Archive for Abuztua 21st, 2010

Lan ona

Zumaiak lan ona egin du gaur Astilleron. Hamargarren sailkatu da San Miguel Ligako estropadan, eta emaitzaz haratago, emandako itxura hartu behar da kontuan. Lehen txandan jardun du, eta ez zaio asko falta izan txanda irabazteko. Erlojuaren aurka lan ederra egin dute arraunlariek, eta Hondarribiak bi segundo besterik ez dizkio atera. Kaiku utzi du atzean, aise, hamabost segundora, eta Zarautzi hogeita lau atera dizkio. Lehen hiru luzeetan denbora onena markatu du Luxiaren koadrillak, baina azken luzean hobea izan da Hondarribia.Gero, haizeak nabarmen egin du behera, eta beste txandakoek aise hobetu dituzte lehen txandakoen denborak. Baina emaitza gorabehera, lana hartu behar da kontuan, eta estropada polita jokatu dute zumaiarrek. Gaur, Unai Osa gaztea aritu da patroi lanetan.Bihar, Hondarribiara helduko da San Miguel Liga, eta orain arte ez bezala, Ligako sailkapenaren arabera osatuko dituzte txandak; orain arte, igandeetan larunbateko estropadako sailkapena hartzen zen kontuan.Gaurko sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/ver.php?id=eu&r=1269259733Ligako sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/index.php?id=eu

Bikaina

zumaia-b-2-bandera.JPGZumaia Bko arraunlari eta entrenatzaileak, banderarekin.Zumaia Bk sasoiko bigarren bandera irabazi du gaur Erandion, KAE 2 Ligako estropadan. Erlojuaren aurka aritu dira, eta azkarrenak izan dira. Sekulako estropada egin dute. Colindres izan da bigarren, Santoña hirugarren, eta Zarautz laugarren. Emaitza hauekin, sailkapen nagusian, Zumaia B hirugarren da, eta sei puntura utzi du gaur zazpigarren egin duen Getaria. Bi estropada bakarrik falta dira Liga amaitzeko: datorren zapatuan Colindresen eta igandean Santoñan (biak Cantabrian). Getariarrekiko aldeari eustea lortuz gero edo bigarren den Santoña gainditzen badute (lau puntura dago), Zumaia B KAE 1era igotzeko kanporaketan egongo da iraileko lehen asteburuan.Joxe Enrike Manterola oso pozik dago arraunlariek egin duten lanarekin: “Egundoko lana egin dugu. Hasi eta buka onenak izan gara, eta arraunean ederki egin dugu. Aste honetan, entrenamendu gogorrak egin ditugu ibaian, gaurkoa prestatzeko, eta mesede egin digu. Sailkapen nagusian ondo gaude, baina Getariari ateratzen diogun sei puntuko aldea ez da ezer, eta oraindik lanak ondo egin beharko ditugu kanporaketara sailkatzeko”.Gaurko sailkapena: http://www.liga-arc.com/eu/regata/75/xxiii-bandera-de-erandioLigako sailkapena: http://www.liga-arc.com/eu/regata/75/xxiii-bandera-de-erandio

Ez da egunik onena izan

Zumaia Kiroljokoa bigarren izan da gaur Hondarribian, Gipuzkoako Ligako azken estropadan. Getaria-Tolosak irabazi du, eta zumaiarren atzetik San Juan eta Hondarribia sailkatu dira. Ziabogan bost segundo aurretik ziren getariarrak, eta bigarren luzean handitu egin dute tartea Zumaiarekiko. Bigarren postuari eusteko ere lanak izan ditu, San Juan gertu izan duelako. Ez da egunik onena izan gaurkoa. Gaur bukatu da Gipuzkoako Liga, eta Getaria-Tolosak irabazi du, zumaiarren eta sanjuandarren aurretik. Orain, Kontxara sailkatzeko estropada izango dute hurrengo erronka, irailean. Gogor entrenatzea besterik ez zaie gelditzen ordura arte.Gaurko sailkapena: 1. Getaria-Tolosa (10.50,84); 2. Zumaia (11.04,27); 3. San Juan (11.06,41); 4. Hondarribia (11.17,31).