Datorren astean asteburu osoko irteera egingo dugu eta igandean izena emateko epea bukatzen dela gogorarazi nahi dugu. Gainera, ezagutu behar dugun lekua nolakoa den jakiteko, hona hemen datu batzuk:
Ingurua
Gorobel Euskal Herriko mendebaldeko muturrean dago, isurialde atlantikoaren eta mediterraneoaren mugan. Izan ere, Arabako, Bizkaiko hiri bakarra den Urduñako eta Burgosko lurraldeetan zabaltzen da.
25 kilometrotan zehar, mendilerroa ipar-mendebalde eta hego-ekialdeko norabidean kokatuta dago eta itxura ikusgarria du. Burgosko Losa bailaratik gorantz abiatzen da, pixkanaka-pixkanaka, iparralderantz, eta Urduñako aldera kareharrizko amildegietan behera egiten du, zakarki, 500 metro baino altura handiago duten paretak erakusten. Goialdea, 1.000 metroko altueratik gorako goi-lautada zabala da (100 km2 baino gehiago).
Tontor-lerroak ekialdeko muturrean 1.000 m-ko altuerak hartzen ditu eta gailur handienak mendebaldean dira nagusi: Eskutxi (1.187 m), Ungino (1.101 m) eta Tologorri (1.093 m). Alde honetan daude baita ere Txarlazo mendi nahastezina eta Urduñako mendatea, Gaztelako atea.
Geologia eta geomorfologia
Gaur egun ikusten ditugun haitzak duela 300 miloi urte azaldu ziren itsas hondo-hondotik, Iberiako eta Europako plaka tektonikoak talkaren ondorioz. Higadurak bailarak, tontorrak eta amildegiak modelatu ditu.
Goiko ordeka Goi Kretazeoko kareharri gogorrez osatuta dago eta paisaia karstikoaren elementuak nabari dira, tartean, dolina eta lapiazak. Beherago, material leunagoak agertzen dira (margak eta buztinak). Lur-azpian, berriz, 300 kobazulo baino gehiago daude. Horien artean Ponata pagadikoak 45 km galeria ditu topografiatuta.
Urduñako lautada ere oso esanguratsua da, haranaren ibai emaritsuen indarraz higatutako gatz-biltegi (diapiro) baten arrastoa baita.
Nerbioi ibaiaren ur-jauzia iberiar penintsulako handiena da eta 270 m ditu.
Landaredia
Mendikatearen behealdean eta goialdean dauden bi lautaden artean, landaredi-estaiak ondo bistakoak dira.
Estai muinotarra (400-600 m) Altuera ertainetan landak, heskaiak, lizardi-zumardiak, erkamezti atlantikoak eta zuhaitz-landaketak (pinu gorria) dira nagusi.
Estai menditarreko (600 m-tik gora) aldapetan pagadi kaltzikola agertzen da, eta amildegietan harkaitzetako landaredia. Altuerako ordekan, berriz, mendietako zelaiak eta pre-txilardiak daude. Maila honetako hainbat lekuetan ameztiak ere ikus daitezke.
Hauek dira EAEn arriskuan dauden landareen zerrendan katalogatutako espeziak:
Arraroak direnak: Trollius europaeus, Tofieldia calyculata, Gentiana ciliata subsp. ciliata, Scorzonera aristata, Carlina acaulis subsp. caulescens, Crepis pyrenaica, Pedicularis foliosa eta P. tuberosa.
Garrantzi berezia dutenak: Sideritis ovata, Narcissus asturiensis subsp. jacetanus, Ilex aquifolium, Narcissus bulbocodium subsp. citrinus, Taxus baccata, Veratrum album
Fauna
Amildegiko paretetan harkaitzetako hegazti-komunitatea ondo kontserbatuta dago. Pixka bat beherago, Urduña bailarara begira dauden maldetako baso helduetan, oso ekosistema aberatsak daude eta animalien komunitateak ere ondo estrukturatuta daude.
