
Web nabigatzailea gaur egun ordenagailuan gehien erabiltzen den aplikazioa dela esan daiteke. Interneten zabalkundeak gero eta ezagunagoak egin ditu, eta denborarekin ezaugarri berriez hornitu dira. Gero eta ekintza gehiago egiten direnez sarean zuzenean, nabigatzaileek informazioa prozesatzeko gaitasuna areagotu egin dute. Posta elektronikoa sarean eduki ez ezik, orain ohikoa da dokumentuak idaztea eta kalkulu-orriak ere sarean erabiltzea. Hori guztia ongi egin ahal izateko, tresna ahaltsuak bihurtu dira web nabigatzaileak.
Euskaraz ere erabil daitezke, eta, horren harira, dauden aukerak azalduko ditugu. Horrez gain, interesagarriak diren beste tresna pare bat ere erakutsiko ditugu.
Mozilla Firefox
Netscape Communicator nabigatzailearen ondorengoa dela esan daiteke Mozilla Firefox. Aske utzi zen haren kodea hartu baitzen oinarri gisa Firefoxen lehen bertsioa kaleratzeko. Ondorioz, Firefox kode irekiko aplikazoa da. Dena dela, garai hartatik bide luzea egin du, eta emaitzak hor daude; gero eta erabiltzaile gehiago ditu. Duela hilabete batzuk Firefox 3 bertsioa kaleratu zen, eta horrek ere beste bultzada bat eman dio.
Bere ezaugarri nagusien artean, erlaitzetan oinarritutako nabigazioa aipatu behar da. Orri bat baino gehiago aldi berean irekita eduki nahi badira, lehen lehioak irekitzen ziren. Horrek, azkenean, erabilera zailagoa egiten zuen. Baina Firefoxen bigarren bertsiotik aurrera erlaitzak gehitu zitzaizkion, eta, horrela, lehio bakar batean nahi adina orri eduki daitezke irekita. Horrez gain, gehigarriak instalatzeko aukera, eguneraketak automatikoki bilatu eta instalatzea eta beste hainbat ezaugarri ditu.
Euskarazko bertsioa Librezale.org taldeak mantentzen du, beraiek dira Firefox euskaraz izatearen arduradunak. Nabigatzailea euskaraz hartzeko Firefoxen gune ofizialetik edo Librezale.org webgunetik har daiteke. Instalazioa oso intuitiboa da, pauso bakoitza erraz egin daiteke eta, gainera, Internet Explorer nabigatzaileko informazioa inportatu daiteke.
Internet Explorer
Oraindik ere gehien erabiltzen den nabigatzailea da Internet Explorer. Windows sistema eragilearekin zuen nagusitasunaz baliatu zen Microsoft bere web nabigatzailea zabaltzeko. Hainbat epaiketa egin dira kontu hori dela eta, baina oraindik ere hor dago. Nabigatzaile hau ezaguna egin da aurkitu dizkioten segurtasun zuloengatik, besteak beste. Izan ere, erabiltzailearen ordenagailuaren segurtasuna behin baino gehiagotan utzi du airean. Nahiz eta proportzioan gero eta presentzia txikiagoa izan, oraindik nagusi da.
Momentu honetan, bertsio berriena Explorer 7 da, baina Explorer 6 ere asko erabiltzen da oraindik. Horiek euskaraz jartzeko bi bide daude: sistema eragilea euskaraz jartzea eta interfaze paketea hartzea. Windows XP euskaraz jartzen denean, Explorer 6 nabigatzailea ere automatikoki euskaratu egiten da. Aldiz, Explorer 7 euskaratzeko interfaze paketea hartu eta instalatu behar da. Windows Vista plataforman, berriz, euskaraz jartzean nabigatzailea ere euskaraz jartzen da.
Euskalbar
Arestian aipatu da Firefoxen gehigarriak instalatu daitezkela. Mota askotakoak daude, baina euskaldunen artean bat nabarmendu da: Euskalbar, hain zuzen ere. Gehigarri horrek euskarazko hiztegi gehienetan kontsultak egiteko balio du: Elhuyar, Euskalterm, Hiztegi Batua eta abar. Kontsulta bat egiteko hiztegia dagoen webgunera jotzea sahiesten du eta, gainera, hiztegi bat baino gehiagotan ere egin daiteke bilaketa. Itzultzaileen artean oso ezaguna den arren, euskaraz idazten duen edonorentzat da gomendagarria Euskalbar.
Euskalduna zara Interneten?
Interneten hizkuntzen erabilerari buruzko datuak ateratzerako orduan, nabigatzaileak erabiltzen duen hizkuntza hartzen da kontuan. Euskararen kasuan oso garrantzitsua da, izan ere, askok konturatu gabe gaztelaniaz nabigatzen dute, nahiz eta euskaldunak izan. Horrela, datuak ateratzean, erabiltzaile euskaldunak direnak baino gutxiago azaltzen dira. Zein hizkuntzatan nabigatzen den jakiteko, Sustatu.com web gunera sartzea nahikoa da. Bertan sartzean, hizkuntza detektatzen du eta euskara ez bada abisatu egiten du. Abisua eman ez ezik, aldatzeko zer egin behar den ere azaltzen da.