Archive Page 3

Seigarren eta laugarren

Zumaia seigarren eta laugarren izan da gaur, Euskadiko Txapelketan, Lekeition. Gizonezkoak seigarren, emakumezkoak laugarren. Bermeok irabazi du batean, Getaria-Tolosak bestean.

Xanti Zabaletak honela aztertu bere arraunlarien lana: “Estropada txarra egin dugu. Brankaz ondo samar joan gara, baina poparean ez gara batere etorri. Teknikoki ez dugu asmatu. Arazoa identifikatu, eta zuzendu egin beharko dugu”.

Hemen denborak: http://estropa.net/berriak/archive/2011/07/25/urdaibai-euskadiko-txapeldun?utm_term=estropadak&utm_content=arrauna&utm_source=estropanet&utm_medium=facebook

Bihar, Euskadiko Txapelketan Zumaia

Bi traineruak, emakumezkoena eta gizonezkoena, Euskadiko Txapelketan izango dira bihar. 18:00eta hasiko da estropada, Lekeition.

Zorte ona ez da gorria

Gaur ere kale egin dio Zumari kale zozketak, eta kale txarretik (laugarrenetik) ahal dutena egin dute arraunlariek. Bederatzigarren izan da, lehen txandan hirugarren egin eta gero. Eremu baldar-baldarra da Portugaletekoa, eta gertatu dira gerta zitezkeen aldrebeskeriak: kaleen arteko aldea, txanden arteko aldea, eta ontzi batek bestea jotzea (Urdaibaik Astillero, eta Bermeoko ontzia kaleratu egin du epaileak momentuan bertan). Hondarribiak irabazi du bandera.

Zumaiak atzera egin du orain sailkapenean, eta azken hirugarren da 34 punturekin. Orio du atzetik, 30ekin. Aurretik Castro dauka, 34 punturekin hori ere.

Datorren astean, miraria! Estropadak itsasoan. Larunbatean Getxon, eta igandean, hemen herrian, Zumaian.

Gaurko sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/ver.php?id=eu&r=1301305308

Ligako sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/index.php?id=eu

Xanti Zabaletaren balorazioa
“Zortea ez zaigu ari batere laguntzen. Gaur gertatu zaiguna gertatzeko arriskua zegoen kale zozketa ez bagenuen aldekoa, eta gertatu zaigu. Joan zen astean esaten nuen asteburu hau ere arriskutsua zela, eta puntu asko galtzeko arriskua zuela edozein taldek. Guri tokatu zaigu, eta atzera egin dugu sailkapenean. Baina ez gaude hain gaizki, lau puntuko tartea ateratzen diogu Oriori. Bestela, arraunlarien lana ona izan da gaur ere; nahikoa egin dute laugarren kaletik joanda”.

Lan handia, sari txikia

Zumaia 10. izan da gaur Pasaian, San Miguel ligako zazpigarren estropadan. Bigarren txandan aritu da, eta azkena egin du, Hondarribia, Pedreña eta Tiranen atzetik. Lehen txandako San Pedrok eta Castrok gainditu egin dute, gainera. Bandera Kaikuk irabazi du, Astillero eta Urdaibairen aurretik.

Sailkapen nagusian, Zumaiak zortzigarren segitzen du, lehengo lekuan, baina egoera hobean. Izan ere, azkenaurrekoari ateratzen dion aldea 7 puntukoa da orain; gaurko estropadaren aurretik 6koa zen. Orio dago orain azkenaurreko, kanporaketa jokatzeko lekuan.

Gaurko sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/ver.php?id=eu&r=1301305308

Ligako sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/index.php?id=eu

Bihar Portugaleten da estropada, 12:00etan, eta Zumaia lehen txandan izango da, Orio, Camargo eta Castrorekin.

Xanti Zabaletaren balorazioa

“Egundoko lana egin dute arraunlariek, eta estropada ona. Baina saria txikia izan da, gehiago lortzeko lana egin dugulako. Laugarren kalean joan gara, eta ez dut uste onena zenik; zorte onik ez gara ari izaten. Bestela, gustura gaude, azkenaurrekoa urrunago daukagulako. Puntuak batzen segitzen dugu, eta hori ondo dago. Biharkoa asko kezkatzen nau, kaleen arteko aldea handia izango delako. Txarra tokatzen zaionak egundoko kaltea izan dezake”.

