Posts Tagged “Segurtasuna”

Antibirusen mundura ere iritsi da hodei konputazioaren erabilera. Pandak kaleratu duen Cloud Antivirus produktua da horren adibide bat. Ohiko antibirusekin konparatuz gero, aplikazioaren exekuzioan dago gakoa. Orain arte ordenagailuan instalatzen zen, eta exekutatu ere bertan egiten zen. Antibirus berri honetan, berriz, zati txiki bat soilik exekutatzen da ordenagailuan, eta beste guztia exekutatzeaz hodeia arduratzen da. Antibirus hau sortzeko Active Scan izeneko zerbitzuan oinarritu dira. Horrela, birusak detektatu eta ezabatzeko logika Pandako zerbitzarietan egiten da, eta ez erabiltzailearen ordenagailuan. Hodeiko baliabideak erabiliz, aplikazio arin bat egitea lortu dute. Kontuan hartuta Panda antibirusak beti ordenagailuaren baliabide asko erabiltzearen fama izan duela, berrikuntza nabarmena da.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Erabiltzaile bat Interneten sartzean eta ohiko ekintzak egiten hastean, posta elektroniko kontua ireki, sare sozialak erabiltzen hasi, edo beste abarretan, bere nortasun digitala mamitzen hasten da. Bere ekintzekin, sareko hainbat tokitan arrastoa uzten hasten da. Posta elektronikoa bidali, blog bateko sarrera bat idatzi, lagun bati erantzun; egunero egiten den jarduera arrunta da. Horrek guztiak erabiltzailearen sareko nortasuna osatzen du.

Gero eta zailagoa da sarean nortasun anonimoarekin ibiltzea. Izan ere, ia web gune guztietan erregistratzea eskatzen baita. Askotan, erregistratzea ezinbestekoa da haietan jardueraren bat burutzeko. Horren harira, gero eta ohikoagoak dira nortasun lapurretak eta horrek sortzen dituen arazoak. Mota honetako ekintzat %20 inguru igo dira azken hilabetetan. Nortasun ordezkapena jasan duten kasu batzuk sona handia hartu dute, Tuenti-ko grebara deitu zuen neskarena esaterako.

Hori dela eta, azken aldian asko ari da hitz egiten erabiltzaileek Interneten duten nortasunaz. Denboraren poderioz garatuz joaten dea nortasun hori, eta pribatutasunaren ikuspegitik ez ditu argi alde guztiak.

Pribatutasuna

Sare sozialak ezagunak egin aurretik ere pribatutasunaren arazoa bazegoen; horien erabilera hazteak, hala ere, handitu egin du. Sareetan ematen den informazioarekin kontuz ibili behar da; izan ere, norberaren bizitzaren zati bat guztien esku jartzen ari baita. Horrek ez du esan nahi ezer jarri behar ez denik, baizik eta norberak kontziente izan behar duela jartzen duen horretaz. Duela gutxi arte Facebook-ek erabiltzailearen informazio osoa gordetzen zuen, kontua ezabatuta ere. Horrek zalantzan jartzen du erabiltzailearen pribatutasuna. Horrez gain, bakoitzak jartzen duen edukiarekin, erabiltzaile soslai bat osatzen ari da. Hori, ondoren, marketin eta salmentarako sekulako baliabidea izan daiteke. Horregatik izan behar da kontziente ematen den informazioaz.

Nortasuna lapurtzea

Aurrez aipatu bezala, gero eta gehiagotan gertatzen ari da nortasuna lapurtzea. Normalean posta elektronikoaren kontuan eta sare sozialetan egiten d,a eta erabiltzailea leku txarrean uzteko izaten da. Askotan kontu horiek berreskuratzea oso zaila izan ohi da, lege aldetik ez baitago oso argi kontua. Hori dela eta, askotan erabiltzaile biktimak kontu berri bat ireki beste erremediorik ez du izaten.

Mota honetako ekintzen biktimak, sarean jarduera oso aktiboa duten erabiltzaileak izan ohi dira. Horretarako, sarean utzitako arrastoak jarraitu ohi dira. Esate baterako, ohikoa ez den ordenagailu batetik posta kontua atzitzeak uzten duen arrastoa nortasuna lapurtzeko abiapuntua izan daiteke. Kasu horietan, ordenagailuan informaziorik ez uztea komeni da, noski.

