Sare sozialak sortzeko tresnak
epiola -k Sailkatugabeak -n argitaratua, tags: a2hosting, elgg, lovdbyless, sare socialakDuela urte pare batetik gaur egunera asko zabaldu da sare sozialen mugimendua Interneten. Nork ez ditu ezagutzen Facebook, Tuenti eta MySpace plataformak. Sare sozialak, Interneten nabigatzeko ohiturak aldatzen ere ari dira. Ikerketa batzuk ondorioztatu dutenez, AEBetako gazteek, Internet osoan nabigatu beharrean, Facebooken moduko sareetan nabigatzen dute. Bertan egiten dituzte sarean egin behar dituzten ekintzak, beren lagunak ere bertan daude, eta ez dute hortik kanpora ateratzeko beharrik.

Nabigatzeko joera aldatzeaz gain, marketinaren jomuga berria ere badira. Sare sozialetan dabiltzan pertsonek beraiei buruzko arrasto asko uzten dituzte. Uzten duten informazio horren adibide dira ohiturak, gustuak, adina, eta abar. Hau da, sarean dabiltzan erabiltzeak irizpide askoren arabera segmentatu edo sailkatu daitezke. Horren ondorioz, marketin kanpainak egiteko oso gune aproposak dira, izan ere, erabiltzaileak hain sailkatuta egonik, oso erraza da helburu diren erabiltzaileengana iristea.
Sare sozial orokorretatik at, espezifikoak edo gai jakin baten inguruan sortutakoak ere badaude. Edozein gairen edo erakunderen inguruan sor daiteke sare sozial bat. Sortzeko, neurrira garatutako plataformak edo sarean eskuratu daitezkeenak erabiltzen dira. Azken horietan, kode irekian banatzen direnak ere badira, eta ezagunak egiten ari dira gainera. Hutsetik garatzen hasi beharrean, oinarri batetik abia daiteke plataforma horiekin. Eta ondoren, sareari gehitu nahi zaizkion funtzionalitateak garatu edo sarean bilatu daitezke. Horrela, ez da hain zaila norberaren beharretara egokitutako sare sozial bat eratzea.
Elgg
Elgg da dudarik gabe sare sozialak sortzeko kode irekian dagoen plataforma ahaltsuena. Eskaintzen dituen ezaugarrien artean daude blogak, networking egiteko edo taldeak sortzeko aukera. RSS jarioak gehitzeko aukera ere ematen du, baita fitxategiak igo eta partekatzeko ere. Oso erraza da sortu nahi den sarearen beharretara moldatzeko, bere egituraren malgutasunari esker. Horrez gain, aplikazioaren atzean garatzaile komunitate zabal bat dago. Komunitate horrek, Elgg aplikazioa garatzeaz arduratzeaz gain, berarentzako funtzionalitate gehigarriak garatzen ditu. Horrela, esate baterako, Flickr-eko argazkiak sare honetan ikusi daitezke, eta YouTube-ko bideoak ere bai, besteak beste. Aplikazioa hizkuntza batean baino gehiagotan erabiltzeko pentsatua dago, hizkuntza bakoitzerako lokalizazioak ere komunitateko partaideek egiten dituzte. Elgg plataforma LAMP (Linux, Apache, MySQL eta PHP) azpiegituran oinarritzen da.
Lovd By Less
Aplikazio honen sortzailea Less Everyting izeneko enpresa izan zen. Bezeroak enpresari sare sozialak eskatzen hasi omen zitzaizkien, bakoitza ezaugarri bereziren batekin. Baina askotan gertatzen den bezala, bezeroek ez zeukaten itxurazko garapen bat ordaintzeko adina aurrekontu. Hori dela eta, sare sozialak sortzeko kode irekiko plataforma orokor bat sortu zuten, eta, hortik abiatuta, bezero bakoitzaren neurrira egokitu zuten. Gaur egun, Lovd By Less garatzen komunitate bat ari da enpresarekin batera. Aplikazioak sare sozial batean ohikoak diren ezaugarriak ditu: erabiltzaileen arteko networking-a, argazkiak partekatzea, bloga, mezularitza eta Flickr, YouTube eta gisako aplikazioekin integrazioa. Lovd By Less, Ruby on Rails plataforman garatuta dago.
Ostatatzea
Eduki kudeatzaileen gisako aplikazioentzako ostatatze zerbitzuak eskaintzen diren bezala, sare sozial propioak ezartzeko ere badaude. Horrela, hutsetik aplikazio osoa ezartzen hasi beharrean, oinarrizko instalazioa eginda ematen dute. Hortik abiatuta, ondoren norberak bere beharretara egokitzapenak egingo ditu. Esate baterako, A2 Hosting izeneko enpresak Elgg plataformarako ostatatze propioa eskaintzen du.
Iruzkinak ezgaituta


Sarrerak (RSS)