“Tresna” kategoriarako artxiboa
Gero eta ohikoago bihurtzen ari da posta elektronikoa Interneten gordetzea. Gero eta gutxiago egiten da posta kudeatzeko software baten bidez posta ordenagailura deskargatzea. Hala ere, oraindik jende askok erabiltzen ditu mota horretako aplikazioak. Lan munduan, esaterako, oso ohikoa da posta elektronikoa ordenagailura deskargatzea.
Posta elektronikoa kudeatzeko aplikazioen artean, Microsoft etxeko Outlook da ezagunena, hori erabiltzen baita gehien. Baina norbait aplikazio hori utzi eta beste bat jartzekotan baldin badabil, badu aukerarik. Kode irekikoak diren bi aplikazio dira alternatiba nagusiak: Mozilla Thunderbird eta Novell Evolution. Gainera, biak erabil daitezke euskaraz.
Thunderbird
Mozilla proiektuaren posta-bezeroa da Thunderbird. Firefox nabigatzailea bezala, oso aplikazio egonkorra da. Posta-bezero batek dituen edozein ezaugarri ditu: karpetak kudeatzeko sistema, posta helbideen atala eta posta-kontu bat baino gehiago kudeatzeko aukera. Spam-a diren mezuak iragazteko ere oso motor eraginkorra du. Gainera, Windows, Mac OS X eta Linux plataformetan erabiltzeko prestatuta dago.
Ohiko ezaugarriez gain, baditu beste ezaugarri batzuk ere, eta horiek oraindik gehiago errazten dute aplikazioaren erabilera. Esate baterako, RSS jarioak Thunderbidetik bertatik irakurtzeko konfiguratu daiteke. Horrela, horiek irakurtzeko ez da beste aplikaziorik behar.
Mezuak karpetetan sailkatzeaz gain, etiketak jartzeko aukera ematen du. Etiketa horiekin, mezuak gaika sailka daitezke, eta berdin dio mezuak karpeta desberdinetan baldin badaude ere. Hau da, karpeta desberdinetako mezuak etiketen bidez erlaziona daitezke.
Firefox nabigatzaileak bezala, Thunderbirdek ere gehigarriak onartzen ditu. Aukera horrekin, aplikazioa ezaugarri berriekin aberastu egin daiteke, gehigarrien bilduma oso zabala baita. Denetik aurki daiteke: kontaktuen zerrenda Gmail-ekin sinkronizatuta izateko aukera, deskargak azkartzeko modua, segurtasun gehigarriak eta abar.
Evolution
Duela urte batzuk Ximian Evolution zuen izena, baina, Novell enpresak erosi zuenetik, Evolution esaten zaio. Kode irekiko posta-bezero horrek, posta elektronikoa kudeatzeaz gain, beste hainbat funtzio ere betetzen ditu. Eguneko agenda, egin beharreko atazak, bilerak eta mota guztietako zereginak kudea daitezke Evolutionekin.
Jatorrizko aplikazioa Linux plataformakoa da; Ubuntu bezalako banaketa ezagunetan instalatzen da, besterik agintzen ez bada. Dena dela, Windows plataformarako bertsio bat ere mantentzen da. Horrela, Microsoft Outlooken alternatiba sendo moduan aurkezten da; izan ere, ezaugarri antzekoak baitituzte. Evolutionek duen bilaketa-sistema oso azkarra da. Eremu askotan egin daitezke bilaketak; mezuen gorputzea egiten bada ere, emaitzak oso azkar bueltatzen ditu.
Gnome proiektuaren barnean dagoenez, hori euskaratzeko proiektuaren barnean sartu da Evolution euskaratzea ere. Beraz, norbere sistema eragilea euskaraz izanez gero, aplikazioaren interfazea euskaraz izango da. Bestela, eskuz konfiguratu beharko da.
Outlook
Microsoften posta-bezeroa da hiruren artean ezagunena. Sistema eragilearekin eta bulegotika-suitearekin duen nagusitasunaz baliatu da posta-aplikazioa ezartzeko. Euskaraz ere badago Outlook; nahikoa da Office bulegotika-suiteari euskarazko interfaze paketea instalatzea. Hori egin ondoren, aplikazioa euskaraz erabili ahal izango da.
Artikulu honetan posta elektronikoa norbere ordenagailuan kudeatu ahal izateko aplikazioak aurkeztu dira. Hirurak dira baliozkoak, lehenengo biak kode irekikoak, eta hirugarrena ez. Baina hirurak erabil daitezke euskaraz. Gehien erabiltzen den aplikazioa euskaraz erabil daiteke.
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Internet, Tresna -n argitaratua, tags: wikipedia