Eta hildakoan zer?

Galdera honek ere hainbat zalantza sortzen du. Pertsona bat hiltzen denean, haren ondasun materialekin nola jokatu behar bezala legeztatuta dago. Inork ez du zalantzan jartzen zer egin behar den. Baina zer gertatzen da sareko haren nortasunarekin? Zer gertatzen da haren sare sozialetako, blogetako, eta abarreko edukiarekin?

Legediaren aldetik, sekulako hutsuneak daude oraindik. Gainera herrialde askotako jurisprudentzia sartuko litzateke. Izan ere, ohikoa baita Interneten erabiltzailea herrialde batekoa eta erabiltzen den tresna beste batekoa izatea. Erabiltzaileak bere testamentuan jarri behar ote ditu irekita dituen kontu guztietako erabiltzaile izen eta pasahitzak? Gaia oso delikatua da, baina argi dago heldu beharrekoa dela. Izan ere, pertsona bat hiltzen denean, haren nortasun digitalarekin nola jokatu behar den ez dago batere garbi.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Ordenagailuko datuen segurtasun kopia egitea komenigarria dela zalantzatik kanpo dago. Baina askotan, aplikazio konplikatuak edo instalazio berezia eskatzen dute. Horien aurrean, soluzio sinple eta eraginkorra izan daiteke Sandisk etxeak atera duena. Sandisk USB Ultra Backup izena du, eta USB bidez pendrive batean egiten da segurtasun kopia. Erabiltzen hasteko, ez da ezer instalatu behar; ondorioz, hainbat plataformatarako balio du. Tamainaren aldetik, 64 GB artekoak eskaintzen dituzte. Datuak zifratuta gorde daitezke; horrela, datuak berreskuratzeko garaian, pasahitza dakienak soilik berreskuratu ahal izango du. Gainera, kopia galduz gero, ezingo dira datuak zuzenean ikusi. Zalantzarik ez dago, gailu honen abantaila erosotasuna da, bai kopia egiteko garaian, bai eta edonora eramateko orduan ere.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Ordenagailuko informazioaren segurtasun kopia egitea beti gomendatu izan da. Hala ere, erabiltzaile asko eta askok ez diote jaramonik egiten gomendio horri, eta ondoren etortzen dira sustoa eta izerdiak. Izan ere, kontua ez da datuak galdu egingo diren ala ez, baizik eta noiz galduko diren. Hori horrela da.

Egindako ikerketa batzuek diotenez, urte batean ordenagailu erabiltzaileen %37k ez berreskuratzeko moduan galtzen dituzte ordenagailuko datuak. Eta erabiltzaileen %72k beren ordenagailua arriskuan daukate. Ordenagailuaren disko gogorraren batez besteko bizia lau urte inguruako dela kontuan hartuta, erabiltzaileari geratzen zaion aukera bakarra, datuak galtzen dituenean ahalik eta azkarrena berreskuratzeko prestatzea. Horretarako dira segurtasun kopiak.

Infomazioa galtzeko arrazoi nagusiak bi dira: giza akatsak edo arrazoi teknikoak. Giza akatsak informazioa nahi gabe ezabatu edo aldatzea edo lapurretak izan litezke. Arrazoi teknikoak, berriz, disko gogorreko matxurak, birusak, sistemaren eguneratzeak eta abar izan litezke.

Beraz, gutxieneko zuhurtasuna duen erabiltzaile batek bere datu garrantzitsuenen segurtasun kopia egin beharko luke, maiztasun jakin batekin.

Segurtasun kopia lokala

Hori da segurtasun kopiak egiteko erabili izan den ohiko metodoa. Normalean eskuz egiten dira, eta CD, DVD edo zinta magnetikoetan gordetzen da informazioa. Metodo horrek baditu hainbat eragozpen, askotan gertatzen dena, kopia egiteaz «gogoratu» beharra ez baita automatikoa izaten. Beste bat segurtasun kopia ordenagailuan bertan uztea da, horrek dakartzan arriskuekin. Ohiko segurtasun kopiak egiteko metodoek ongi funtziona dezaten, diziplina handia behar da.

