Archive for Iraila, 2010



Igo ez izanak ez du iluntzen denboraldi bikaina

 p1000552.JPGZumaia B ez da KAE 1era igo. Gaur, etxean, zaleen aurrean, hirugarren egin du. Haize zakarra arerio zutela aritu dira lau ontziak, eta Santoña moldatu da ondoen, Busturialdea, Zumaia B eta Trintxerperen aurretik. Azkenean, atzoko eta gaurko puntuak batuta, Santoña igo da. Zumaiarrek itxaropen handiak zituzten gaurko, baina ez dira moldatu itsasoaren eta eguraldiaren baldintzetara, oso zaila baitzen gauzak txukun egitea. Hala ere, sekulako denboraldia egin dute, hiru bandera irabaztea handia delako. Kike Manterola entrenatzaileak honela ikusi du gaurkoa: “Ezin izan dugu ezer egin. Haizea atera du, eta txarra zegoen arraunerako. Ez gara moldatu. Baina, sekulako urtea egin dugu, eta gustura gaude”.Gaurko sailkapena: http://www.liga-arc.com/eu/regata/60/play-off-segundo-da-en-mar-zumaiaKanporaketako sailkapena: http://www.liga-arc.com/eu/resultadosp1000548.JPG

“Bihar, errematatzera goaz”

KAE 1era igotzeko kanporaketaren lehen jardunaldian, Zumaia B bigarren izan da. Trintxerpe izan du aurretik, segundo erdi eskasegatik. Santoña hirugarren sailkatu da, sei segundora, eta Busturialdea laugarren, 13ra. Trintxerpek 4 puntu ditu, Zumaia Bk 3, Santoñak 2, eta Busturialdeak 1. Bihar erabakiko da dena, Zumaian bertan, 17:00etatik aurrera. Erlojuaren aurka lehiatuko dira lau ontziak, eta gaurko puntuak biharkoei batuz, gehiena biltzen duena igoko da. Puntuetan berdinduta amaitzen badute bi taldek, bi egunetako denborak batuko dira, eta azkarrena igoko da.Kike Manterola entrenatzaileak ederki laburtu du gaurko lana: “Ikaragarrizko estropada egin dugu. Trintxerperekin lehia estua izan dugu, eta aurretik ere joan gara. Baina, azkenean, beraiek hobeak izan dira. Bihar errematatzera goaz”. Zumaiako arraunzale denek hitzordua dute bihar, Zumaia Bko arraunlariei animoak emateko. Paolaldea gorriz jantzita ikustea ederra litzateke, oso gertu dago-eta KAE 1 Liga.Bandera irabazi duGaur, Portugaleten, kanporaketaz gain, KAE 2ko estropada ere jokoan izan da. Ligako ontzi guztiak sartu dira bertan (baita Zumaia B eta Santoña ere, kanporaketako denborekin), eta zumaiarrak izan dira azkarrenak. Hortaz, denboraldiko hirugarren bandera irabazi dute gaur.Kanporaketako sailkapena: http://www.liga-arc.com/eu/regata/59/play-off-primer-da-en-ra-portugaletezumaia-b-portun-nausi.JPG

Bandera gozo-gozoa

Zumaiak irabazi du Lekeitioko Ikurriña, gaur eguerdian. Bigarren txandan jardun du Telmo Deunek, Camargo eta Isuntzarekin, eta aise menderatu ditu biak. Espainiarrak San Miguel Ligako kanporaketan arerio izango dira, eta gaur, behintzat, zumaiarrak hobeak izan dira. 22 segundoko aldea egon da bien artean. Isuntza atzerago geratu da, 39 segundora. Zierbana izan da bigarren azken sailkapenean. Lehen txandan jardun du, eta iase irabazi die Orio Bri eta Getxori. Zumaiarrek 3 segundo eskas atera dizkiote. Arraunlariei ederki etorriko zaie gaurko bandera, konfiantza indartzeko kanporaketara begira, baina lanean segitu beharra daukate, denboraldiko helburua nagusia betetzeko: San Miguel jarraitzea.Gaurko sailkapena: 1. Zumaia 19,50,96; 2. Zierbana 19.54,56; 3. Camargo 20.13,03; 4. Isuntza 20.20,51; 5. Orio B 20.24,00; 6. Getxo 21.01,20.p1010725.jpg Zumaiako arraunlariak banderarekin, gaur Lekeition. AINHOA GURIDI

Zumaia Lekeitioko estropadan izango da bihar

Bihar, Lekeition estropada antolatu du bertako Isuntza arraun elkarteak, urtero ohi duen moduan, festen baitan. Han izango da Zumaia. Hasiera batean ez zen joatekoa, baina azken unean, parte hartu behar zuenetako batek huts egin die antolatzaileei, eta atzo gauean deitu zieten zumaiarrei. Bigarren eta azken txandan lehiatuko da Telmo Deun. Aurkariak Camargo eta Isuntza izango dira. Lehen txandan Zierbena, Orio B eta Getxo lehiatuko dira. Aukera polita da Camargorekin lehiatzeko, San Miguel Ligako kanporaketako aurkarietako batekin. Atzo, Donostian, Kontxara sailkatzeko estropadan, 13 segundo aurretik sartu ziren espainiarrak. 11:30ean hasiko da gizonezkoen estropada. Ordu-erdi lehenago jokatuko da emakumezkoena, baina han ez da izango Zumaia Kiroljokoa.

