Posts Tagged “wikipedia”

Duela hilabete batzuk Wikipediak hasi zuen ekimenak lortu ditu ezarritako helburuak. Wikimedia fundazioaren eskutik, sei milioi dolar lortzea helburu zuen ekimena jarri zen abian. Orain, fundazioaren webgunean azaltzen denez, helburua lortu egin da. Jimmy Wales Wikipediaren sortzaileak eskerrak ematen ditu bertan eta lortutako diru hori zertan erabiliko den azaltzen du.

Hasteko, zatirik handiena eguneroko gastuei aurre egiteko erabiliko da: zerbitzariak, konexioak eta bertan lan egiten duten 23 langileen soldatak. Gainontzekoa, Wikimediak martxan dituen proiektuak sustatzeko erabiliko da, guztiak kode irekiarekin erlazionatuak. Gastu horiez gain, Wikipedia Academies izeneko ekimena ere egingo da. Horiek, Wikipedia nola erabili eta bertan edukiak nola editatu erakutsiko duten mintegiak izango dira.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Alemaniako Artxibo Nazionalak bere bilduman dituen 100.000 argazki Wikipediari uztea erabaki du. Argazki horiek 1860. urtetik gaur egun artekoak dira, haietan Alemaniako zenbait momentu historiko islatzen dira. Proiektuaren helburuak harago doaz eta orain egindako donazioaren ondoren beste batzuk etorriko dira. Guztira hamaika milioi argazki utziko omen dizkio Wikipediari. Diotenez, Wikipediak duen arrakastak bultzatu ditu elkarlan hori egitera. Hala, argazkiak jende gehiagorengana iritsiko dira, nahiz eta normalean ez diren argazkiak bilatzen Wikipedian. Argazkien artean, holokaustoko dokumentazioa eta Alemaniako historia garaikidean izandako gertakari askotako irudiak daude.

Comments Iruzkinak ezgaituta

Gaur egun Interneten informazioa bilatzeko erabiltzen den webgune garrantzitsuenetako bat da Wikipedia. Milaka boluntario aritzen dira informazioa sartzen, eta hizkuntza asko daude beren bertsioa dutenak, euskarazko Wikipedia ere badago. Sareko auzolanaz osatzen den entziklopediak, hala ere, baditu gastuak. Bisitari kopurua hazten ari den neurrian, behar diren baliabide teknikoak ere gehiago dira. Zerbitzari ahaltsuagoak behar dira, Interneterako konexio gehiago, eta, oro har, informazioa kudeatu eta zerbitzatzea garestiagoa egiten da.

Hori dela eta, Wikimedia fundazioak, Wikipedia kudeatzen duen erakundeak, urtero egiten du diru bilketa egiteko kanpaina bat. Aurten ere iritsi da sasoia, sei milioi dolar lortu nahi dira donazioen bidez. Beraz, Wikipedia erabiltzen dutenek, aberastea, sendotzea eta oraindik ere erabilgarriagoa izatea nahi badute, orain dute aukera beren ekarpena egiteko.

Comments Iruzkinak ezgaituta