Urruneko segurtasun kopiak

Interneko konexioan banda zabala etortzearekin batera, beste kontzeptu bat iritsi zen, urruneko segurtasun kopia edo backup online esaten zaiona. Duela gutxi arte enpresen eskura bakarrik baldin bazegoen ere, gaur egun edozein erabiltzailek erabil dezake. Metodo honekin, segurtasun kopiak automatikoki egiten dira, normalean erabiltzailearen jarduerarik ez dagoenean (bazkalorduan, esaterako). Egiten den kopia Internet bidez eta modu zifratuan eskuragarritasun handia duten zerbitzarietara igotzen da. Horrek bi gauza ziurtatzen ditu: alde batetik, datuak berreskuratu behar izanez gero atzitzeko arazorik ez dela izango; eta beste aldetik, segurtasun kopia eta originala fisikoki kokapen desberdinetan egongo direla.

IDrive

Zerbitzu honen funtzionamendua disko gogor baten antzekoa da; bertan, erabiltzaile bakoitzari 2GB arteko espazioa ematen diote doan segurtasun kopiak egiteko. Horretarako egin beharreko bakarra IDrive-en webgunean erregistratu eta bertan dagoen programa bat jaistea da (Windows eta Mac-erako). Behin programa hori instalatu ondoren, automatikoki egiten du aukeratutako direktorioaren segurtasun kopia. Horrez gain, sinkronizaziorako aukera eta bertsio kontrola eramateko aukera ere eskaintzen du. Norbaitek doan ematen den baino espazio gehiago behar badu, ordainduta erabiltzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte.

Docoom

Antzeko zerbitzua eskaintzen du, kasu honetan ez du doako zerbitzurik eskaintzen, hilabetean doan probatzeko aukera bakarrik. Docoom erabilita segurtasun kopiak egiteko, aurreko kasuan bezala, webgunean erregistratu ondoren aplikazio bat jaitsi behar da. Behin hori instalatu ondoren, segurtasun kopiak egin ahal izango dira. Baina, horrez gain, beste erabiltzaileekin segurtasun osoz informazioa partekatzeko ere erabil daiteke. Ordaindu beharreko gutxieneko tarifa 5 euro hileko da, 5GB-ko espazioa erabiltzeagatik.

Bi zerbitzu horiek urruneko segurtasun kopia egiteko dagoen aukeraren adibide bat besterik ez dira; sarean dagoen aukera asko zabalagoa da, noski. Beraz, hemendik aurrera nork bere datuak seguruago izateko errazagoa da urruneko segurtasun kopiak egitea.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Ez da nobedadea gero eta jende gehiago murgiltzen dela Interneten, eta dabiltzanak sarean gero eta ekintza gehiago burutzen dituztela. Hori horrela izanik, Interneteko nabigatzailea ordenagailuko aplikazio garrantzitsuena bihurtzen ari da. Aldi berean, segurtasunari dagokionez aplikazio kritikoa bihurtu da.

