Uztailaren 26an mendi lasterketa bat korritu da estreinakoz biotopo babestuaren eremuan, Zumaia eta Deba arteko itsaslabarretan. Ekimen honen harira, zenbait zalantza eta kezka sortu zaizkigu, eta horien berri eman nahi dugu idatzi honetan.
Lehenik eta behin, gogora ekarri nahi dugu urteak eta urteak egin ditugula naturgune horren babesa eskatzen. Borroka luzea izan da, baina azkenean naturzaleen mezua iritzi zen instituzioetara eta gaur egun biotopo babestua da Zumaia eta Deba arteko kostaldea. Baina bistan da oraindik bide luzea dugula egiteko: biotopo babestuaren arau nagusia (NBAP) idatzita eta onartuta dago, baina letra txikia falta da, erabilera konkretuak arautuko dituen plana. Eta hori lantzea eta praktikan jartzea Aldundiaren ardura da.
Bestetik, herritarren artean ere kezka sumatu dugu paraje horren erabilera asko handitu delako azken urteotan –are gehiago biotopo babestu izendatu zenetik–, eta ez delako inolako neurri praktikorik hartu hori bideratzeko. Baserritarrak ere kexatu dira jendea edozein lekutik sartzen dela, bideak errespetatu gabe. Beraz, badago zer egina.
Garbi dugu lan hori egin artean ez dela aurrerapauso nabarmenik egingo ingurune hori babesteko, eta gauza asko airean daudela oraindik. Horregatik, zentzuzkoa iruditzen zaigu araudi hori zehaztu arte erabilera berririk ez baimentzea biotopo babestuaren eremuan. Eta argi gorriak piztu zaizkigu lasterketa honen berri izan genuenean.
Esan behar dugu Flysch Trail lasterketako antolatzaileekin harreman zuzena izan dugu, eta, alde horretatik, beraiekin ez dugu inolako arazorik izan. Guk hor ikusten duguna da Aldundia dela ingurune honen kudeatzailea eta hari dagokiola hau guztia arautzea. Gure kezka nagusia ez da lasterketa konkretu honen ingurukoa, baizik eta Aldundiaren partetik ez dagoela zehaztuta prozedura bat horrelako ekimenen aurrean: baimenak emateko irizpideak, nola egin publiko, helegiteak aurkezteko aukera… Horrek sortzen digu kezka aurrera begira, badakigulako ingurune hori oso erakargarria delako gauzak antolatzeko, eta ikusten dugulako Aldundiak lanak egin gabe dituela.
Oraingoan herriko jendeak antolatutako ekimena izan da eta hasieratik izan dugu eskura informazioa. Horri esker, Aldundiari gure kezkak eta gure proposamenak aurkezteko aukera izan dugu. Baina, antolatzaileak kanpokoak izan balira? Herritarrak zer bide du informazioa jasotzeko eta, bidezko baderitzo, helegiteak aurkezteko?
Idatzian azterketa tekniko bat egin genuen, zenbait neurri proposatuz. Besteak beste, leku batzutatik ez pasatzeko bertako landaredia babeste aldera; zenbait neurri hartzeko ikusleak eta kotxeak kontrolatzeko, eta zaborra behar bezala jasotzeko; eta ebaluaketa egiteko, bai lasterketaren aurretik eta ondoren, eragina neurtu ahal izateko. Aldundiak ez digu erantzun zehatzik eman, baina jakin dugu guk proposatutako neurri asko kontuan hartu dituztela, ontzat jo dituztela. Zalantza gelditu zaigu, ordea: guk muturra sartu izan ez bagenu, zein izango ote zen Aldundiaren jokaera?
Beraz, Aldundiari eskatzen dioguna da biotopo babestuaren erabilera publikoen plana lehenbailehen egiteko, aurrerantzean garbi gera dadin ingurune horretan zer egin daitekeen eta zer ez, eta berma dadin prozedura administratiboan herritarren informazioa eta helegiteak aurkezteko eskubidea. Bestetik, pentsatzen dugu Zumaiako Udalak jokaera irmoagoa agertu beharko lukeela kontu hauek guztiak argitu eta bideratzeko orduan, are gehiago lasterketako antolatzaile ofiziala den neurrian.