Harkaitzetako hegaztiak: Sai arrea eta Sai zuria, Ugatza, Belatz handia, Arrano beltza eta Arrano sugezalea, Belatxinga mokogorria, Zata arrunta, Bonelli arranoa, Harkaitz-zozo gorria, Hontz handia, Haitz-enara
Basoetako hegaztiak: Arrano sugezalea, Zapelatza eta Zapelatz liztorjalea, Aztore arrunta, Gabiraia, Urubi arrunta, Hontz ertaina, Kukua, Usoak, Okilak.
Landetan tenperatura leunagoak dira eta fruitu eta ornogabe ugari dago. Hori dela eta, hortxe garatzen da hegazti-komunitaterik aberatsena. Zabalgunea hegazti migratzaile askoentzako atsedenlekua da neguan eta udaberrian. Neguan, belatxingen eta miru gorrien kontzentrazioak nabariak dira.
Bestalde, galtzeko arriskuan dauden ugaztunak ere bizilekua aurkitu dute Gorobel inguruetan. Zenbait hamarkada pasa ondoren otsoa itzuli da paraje honetara; igaraba, ur-ipurtatsa, lepahori arrunta, muxar grisa eta ferra-saguzar mediterraneoa bizi diren lurraldera, hain zuzen ere.
Bukatzeko, anfibioen eta narrastien artean, azpimarratzekoak dira gailurretako uhandrea, baso-igel jauzkaria, musker berdea eta sugegorri kantauriarra.
Gizakiaren aztarna
Gizakiaren lehen arrastoak duela 4.500 urte eraikitako dolmen eta tumuluak dira, artzain ibiltariek egindakoak, segur aski. Historiaurrekoak dira baita ere, otsoak, zaldiak, oreinak eta basurdeak ehizatzeko tranpak (otsategiak edo loberak). Gorobelen dagoen batek ia kilometro bateko paretak ditu; penintsulan ezagutzen den luzeena da.
Bestalde, mendikateko kobazuloetan azaldutako aztarna arkeologiko eta paleontologikoak ugari daude.
Urduña hiriak antzina-antzinako jatorria dauka. Historialari batzuek diotenez, horren mugartean Ptolomeok aipatutako Uxama Barca herri erromatarra zegoen. Aipatzekoa da Aloriako aztarnategi erromatarra.
Fernando III.ak Lope Diaz de Haro II.ari eman zion Urduña, kostaldearen eta mesetaren arteko merkataritzan nahitaezko igarobidea. Hori dela eta, herri garrantzitsua izan zen Erdi Aroan eta Errege Katolikoen erregetzan, hiri titulua lotu zuenean. Garrantzi honen adibide nabarmenena hiriaren kasko zaharra da, balio handiko multzo historikoa.
Natur gune babestuak
Bere natur altxorrei esker, Gorobel Mendikatea Natura 2000 sarean dago. Izan ere, inguru hauetan Hegaztientzako Babes Bereziko bi Guneak daude eta Batasunaren Garrantzizko Lekuak hiru.
HBBG: Salbada edo Gorobel mendilerroa (EH) eta Santiago mendia (Gaztela eta Leon)
BGL: Arkamo-Gibijo-Arrastaria (EH), Santiago mendia eta Mena Bailarako Basoak (Gaztela eta Leon).
Azken ikerketen arabera, mendi hauetan dagoen hegaztien populazioak Europa mailan dauden garrantzitsuenak dira. Hori dela eta, bisitatu behar dugun eskualdearen aberastasuna eta biodibertsitateak ez dute parerik.
Burgos aldera, Santiago mendia eta Nerbioi ibaiaren ur-jauzia Gaztela eta Leongo Monumentu Naturalak dira.
Bukatzeko, Araban ugatza berreskuratzeko indarrean dagoen planaren baitan, Gorobel ingurua Garrantzi Bereziko Gunea da. Ildo beretik, Bizkaiko Aldundiak ipurtatsa berreskuratzeko Babes Bereziko Gunea izendatu du Nerbioi ibaiaren goi-ibilgua.