Jakina da Mozilla Firefox nabigatzaile seguruenetakoa dela, baina oraindik ere seguruago ibili nahi izanez gero, hainbat gehigarri daude eskuragarri. Gehigarri hauek Firefox-en gehigarriak dauden webgunean aurki daitezke. Beste batzuen artean, honako hauek aurki daitezke: Adblock Plus eduki jakin batzuk blokeatzeko, NoScript, Javascript kodea exekutatu aurretik erabiltzaileari baimena eskatzen diona eta FoxTor, nabigazio arrastoak ezkutatzen dituena. Gehigarri moduan instalatzen direnez, ez dute inongo konplikaziorik.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Adituek diotenez, lau urte dira birus batek hainbeste ordenagailu kutsatzen ez dituela. Conficker birusak, Downup izenarekin ere ezagutzen denak, 10 milioi ordenagailutan sartzea lortu du. Birus horrek hiru bide erabiltzen ditu zabaltzeko. Lehenengoa Windows-ek duen segurtasun-zulo bat; hala ere, Microsoftek 2008ko urrian kaleratu zuen akats hori konpontzen duen adabakia. Bigarrena, USB memoriak dira, garai batean disketeez baliatzen ziren bezala, Conficker-ek memoria mota horiek erabiltzen ditu zabaltzeko. Kutsatuta dagoen ordenagailu batean USB memoria bat sartuz gero, automatikoki memoria horretara jauzi egiten du. Horrela, memoria konektatzen den hurrengo ordenagailua kutsatu ahal izango du. Hirugarren aukera, sare lokal batean egoten diren partekatutako karpetak dira. Birusa karpeta horiek atzemateko gai da, hori egin ondoren karpeta horietan sartzen da bertako dokumentuak irekitzen dituzten ordenagailuak kutsatzeko.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Munduko nabigatzaile erabilienean, alegia Microsoft Internet Explorer-en, segurtasun zulo garrantzitsua aurkitu dute. Ez da arraroa web nabigatzailea bezalako softwareetan akatsak aurkitzea. Baina aurreko astean aurkitutakoak ezohiko oihartzuna izan du. Izan ere, mundu osoko hedabideek eman dute albistearen berri. Zulo hori crackerrek aurkitu omen dute, ez Microsofteko jendeak edo segurtasun enpresak.

Egun batzuk geroago, Microsoftek zulo hori estaltzeko adabakia kaleratu du. Dena dela, askok kasurik ez diete egiten halako eguneraketei, eta ez dira konturatzen beraien ordenagailua arriskuan jartzen dutela. Horrelako egoeren aurrean bi aukera ditu erabiltzaileak; bata, segurua ez den nabigatzaile batekin jarraitu Microsoften morrontzan; eta bestea, beste nabigatzaile seguruago bat erabili. Azken hautu hori eginez gero, Mozilla Firefox edo Opera izan daizteke alternatibetako bi.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Jakina da birusak zabaltzeko orduan ez dutela mugarik ezagutzen, edozein medio izan liteke egokia. Kasu honetan Facebook sare soziala izan aukeratua eta bertako 120.000 erabiltzaileak helburu. Koobface izeneko birusa, kutsatua izan den erabiltzearen kontaktuez baliatzen da zabaltzeko. Pertsona horiei mezu bat bidaltzen die, beste orri batean dagoen bideo bat ikusteko gonbita eginez. Erabiltzailea bideoa ikusten saiatzen denean, Flash Player programa eguneratu behar duela esaten dio eta nondik jaitsi. Baina jaisten duena ez da eguneraketa bat, birusa bera baizik.

Kutsatzeko arriskua handia da, izan ere, sare sozialetan norbere lagunengandik jasotzen diren mezuetan fidatu egin da. Horrela, besteetan ireki ere egingo ez ziren mezuak ireki egiten dira eta ondorengo pausoak eman ere bai.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Horixe dio Espainiako Teknologien Institutuak egin duen lehenengo txostenean. Gainera, joera hori goranzkoa omen da, hau da, gero eta ordenagailu gehiago daude kutsatuta. Txostenak dioenez, malware (software maltzurra) bidezko kutsadurak areagotzen ari dira. Mota horretako kutsadura urrunetik ordenagailuaren kontrola hartzeko izan ohi da. Hala, pasahitzak eta halako informazioa lor ditzakete.

Ordenagailuen kutsadurei aurre egiteko, antibirusak eta suhesiak (firewall) izeneko aplikazioa erabiltzen dira. Lehenengoak oso hedatuak daude. Oraingoek ez dute zerikusirik duela urte batzuetako antibirusekin. Gaur egun, askoz software maltzur gehiago dago, eta guztietatik babestea erronka handia da. Firewallak, berriz, hain ezagunak izan ez arren, oso funtzioa garrantzitsua betetzen dute. Horiek baimenik ez duen aplikazio baten exekuzioa galaraz dezakete, baita Internetetik ordenagailura sartu nahi duten software maltzurrei bidea itxi ere.

Comments Iruzkinak ezgaituta