Posta elektronikoa, agenda, kontaktuak eta antzeko zerbitzuak sinkroniza daitezke. Me.com helbidean, erabiltzaileak bere mahaigaina izan dezake Interneten, eta beste gailu guztiekin sinkronizatua. Sinkronizazio horiek egiteaz gain, norbere argazkiak eta bestelako informazioa gordetzeko disko zati bat eskaintzen du. Zerbitzu hau ordainpekoa da; probatzeko garai pasatu ondoren, hileko kuota ordaindu behar da.
Live Mesh
Microsoften apustua da Live Mesh izenekoa. Interneten galdutako lekua berriz lortzeko asmoz tresna interesgarria eskaintzen du. Horretarako, gailu desberdinen arteko sinkronizazioa egiteko plataforma eskaintzen du, eta baita edukia partekatzeko diskoa ere. Bertan, karpeta desberdinak sor daitezke, eta talde pribatuak egin atzipena bertara mugatuta jartzeko. Ondoren karpeta horietako informazioa sinkronizatu egiten da nahi den gailuen artean. Horrela, ez dago fitxategiaren bertsio berriena batera eta bestera kopiatzen ibili beharrik, berak egiten du automatikoki.
Live Mesh abian jartzeko, bere webgunean erregistratu, bezero-aplikazioa jaitsi eta instalatzea aski da. Ondoren, sinkronizatuta eduki nahi diren karpetak eta gailuak zehaztu eta informazioa partekatzen hastea besterik ez da falta. Zerbitzu hau doakoa da.
Artikulu honetan, datuen sinkronizazioa eskaintzen duten bi zerbitzu aurkeztu dira. Bata ordainpekoa, eta bestea doakoa. Dena dela, pixkanaka antzeko zerbitzu gehiago azaltzen hasi dira. Funtsean, guztiek oinarri bera dute, Internet edo orain esaten den bezala hodeia. Gainera, beraiek eskaintzen dituzten zerbitzuez gain, bestelako garatzaileek plataforma horietarako garapenak egitea bultzatzen da. Beraz, ez da harritzekoa izango denbora gutxi barru oraingoak baino zerbitzu aberatsagoak aurkitzea.
Iruzkinak ezgaituta
Amazonek bere ibilbidea egiten jarraitzen du irakurgailu elektronikoen munduan; oraingoan Kindle DX gailuaren merkaturatzea iragarri du. Kindle oraingo irakurgailuarekin konparatuz gero, tamaina da hasieran ikusten den desberdintasuna. Izan ere, bere tamaina bikoitza baino handiagoa da. Ekarriko duen memoriaren tamaina 3,3GBkoa da, 3.500 liburu inguru sartu ahal izango dira. Horretarako, Amazonen dendan erosi behar da edukia, liburuak eta egunkariak. Internetera konektatzeko, 3G motako konexioa dakar eta PDF dokumentuak ere irakurtzen ditu. Irakurgailu berria udan kaleratuko da AEBetan, eta hango hiru egunkari nagusitara harpidetu ahal izango da. Harpidetza hori egiten dutenek prezio berezian eskuratu ahal izango dute.
Iruzkinak ezgaituta
Urtero bezala, aurten ere banatu dira Interneten inguruan dauden saririk ezagunenak: Webby Awards sariak. Kategoria horiek mota askotakoak dira, esate baterako, hasiberri onenaren saria Twitterrek jaso du. New York Times-ek, Adidasek eta The Economist-ek ere jaso dute sari bat. 1996an hasi ziren sariak banatzen, The International Academy of Digital Arts and Sciences izeneko akademiaren eskutik. Bertako ia 550 partaidek eskarmentu handia dute Interneten; Beck eta David Bowie musikariak eta Richard Branson, besteak beste, aurki daitezke bertan. Aurten ia 70 kategoriatan banatu dira. Sarietara izendatutako eta irabazle guztiak webgunean topa daitezke.
Iruzkinak ezgaituta
|