Opariak baliatu ezinik

Zumaia Kiroljokoa bigarren izan da gaur, Pasaian, Gipuzkoako ligako hirugarren estropadan. Getaria-Tolosak irabazi du. San Juan izan da hirugarren, laugarren Orio, bosgarren Bizkaia, eta seigarren Hondarribia.

Bitxia izan da zumaiarren txanda. Hiru luzeetan nagusi izan da Getaria-Tolosa, baina bi ziaboga txarrak eman ditu garaileak, oso txarrak. Momentu horietan, zumaiarrak parean jarri zaizkio, baina ez dute baliatu aurkariaren huts bat bera ere. Azkenean, erraz irabazi du Getaria-Tolosak.

Bandera!!

Zumaia Kiroljokoak bandera irabazi du Santanderren (Espainia). Euskotren ligako A multzoko estropada zen, eta Galizia indartsua menderatu dute. Segundo batera ere ez da heldu aldea. Orio atzerago sartu da, 25 segundora.

Ziabogan, Galizia zen aurretik, bi segundo, baina bigarren luzean, harrapatu eta pasatu egin ditu Zumaia Kiroljokoak. Multzoko sailkapenean, berdinduta daude orain bi taldeak, bosna punturekin. Estropada bakarra falta da multzo honetan: Zumaiakoa. Uztailaren 31n izango da.

Gaurko sailkapenak: http://www.ligasanmiguel.com/femenina/resultados/ver.php?id=eu&r=1305897917

Ligako sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/femenina/resultados/index.php?id=eu

Kike Manterola, Zumaia Kiroljokoako entrenatzailea: “Behar genuen hau”
“Lehen luzean ondo egin dugu arraunean, eta gero, bukaeran, nahastu egin gara pixka bat. Neuk eskatu diet arraunlariei erritmoa igotzeko, Galizia gainean ikusten nuelako. Baina bueno, azkenean, irabazi egin dugu. Behar genuen irabaztea, konfiantza hartzeko ederki etorriko zaigu, eta egiten ari garen lana ona dela sinesteko oso ona da”.

p1010418.JPG
Zumaia Kiroljokoako arraunlariak eta bi entrenatzaileak, banderarekin.

Haize bolada handia aurkari gogorrena

Hamaikagarren izan da gaur Zumaia, azkenaurreko, Santanderren (Espainia). San Miguel ligako seigarren estropa izan da, eta azkenean, badia barruan jokatu dute, itsasoan ezin zirelako balizak jarri, TKEk azaldu duenez.

Bigarren txandan joan da Telmo Deun, eta gaur ere aurkari zitalak izan ditu alboan: Tiran, Hondarribia eta Astillero. Lehen ziabogara heltzerako atzetik zen traineru gorria, baina espero zen hala izatea. Bigarren luzean pixka bat handitu da aldea zumaiarrekiko, baina ez asko. Ematen zuen atzokoaren antzeko lana egingo zutela, baina hirugarren luzean, haize bolada indartsua atera da, eta hortxe galdu du denbora Zumaiak. Ospa egin diote aurkariek, zumaiarren kalea, hirugarrena, babes gutxikoa zelako haize boladei aurre egiteko. Azkenean, Hondarribiak irabazi du txanda, eta Zumaiari 28 segundo atera dizkio. Lehen txandako Camargok, Oriok eta Castrok ere hobetu egin dute zumaiarren denbora. San Pedrok bakarrik egin du txarragoa.

Sailkapen nagusian, zortzigarren segitzen du Zumaiak, 27 punturekin. Azkena Camargo da 15ekin, eta azkenaurreko San Pedro 21ekin. Gero, Orio dago 22rekin, eta ondoren, Castro, 24rekin.