Gaur egun Interneten informazioa bilatzeko erabiltzen den webgune garrantzitsuenetako bat da Wikipedia. Milaka boluntario aritzen dira informazioa sartzen, eta hizkuntza asko daude beren bertsioa dutenak, euskarazko Wikipedia ere badago. Sareko auzolanaz osatzen den entziklopediak, hala ere, baditu gastuak. Bisitari kopurua hazten ari den neurrian, behar diren baliabide teknikoak ere gehiago dira. Zerbitzari ahaltsuagoak behar dira, Interneterako konexio gehiago, eta, oro har, informazioa kudeatu eta zerbitzatzea garestiagoa egiten da.
Hori dela eta, Wikimedia fundazioak, Wikipedia kudeatzen duen erakundeak, urtero egiten du diru bilketa egiteko kanpaina bat. Aurten ere iritsi da sasoia, sei milioi dolar lortu nahi dira donazioen bidez. Beraz, Wikipedia erabiltzen dutenek, aberastea, sendotzea eta oraindik ere erabilgarriagoa izatea nahi badute, orain dute aukera beren ekarpena egiteko.
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Tresna -n argitaratua, tags: bilerak, doodle

Nor ez da ibili e-postaz bilera baterako eguna eta ordua adostu ezinik? Gainera, horrelako kasuetan, zenbat eta partaide gehiago izan adostasunera iristeko arazoak areagotu egiten dira. Doodle-ek arazo horiek saihesten laguntzen du. Esate baterako, bilera egiteko egun bat jarri nahi bada, nahikoa da Doodle-en sartu eta gertaera bat sortzea. Behin gertaera sortu ondoren, egiteko hautagai diren egun eta eta orduak jartzen dira. Eta, azkenik, aukeraketa egin ahal izateko partaideei automatikoki sortutako esteka bidaltzen zaie. Horrela, partaideak proposatu diren egun eta orduak hautatu edo baztertu egiten dituzte. Behin prozesu hori egindakoan, taula batean agertzen dira partaideek emandako erantzunak, onartutakoak berdez eta baztertutakoak gorriz. Koloreen erabilera horrekin oso erraz ikusten da zein data den egokiena. Tresna sinplea eta baliogarria bilerak jartzeko orduan.
Iruzkinak ezgaituta

Sarritan gertatzen da norbere ohiko ordenagailua eskura ez izatea eta hango dokumentu edo fitxategiren bat behar izatea. Bidaia bat egitean, lagun bat edo bezero bat bisitatzean gerta litezke horrelako kasuak. Informazioa eramateko badira aukera errazak, pendrive gailuak esaterako. Baina, gaur egun, disko gogor birtualaren aukera ari da hazten gehienbat. Interneten dauden diskoak dira, eta horietan norbere informazioa gorde daiteke.
Dropbox izeneko zerbitzua da horietako bat. Zerbitzu horretan erregistratuz gero, 2GB erabil daitezke. Horretarako, webgunean dagoen aplikazio bat deskargatu eta instalatu behar da. Aplikazioa Windows, Mac eta Linux plataformatan dabil. Funtzionamendua erraza da, norbere ordenagailuko beste karpeta baten moduan agertzen da, eta dokumentua han kopiatu besterik ez da egin behar.
Iruzkinak ezgaituta

Ordenagailuko osagaiek (disko gogorra, txartel grafikoa eta abar) sistema eragilearekin lan egiteko driverrak behar izaten dituzte. Beraiek dira sistema eragilearen eta osagaiaren arteko komunikazioaz arduratzen diren elementuak. Ordenagailu berria erostean, driver horiek eguneratuak egoten dira, azken akatsak konponduta. Baina denbora pasatzen den heinean, akats gehiago topatzen dira edota bere funtzionamendua azkartzeko aldaketak egiten dira. Kasu horietan, komeni izaten da driverrak eguneratuta izatea. Baina hori egitea oso konplikatua da; izan ere, osagai bakoitzaren webgunera joan behar baita eguneraketaren bila. Lan horretan laguntzeko dago DriverMax izeneko aplikazioa. Honek, ordenagailuko osagaiek behar dituzten driverren kudeaketa zentralizatu egiten du, eta, horrela, asko errazten da eguneratze lana.
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Tresna -n argitaratua, tags: helbideak, zipmyurl

