Posts Tagged “segurtasun kopiak”

Ordenagailuko datuen segurtasun kopia egitea komenigarria dela zalantzatik kanpo dago. Baina askotan, aplikazio konplikatuak edo instalazio berezia eskatzen dute. Horien aurrean, soluzio sinple eta eraginkorra izan daiteke Sandisk etxeak atera duena. Sandisk USB Ultra Backup izena du, eta USB bidez pendrive batean egiten da segurtasun kopia. Erabiltzen hasteko, ez da ezer instalatu behar; ondorioz, hainbat plataformatarako balio du. Tamainaren aldetik, 64 GB artekoak eskaintzen dituzte. Datuak zifratuta gorde daitezke; horrela, datuak berreskuratzeko garaian, pasahitza dakienak soilik berreskuratu ahal izango du. Gainera, kopia galduz gero, ezingo dira datuak zuzenean ikusi. Zalantzarik ez dago, gailu honen abantaila erosotasuna da, bai kopia egiteko garaian, bai eta edonora eramateko orduan ere.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Ordenagailuko informazioaren segurtasun kopia egitea beti gomendatu izan da. Hala ere, erabiltzaile asko eta askok ez diote jaramonik egiten gomendio horri, eta ondoren etortzen dira sustoa eta izerdiak. Izan ere, kontua ez da datuak galdu egingo diren ala ez, baizik eta noiz galduko diren. Hori horrela da.

Egindako ikerketa batzuek diotenez, urte batean ordenagailu erabiltzaileen %37k ez berreskuratzeko moduan galtzen dituzte ordenagailuko datuak. Eta erabiltzaileen %72k beren ordenagailua arriskuan daukate. Ordenagailuaren disko gogorraren batez besteko bizia lau urte inguruako dela kontuan hartuta, erabiltzaileari geratzen zaion aukera bakarra, datuak galtzen dituenean ahalik eta azkarrena berreskuratzeko prestatzea. Horretarako dira segurtasun kopiak.

Infomazioa galtzeko arrazoi nagusiak bi dira: giza akatsak edo arrazoi teknikoak. Giza akatsak informazioa nahi gabe ezabatu edo aldatzea edo lapurretak izan litezke. Arrazoi teknikoak, berriz, disko gogorreko matxurak, birusak, sistemaren eguneratzeak eta abar izan litezke.

Beraz, gutxieneko zuhurtasuna duen erabiltzaile batek bere datu garrantzitsuenen segurtasun kopia egin beharko luke, maiztasun jakin batekin.

Segurtasun kopia lokala

Hori da segurtasun kopiak egiteko erabili izan den ohiko metodoa. Normalean eskuz egiten dira, eta CD, DVD edo zinta magnetikoetan gordetzen da informazioa. Metodo horrek baditu hainbat eragozpen, askotan gertatzen dena, kopia egiteaz «gogoratu» beharra ez baita automatikoa izaten. Beste bat segurtasun kopia ordenagailuan bertan uztea da, horrek dakartzan arriskuekin. Ohiko segurtasun kopiak egiteko metodoek ongi funtziona dezaten, diziplina handia behar da.

Urruneko segurtasun kopiak

Interneko konexioan banda zabala etortzearekin batera, beste kontzeptu bat iritsi zen, urruneko segurtasun kopia edo backup online esaten zaiona. Duela gutxi arte enpresen eskura bakarrik baldin bazegoen ere, gaur egun edozein erabiltzailek erabil dezake. Metodo honekin, segurtasun kopiak automatikoki egiten dira, normalean erabiltzailearen jarduerarik ez dagoenean (bazkalorduan, esaterako). Egiten den kopia Internet bidez eta modu zifratuan eskuragarritasun handia duten zerbitzarietara igotzen da. Horrek bi gauza ziurtatzen ditu: alde batetik, datuak berreskuratu behar izanez gero atzitzeko arazorik ez dela izango; eta beste aldetik, segurtasun kopia eta originala fisikoki kokapen desberdinetan egongo direla.

IDrive

Zerbitzu honen funtzionamendua disko gogor baten antzekoa da; bertan, erabiltzaile bakoitzari 2GB arteko espazioa ematen diote doan segurtasun kopiak egiteko. Horretarako egin beharreko bakarra IDrive-en webgunean erregistratu eta bertan dagoen programa bat jaistea da (Windows eta Mac-erako). Behin programa hori instalatu ondoren, automatikoki egiten du aukeratutako direktorioaren segurtasun kopia. Horrez gain, sinkronizaziorako aukera eta bertsio kontrola eramateko aukera ere eskaintzen du. Norbaitek doan ematen den baino espazio gehiago behar badu, ordainduta erabiltzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte.

Docoom

Antzeko zerbitzua eskaintzen du, kasu honetan ez du doako zerbitzurik eskaintzen, hilabetean doan probatzeko aukera bakarrik. Docoom erabilita segurtasun kopiak egiteko, aurreko kasuan bezala, webgunean erregistratu ondoren aplikazio bat jaitsi behar da. Behin hori instalatu ondoren, segurtasun kopiak egin ahal izango dira. Baina, horrez gain, beste erabiltzaileekin segurtasun osoz informazioa partekatzeko ere erabil daiteke. Ordaindu beharreko gutxieneko tarifa 5 euro hileko da, 5GB-ko espazioa erabiltzeagatik.

Bi zerbitzu horiek urruneko segurtasun kopia egiteko dagoen aukeraren adibide bat besterik ez dira; sarean dagoen aukera asko zabalagoa da, noski. Beraz, hemendik aurrera nork bere datuak seguruago izateko errazagoa da urruneko segurtasun kopiak egitea.

Comments Iruzkinak ezgaituta