Archive for Uztaila 23rd, 2010

Eta loterian sari nagusia tokatzen bada?

Zortzigarren estropada du KAE 2 Ligak igandean. Santanderren, 12:00etan. Hantxe izango da Zumaia B, sailkapen nagusiko postu bikainari eusteko asmoz, eta aukera badu, hobetzeko intentzioz. Lan ona egiteko, ordea, kale zozketak aldekoa izan beharko du, eremua zeharo baldarra delako. Sekulako aldea egoten da kale batetik bestera, eta hori gutxi ez, eta bertako ontzien jabeek estropada eremua gurutzatzeko ohitura txarra daukate, lehiaketa jokoan dagoenean. Edozer gerta daiteke, beraz. Azkeneko txandan aterako da Zumaia B, Portugalete, Getaria eta Santoñarekin.Liga oraintxe bukatuko balitz, zumaiarrek KAE 1era igotzeko kanporaketa jokatuko lukete. Hirugarren dira sailkapenean, 81 punturekin. Bigarren Getaria da, 86rekin, eta aurrena, Portugalete, 95ekin. Laugarren eta bosgarren Ondarroa eta Santoña daude, 77na puntuz. Igandekoa zorte kontua izango denez, hobe onena pentsatzen jartzea: dena aldekoa bada zer?kae2-getxo-2.jpgZumaia B, Getxoko estropadan. KLAUSSER

Beste helburu batzuekin

San Miguel Ligako beste bi estropada jokatuko dira asteburuan, biak Pasaian: bihar Pasai Donibanen (17:30ean), eta etzi, Pasai San Pedron (12:00etan).  Han izango da Zumaia. Joan zen asteko emaitzen eraginez, oso zaila dauka jaitsierako kanporaketa saihestea, eta estropada horietan jarri du arreta. Hala ere, Ligako lehiak garrantzitsuak dira zumaiarrentzat, lehiatzeko sena ez galtzea funtsezkoa baita. Asteazkenean erakutsi zuten gai direla arraunean ondo egiteko, Gipuzkoako Txapelketan emaitza ona lortu baitzuten (laugarren izan ziren). Gustura aritu ziren arraunean, eta sentsazio horiei eustea izan daiteke erronka asteburu honetan.Pasaiko bi estropadetan, ez dira eremu berdinetan ariko. Bihar, ibaian jardungo dute, modu bitxian, gainera: txandako bi ontzi alde baterantz aterako dira, eta beste biak besterantz. Zumaia lehen txandan aterako da, Zarautz, Kaiku eta San Pedrorekin. Igandean, erlojuaren aurka ariko dira; zati bat badia barruan egingo dute, eta bestea itsasoan, Pasai San Pedron ohikoa den bezala.