Bandera Urdaibaik irabazi du, eta hirugarrena du ligan. Lider sendoa da, gainera.
Datorren larunbatean, Pasaian izango da estropada, ibaian, eta igandean, Portugaleten, berriz ere ibaian. Oraindik ez dute itsasoan aritzeko aukerarik izan arraunlariek.

Gaurko sailkapena, hemen: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/ver.php?id=eu&r=1301305133

Ligako sailkapena, hemen: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/index.php?id=eu

Xanti Zabaleta: “Hirugarren luzean galdu dugu dena”
“Gaur ere sekulako txanda izan dugu, oso aurkari indartsuekin. Hiru luzetan hortxe ibili gara, aldeei eutsiz ahal genuen neurrian, baina hirugarrenean, haize bolada indartsua atera du, eta ezin izan dugu ezer egin. Hortxe galdu dugu dena. Hirugarren kalea, gurea, eta laugarrena ziren txarrenak gaur, haizeari aurre egiteko babesik ez zutelako; aldiz, lehen bi kaleetan babesa zegoen. Ligako sailkapenean, ondo gaude. Zazpi puntu bildu ditugu atzo eta gaur, eta azkenaurrekoa lehen bezala daukagu, sei puntura”.

“Lan ona egin dute arraunlariek”

Zumaia zortzigarren izan zen atzo, Pedreñan (Espainia), San Miguel ligako estropadan. Atzetik utzi zituen sailkapen nagusian azken lau tokietan daudenak: Castro, San Pedro, Orio eta Camargo. Ondorioz, urrunago ditu jaitsiera eta jaitsierako kanporaketa.

Bigarren txandan egin zuen arraun Telmo Deunek, aurkari handiak alboan zituela: Pedreña, Hondarribia eta Tiran. Hasiera samarretik geratu zen atzean, baina duin jardun zuten arraunlariek, burua galdu gabe eta arraunketari eutsiz. Ez da erraza izaten atzean geratu eta horrela jardutea, baina atzo, arraunlariek lortu zuten.

Bandera Kaikuk irabazi zuen, eta ligan, Urdaibai da lider berria.

Atzoko sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/ver.php?id=eu&r=1301305055
Ligako sailkapena: http://www.ligasanmiguel.com/resultados/index.php?id=eu

“Gustura gaude
Xanti Zabaleta pozik zen estropada amaitu eta gero: “Oso txanda gaiztoa genuen, maila handiko aurkariekin. Espero genuen gertatu dena gertatzea; hau da, atzean geratzea. Baina duntasun handiz jardun dute arraunlariek, eta lan ona egin. Azken bi luzeetan hobeto moldatu gara, enfilazioa aldatzeko erabakia hartu dugu uneren batean, korronteak aldatu egin direlako, eta erabaki zuzena izan da. Lehen txandako laurak atzean utzi ditugu, eta emaitza ona da gaurkoa”.

Bazkide egiteko aukera, opariak…

Etzi, larunbatean, Zumaiako Arraun Elkartea kalera aterako da. Erribera kalean egongo da, 18:00etatik aurrera. Bazkide egiteko aukera izango du arraun zaleak eta Telmo Deun zaleak. Aurten, berrikuntza hau izango da: 15 urtetik beherako haurrak bazkide egiten badira, urteko kuota 15 eurokoa izango dute. Hori gutxi ez, eta bi opari jasoko dituzte: arraun elkarteko lepoko eta bixera gorria; bietan Aupa Zumaia jartzen du.

Bazkide direnentzat, opari emango dituzte lepokoa eta bixera. Txartela aurkeztu beharko dute. Bazkide ez direnek lepokoa eta bixera erosteko aukera edukiko dute, eta baita kamixeta ere. Hauek dira prezioak: lepokoak 3 euro balio du; bixerak 5; eta kamixetak 10. Lotean erosten badira, beherapenak egongo dira: lepokoa eta bixera erosten dituenak 7 euro ordaindu beharko ditu; eta hiru produktuak erosten dituenak 15 euro ordainduta eramango ditu.

Gipuzkoako Txapelketako argazki ikusgarriak

https://picasaweb.google.com/Arrauner/GipuzkoakoTxapelketa13072011#

Argazkilaria: KLAUSSER

« Previous PageNext Page »