Zerbitzaria erosi, zertarako?
epiola -k Sailkatugabeak -n argitaratua, tags: amazon ec2, appengine, hodei-konputazioWebgune bat abian jartzeko garaian, begiratu behar den gauzetako bat azpiegitura da. Bertan, elementurik garrantzitsuena zerbitzaria da dudarik gabe. Duela urte batzuk, ostatatze-zerbitzuak ezagunak egin aurretik, enpresetan ohikoa izaten zen norbere zerbitzaria erostea. Baina hor ez zen amaitzen kontua, erosi ondoren, Interneteko konexioa alokatu behar zen eta elektrizitatea. Gastuak etengabe hazten ziren, eta zerbitzaria mantentzen ordu asko joaten ziren.
Gaur egun, zerbitzari bat erosi aurretik, oso ongi aztertu behar da zein helburutarako erabiliko den. Izan ere, urte batzuetatik gaur egunera asko eboluzionatu dute ostatatze zerbitzuek. Birtualizazio-teknikak erabilita, hardware berean zerbitzari bat baino gehiago jar daitezke martxan. Baliabideen erabilera asko optimizatzea dakar horrek, bai hardware aldetik eta bai elektrizitate eta beste gastuen aldetik ere. Beraz, erosi aurretik, helburuak ongi finkatu behar dira, agian ez baitu mereziko erosteak.
Hodei konputazioarekin, birtualizazio-teknikei esker lortutako hobekuntzetan beste urrats bat egin da. Zoritxarrez, webgune batzuetan gertatu izan da aurreikusitakoa baino erabiltzaile kopuru handiagoa sartzea eta zerbitzariak ezin erantzutea. Horrelako erabiltzaile-uholdeei aurre egitea ez da erraza, teknikoki, gaitasun handiagoa duen zerbitzari batera migratu behar baita aplikazio osoa. Denbora eskatzen du horrek, eta askotan migrazioa egiterako berandu izan ohi da. Horrelako egoerak saihesteko eta eskalagarritasun azkarra izateko, konputazio-zerbitzua eskaintzen hasi dira. Mota horretako zerbitzua eskaintzen, Google eta Amazon dira nagusi.
Google AppEngine
Googlek berez azpiegituraz baliatuz, aplikazioak exekutatzeko eskaintzen duen plataforma da AppEngine izenekoa. Hodei konputazioaren teknologiaz baliatuz, garatzailearen eskura jartzen ditu zerbitzariak. Horrela, zerbitzari horietan aplikazioak exekutatu eta informazioa gorde daiteke. Plataforma guztiz eskalagarria da; hau da, baliabideen behar handiagoa izanez gero, oso erraza da horretarako azpiegitura handitzea.
Aplikazioak garatzeko garaian hainbat muga ezartzen da. Horietan lehenengo programazio-lengoaia da; izan ere, aplikazioak, Python eta Java lengoaietan soilik garatuak egon baitaitezke. Gainera, zenbait eragiketa egin ahal izateko, Googlek horretarako prestatu dituen APIak erabili behar dira.
AppEngine plataforma doan erabil daiteke muga batzuk arte. Diskoaren espazioaren muga 500 MBtakoa da, eta konexioa (banda zabala) eta PUZ erabilera, hilean bost milioi bisita izateko modukoa da. Baliabide horiek baino gehiago behar izanez gero, oso prezio erakargarri baten truke eskuratu daitezke.
Amazon EC2
Amazon Elastic Compute Cloud da zerbitzuaren izen osoa. Izenak berak dioen bezala, aplikazioa exekutatzeko hodei konputazioan oinarritzen den zerbitzu malgua eskaintzen du. Aplikazioen eskalagarritasuna du ezaugarri nagusia, baina beste metodo bat jarraitzen du horretarako. Amazonek erabiltzaileari uzten dio zerbitzari birtualak (instantziak) sortzen eta kudeatzen. Horrela, beharren arabera, erabiltzaileak berak sortu, abian jarri eta itzali ditzake zerbitzari-instantziak. Instantzia horiek hiru mailatan sailkatzen ditu: txikiak, handiak eta oso handiak. Eskaintzen dituen baliabideengatik bereizten da aukera bakoitza.
Amazonek ez du doako zerbitzurik eskaintzen, baina bere prezioak oso lehiakorrak dira. Hileko prezio jakinik ez dago; izan ere, makina birtual bakoitzak izandako kargaren eta transferitutako datu kopuruaren arabera fakturatzen da. Hala ere, aurrekontuak kalkulatzeko duen orrian egiazta daitekeen bezala, hilean euro gutxi batzuen truke, zerbitzari oso ona eskuratu daiteke.
Bi aukera horietan ikusi den bezala, zerbitzariak alokatzearen joera aldatzen ari da. Makina osoak alokatu beharrean, baliabideak alokatzen dira, eta hori da kobratzen dena. Horrek abantaila handia ekartzen du norbere kontura zerbitzari bat jartzearekin alderatzen bada. Beraz, hasieran esan bezala, zerbitzari bat erosi aurretik, ongi pentsatu behar da ea benetan beharrezkoa den.
Iruzkinak ezgaituta
Sun enpresa informatika munduan dagoen enpresarik errespetatuenetakoa izan da beti. Bertan sortuak dira, besteak beste, Unix sistema eragilea eta Java programazio lengoaia. Azken aldian behin eta berriz aipatzen den hodei konputazioaren arloan ez zegoen oso argi zer jarrera hartuko zuen. Duela aste batzuk, Sun-en zein zen erakutsi zuen.
Duela hilabete pare bat idatzitako
Cloud computing-aren edo hodei-konputazioaren definizio argi bat ematea ez da erraza. Teknologia berrietan munduko adituenak direnak, bakoitzak bere ukitua ematen dio definizioari. Dena dela, ideia nagusia ondorengoa da: konputazio zerbitzuak Internet bidez eskaintzea. Hodeiarena, Interneten metafora bat besterik ez da. Garapen tradizionaletan, aplikazio osoa ordenagailu batean exekutatzen da eta asko jota sare lokalean konektatuta dauden hainbat ordenagailutan. Hodei-konputazioan, aplikazioaren osagaiak Internet bidez atzi daitezke.





Sarrerak (RSS)