Archive for Iraila 3rd, 2010

Zumaia Lekeitioko estropadan izango da bihar

Bihar, Lekeition estropada antolatu du bertako Isuntza arraun elkarteak, urtero ohi duen moduan, festen baitan. Han izango da Zumaia. Hasiera batean ez zen joatekoa, baina azken unean, parte hartu behar zuenetako batek huts egin die antolatzaileei, eta atzo gauean deitu zieten zumaiarrei. Bigarren eta azken txandan lehiatuko da Telmo Deun. Aurkariak Camargo eta Isuntza izango dira. Lehen txandan Zierbena, Orio B eta Getxo lehiatuko dira. Aukera polita da Camargorekin lehiatzeko, San Miguel Ligako kanporaketako aurkarietako batekin. Atzo, Donostian, Kontxara sailkatzeko estropadan, 13 segundo aurretik sartu ziren espainiarrak. 11:30ean hasiko da gizonezkoen estropada. Ordu-erdi lehenago jokatuko da emakumezkoena, baina han ez da izango Zumaia Kiroljokoa.

Denboraldia gehiago biribiltzera

Bihar eta etzi, Zumaia Bk KAE 1 Ligara igotzeko kanporaketa jokatuko du. Bihar, Portugaleten da estropada (12.00), eta etzi etxean, Zumaian (17:00). Beste hiru traineru izango ditu aurkari: Trintxerpe eta Busturialdea (KAE 1eko azkeneko biak) eta Santoña. Erlojuaren aurka dira bi estropadak, bihar ibaian, eta etzi itsasoan. Bi egunetan puntu gehien pilatzen dituen ontziak irabaziko du kanporaketa, eta huraxe izango da KAE 1 Ligan datorren denboraldian. KAE 2ko garailea, Portugalete, zuzenean igo da.Zumaia Bk sekulako denboraldia egin du. Neguan oso zaila ikusten zen trainerua osatzea, baina Zumaiako Arraun Elkarteak aurrera jarraitzea erabaki  zuen, bigarren ontzia uretan izatea oso garrantzitsua delako etorkizunera begira. Azkenean, nahikoa arraunlari bildu zen, eta urte osoan egin duten lan ikaragarriari esker, emaitza onak heldu dira. Bi bandera irabazi dituzte Ligan, lehena Ondarroan, eta bigarrena Erandion. Oso erregularrak izan dira, eta horri esker, hirugarren izan dira Ligako sailkapenean. Joxe Enrike Manterola entrenatzaileak honela laburtu du denboraldia: “Biribila izan da. Neguan nola geunden ikusita honaino heltzea handia da. Lan ederra egin dute mutilek. Emaitza onak lortzen hasi ginen, eta arraunlariak konfiantza hartzen joan dira. Bandera bat irabaztea handia zen guretzat, huru lortu genuen, eta gero, beste bat irabazi genuen. Hirugarren bat ere nahi izan dugu atera, baina gertu ibili arren, ezin izan da. Oso denboraldi biribila egin dugu”.Kanporaketari dagokionez, hauxe uste du Manterolak: “KAE 1eko bi ontzien erreferentziarik ez dugu, baina gerra emango diegula iruditzen zait. Santoña gu baino faboritoagoa da, baina haiei ezusteren bat emateko gai gara. Aukerak ditugu, eta baliatzen saiatuko gara. Irabazteko asko eta galtzeko gutxi daukagu”.Igandean, zaleen babesa eta laguntza eskertuko dute arraunlariek. Estropada etxean izanda, aukera paregabea dugu zumaiarrok kamixeta gorria jantzi eta Zumaia B animatzera joateko. Festa handia izan behar du igandeko estropadak. Emaitza edozein dela ere, egindako denboraldi bikainak merezi du omenalditxoa.kae2-getxo-2.jpg Zumaia B Getxoko estropadan. KLAUSSER