Denboraldia gehiago biribiltzera

Bihar eta etzi, Zumaia Bk KAE 1 Ligara igotzeko kanporaketa jokatuko du. Bihar, Portugaleten da estropada (12.00), eta etzi etxean, Zumaian (17:00). Beste hiru traineru izango ditu aurkari: Trintxerpe eta Busturialdea (KAE 1eko azkeneko biak) eta Santoña. Erlojuaren aurka dira bi estropadak, bihar ibaian, eta etzi itsasoan. Bi egunetan puntu gehien pilatzen dituen ontziak irabaziko du kanporaketa, eta huraxe izango da KAE 1 Ligan datorren denboraldian. KAE 2ko garailea, Portugalete, zuzenean igo da.Zumaia Bk sekulako denboraldia egin du. Neguan oso zaila ikusten zen trainerua osatzea, baina Zumaiako Arraun Elkarteak aurrera jarraitzea erabaki  zuen, bigarren ontzia uretan izatea oso garrantzitsua delako etorkizunera begira. Azkenean, nahikoa arraunlari bildu zen, eta urte osoan egin duten lan ikaragarriari esker, emaitza onak heldu dira. Bi bandera irabazi dituzte Ligan, lehena Ondarroan, eta bigarrena Erandion. Oso erregularrak izan dira, eta horri esker, hirugarren izan dira Ligako sailkapenean. Joxe Enrike Manterola entrenatzaileak honela laburtu du denboraldia: “Biribila izan da. Neguan nola geunden ikusita honaino heltzea handia da. Lan ederra egin dute mutilek. Emaitza onak lortzen hasi ginen, eta arraunlariak konfiantza hartzen joan dira. Bandera bat irabaztea handia zen guretzat, huru lortu genuen, eta gero, beste bat irabazi genuen. Hirugarren bat ere nahi izan dugu atera, baina gertu ibili arren, ezin izan da. Oso denboraldi biribila egin dugu”.Kanporaketari dagokionez, hauxe uste du Manterolak: “KAE 1eko bi ontzien erreferentziarik ez dugu, baina gerra emango diegula iruditzen zait. Santoña gu baino faboritoagoa da, baina haiei ezusteren bat emateko gai gara. Aukerak ditugu, eta baliatzen saiatuko gara. Irabazteko asko eta galtzeko gutxi daukagu”.Igandean, zaleen babesa eta laguntza eskertuko dute arraunlariek. Estropada etxean izanda, aukera paregabea dugu zumaiarrok kamixeta gorria jantzi eta Zumaia B animatzera joateko. Festa handia izan behar du igandeko estropadak. Emaitza edozein dela ere, egindako denboraldi bikainak merezi du omenalditxoa.kae2-getxo-2.jpg Zumaia B Getxoko estropadan. KLAUSSER

Hamahirugarren

Zumaia 13. izan da Kontxara sailkatzeko estropadan, gaur Donostian. Ez da izango datozen bi igandeetan bandera preziatuenaren bila. Hemendik aurrera, San Miguel Ligan jarraitu ahal izateko kanporaketa prestatu beharko du. Horixe da denboraldiko erronka. Gaur, kanporaketa horretan aurkari izango dituen beste lau ontziak ere lehiatu dira. Beren arteko lehia horretan, Camargok egin du denbora onena, Zumaia izan da bigarren, Santurtzi hirugarren, Amegrove laugarren, eta Meira bosgarren. Zumaiarrak nahikoa gustura gelditu dira gaurko lanarekin. Kanpora hobeto joan direla esan dute, barrurantz ez direla hainbeste etorri. Gaurko sailkapena hauxe izan da: 1. San Juan. 19.41.93; 2. Orio. 19.57; 3. Kaiku. 20.02; 4. Urdaibai. 20.03; 5. Hondarribia. 20.06; 6. Astillero. 20.06; 7. Pedreña. 20.16; 8. San Pedro; 20.21; 9. Castro. 20.24; 10. Camargo. 20.31; 11. Chapela. 20.40; 12. Tiran. 20.40; 13. Zumaia. 20.4414. Isuntza. 20.45; 15. Santurtzi. 20.51; 16. Amegrove. 20.57; 17. Zarautz. 21.00; 18. Zierbena. 21.09; 19. Samertolameu. 21.22; 20. Deustua. 21.44; 21. Getaria. 21.48; 22. Trintxerpe. 22.14; 23. Hibaika. 22.22; 24. Luanco. 22.56.

Beste kanporaketa bat buruan

Bihar jokatuko da Kontxako Banderako sailkatze estropada, erlojuaren aurka. Kanporaketa ere esaten zaio. Zumaia bertan izango da. 18:00etan hasiko dute lana arraunlariek, eta 24 traineruk jokatuko dituzte zazpi txartelak. Zazpi onenak baino ez dira ariko datozen bi igandeetan bandera preziatuenaren lehian. San Miguel Ligako hamabi ontziak multzo batean sartu dituzte, eta gainerakoak bestean. Zozketa bidez zehaztuko dute zein multzo aterako den aurrena.Zumaiarrak gogoz doaz Donostiara, baina jakin badakite oso zaila izango dela sailkatzea. Gainera, oraintxe bertan, biharkoak baino askoz garrantzia handiagoa dauka San Miguel Ligatik ez jaisteko kanporaketak. Beste kanporaketa bat. Irailaren 18an eta 19an jokatuko da, Bermeon eta Portugaleten, eta arraunlarien prestakuntza osoa egun horietara bideratura doa. Biharkoa test egokia izango da, Ligako kanporaketako beste aurkariak ere (Santurtzi, Camargo, Amegrove eta Meira) bertan izango direlako. Egokia gerta daiteke erreferentziak hartzeko eta aurkarien berri edukitzeko.

« Previous Page