Interneten nabigatzean, askotan gertatzen da intereseko webgune bat aurkitu eta lagun bati bidaltzea, baita esteka norbere blogean jarri nahi izatea ere. Baina webgunearen helbidea edo url-ren luzera arazo bat izan daiteke, bai helbidea ulertzeko eta bai bidaltze- ko garaian; posta elektronikoz bidaltzean, helbidea bi lerrotan jarri eta mozteko arriskua ere badago.
Arazo hori konpontzeko, helbideak laburtzeko tresnak daude eta oso aukera zabala dago. Horietako bat ZipMyURL izeneko zerbitzua da. Baina, helbideak mozteaz gain, bestelako funtzio batzuk ere eskaintzen ditu. Del.icio.us edo Twitter-en kontua izanez gero, moztutako helbidea bertan sartzeko aukera ematen du.
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Tresna -n argitaratua
Merkataritza elektronikoa ez da gauza berria. 2000. urtearen
inguruan, Internetek izan zuen lehen boom hartan, ardatzetako bat izan
zen. Garai horietatik asko aldatu dira gauzak; orduan ez zegoen
edonoren esku Interneten denda zabaltzea. Egin beharreko lan
informatikoa handia zen, ostatatzea ere garestia zen eta ordainketak
egiteko metodoak ere ez ziren hain gardenak.
Gaur egun, zorionez, gauzak asko aldatu dira. Zer saldu izanez
gero, denbora gutxian jar daiteke Interneten denda bat martxan. Alegia,
saldu nahi den produktua ongi definitua izatea da garrantzitsuena.
Azpiegitura informatikoari dagokionez, mota guztietako softwarea eta
plataformak aurki daitezke: denda batek behar duen guztia programatua
duten aplikazioak, denda giltza eskuan eran eskaintzen dutenak… eta biltegi zerbitzua eskaintzen duten enpresak ere badaude.
Berri osoa irakurri »
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Tresna -n argitaratua
Interneten nabigatzen ari garenean, askotan aurkitzen dira
erregistratzeko helbide elektronikoa eskatzen duten erregistroak.
Ondoren, ez da jakiten benetan zertarako erabiltzen den informazioa.
Baina, askotan, informazio komertziala eta zaborra besterik ez da
etortzen. Arazo horri aurre egiteko, momentu baterako helbide
elektronikoa izatea aukera ona izan daiteke. Zerbitzu hauek minutu
batzuetarako helbide elektroniko bat eskaintzen dute, normalean ausaz
sortua. Behin erregistroa egin eta posta elektronikoz baieztapena eman
ondoren, helbidea ez da gehiago erabili behar. Horrelako zerbitzua
eskaintzen du MailCatch webguneak ere, erabili eta uzteko helbide
elektronikoa. Beste aukera bat erregistro bat egiterakoan norbere ohiko
helbide elektronikoa eman nahi ez denerako. Berri osoa irakurri »
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Tresna -n argitaratua
Duela pare bat astetik, itsuek eta ikusteko mugak dituztenek Google
Reader erabiliz irakur ditzakete beren berri iturri gogokoenak.
Martxoaren erdialdera, RSS irakurle ezagunak WAI-ARIA irisgarritasun
estandarra betetzen du. Estandar honek Interneteko web aplikazio
konplexuak irisgarriago egiteko arauak ezartzen ditu, eta Google
Reader-ek estandar horiek betetzen dituen bertsio bat atera du.
Oraingoz, Fire Vox izeneko Firefox nabigatzailearen gehigarri
batekin probatu dute; gehigarri hori Google-ko ingeniari batek garatu
du. Horrez gain, Firefox 3 bertsioarekin ere badabil, JFW 8.0 eta
Windows Eyes 5.5 aplikazioekin. Bertsio irisgarri horretara heltzeko,
ezkutuko esteka bat jarraitu behar da. Esteka hori pantaila irakurleek
detektatzen dute, eta ARIA estandarra betetzen duen bertsiorako esteka
bezala deskribatzen da.
Berri osoa irakurri »
Iruzkinak ezgaituta
epiola -k Tresna -n argitaratua
Beste artikuluren batean ere aipatu izan da Windows sistema eragileak
programak desinstalatzeko dakarren aplikazioak ez dituela guztiz
ezabatzen programaren fitxategi guztiak. Askotan, konfigurazioko
fitxategiren bat edo bestelako zaborra uzteko ohitura txarra du. Lan
hori askoz hobeto egiten duen aplikaziorik bada, horietako bat Absolute
Uninstaller da. Aplikazio honek Windows-enak baino askoz azkarrago
erakusten du instalatuta dauden programen zerrenda. Gainera, programa
bat desinstalatzean, fitxategi guztiak ezabatzen ditu. Horrez gain,
bilaketak egiteko aukera ematen du, eta instalatuta dauden programen
sarrera okerrak konpondu ere egiten ditu. Aplikazioa Windows 98
bertsiotik goragokoetan dabil, eta doan da. Berri osoa irakurri »
Iruzkinak ezgaituta
|