Hitzetik hortzera erabiltzen da software librea terminoa, baina zer esan nahi du zehazki? Software librea doakoa da beti? Doan den software guztia librea da?
Askotan kontzeptuak nahastu egiten dira, eta ez da oso ondo jakiten jendea zertaz ari den. Software librea (ingelesez, free software), behin eskuratu ondoren erabili, kopiatu, aztertu, aldatu eta libreki birbanatu daiteke. Askatasun horiek guztiak ematen ditu software libreak. Horrela, erabiltzaileak softwarea eskuratu ondoren, bere beharretara molda dezake eta egindako bertsio berria beste erabiltzaileen esku utzi.

Software librea ez da doako softwarea
Software librearen inguruan badago uste ez oso zuzena bat: software librea doako softwarea da. Horrek ez du zertan horrela izan, nahiz eta normalean doan banatzen den edo banaketa-prezio murritz bat jartzen zaion, baina ez da derrigorrezkoa. Beraz, ez dira nahastu behar software librea eta doako softwarea kontzeptuak. Izan ere, badira hainbat software doan banatzen direnak baina libreak ez direnak, horiei freeware deitzen zaie. Softwarea aldatu eta birbanatzeko baimenik ez badu ematen, ezin zaio librea deitu.
Beharrezko askatasunak
Aurrez aipatu den bezala, software bat libre hartzeko hainbat baldintza bete behar ditu, hau da, askatasun jakin batzuk eskaini behar ditu. Lau dira software libre batek izan beharreko askatasunak. Lehenengoa, edozein helburu izanda ere -pertsonala, komertziala eta abar- aplikazioa exekutatu ahal izatea da. Bigarrena, aplikazioa aztertu eta aldatu ahal izatea, horretarako iturburu kodeak eskuragarri egon behar du. Hirugarrena, kopiatu ahal izatea. Eta laugarrena, aplikazioa hobetu eta hobekuntza horiek argitaratzea.
Lizentzia motak

Software librea lizentziatzeko orduan aukera asko daude, lizentzia guztiak OSI (Open Source Iniciative) erakundearen web gunean topa daitezke. Lizentziarik erabilienetakoa GNU GPL dela esan daiteke. Bertan, egileak bere eskubideak mantentzen ditu, eta softwarearen aldaketa eta birbanaketa baimentzen ditu bere zentzu murritzenean. Horrela, GNU GPL lizentzia ez duten osagai edo moduluek ezin dute lizentzia hori duen software baten zati izan. GNU GPL duen lizentzia, lizentzia horren menpean soilik birbana daiteke, ezin da beste edozein lizentzia erabili horretarako.
MPL (Mozilla Public License) lizentzia ere asko erabiltzen da. Bere garaian, Netscape enpresak bere nabigatzaile ezaguna askatzeko erabili zuen lizentzia hori, eta hortik sortu zen Mozilla proiektua. MPL lizentziak, GNU GPL sortzen duen efektu birala sahiesten du, hau da, MPL lizentzia duen software batetik abiatuz sortzen den beste batek ez du zertan MPL lizentzia mantendu. Arrazoi horregatik, GNU GPL lizentziaren aldekoek ez dute begi onez ikusten MPL lizentzia.
Komunitatea

Software librearen munduan oso ohikoa da garatzaile komunitate bat izatea proiektuaren inguruan. Komunitate horietako partaideak normalean ez daude toki fisiko berdinean, eta, ondorioz, Internet bidez jartzen dira harremanetan. Softwarearen garapenean programatzen den iturburu kodea ere Interneteko web gune espezifiko batzuetan gordetzen da. Horietan gordetzen dira garapeneko bertsio desberdinak eta besteak beste, bertatik kudeatzen da aurkitzen diren akatsen zuzenketa. Web gune horietan ezagunena SourceForge da, bertan ia 180.000 proiektu daude erregistraturik. Bertatik kudeatzen dira, esate baterako, eMule eta Azureus aplikazioak.
Software librea garatzen duten komuninateetan parte hartzeko arrazoiak asko izan daitezke, baina garrantzitsuak hauek dira: merkatuan lehiatzeko abantaila, garapenak lankidetzan egiteko beste era bat, software lehiakorra guztien eskura jartzeko era eta abar.
Esan beharrik ez dago software librearen eredua gero eta gehiago zabaltzen ari dela, zentzu horretan administrazio publikoan ere hasi dira proiektu batzuk ikusten. Hala ere, bide luzea dago egiteko, eta tartean oztopo bat baino gehiago gainditu beharko dira.