Itxas-Gaineko infantilak Espainiako txapelketan izan dira

Pasa berri den asteburuan infantil mailako Espainiako piraguismo txapelketa jokatu da Sevillan (Andaluzia, Espainia). La Cartujan kokatuta dagoen Errendimendu Handiko Kirolarien zentroko uretan, 3.000 metro luzeko probari aurre egin behar izan zioten Espainiar Estatuko ehunka gaztetxok. Itxas-Gainek Martin Egañak prestatu eta zuzendutako zazpi kirolari gazte aurkeztu zituen.  

Neguan zehar egindako lan gogorra erakutsi asmoz, ostiralean goizean goiz abiatu ziren Zumaiatik, Estatu mailan lehiatzeak dakarren erantzukizunaren aurrean ilusioz beterik.  

Larunbatean kanporaketak izan zituzten eta igandean finalak. Lortutako emaitzak honakoak izan ziren: 

  • Infantil B neskatan, Maddi Aizpurua 57. sailkatu zen. 
  • Infantil B mutiletan, Xuban Arrizabalaga 65., Josu Larrañaga 68. eta Xabi Martinena 96. sailkatu ziren. 
  • Infantil A nesketan, Amaia Aizpurua 28., Noa Buforn 37. eta Maddi Olaizola 42. sailkatu ziren. 

Guztira, estatuko 94 taldek parte hartu zuten txapelketan eta Itxas Gain 33. sailkatu zen. Oso emaitza ona eta esperientzia bikaina bizita bueltatu zen taldea etxera igande gauean, berandu. 

Datorren asteburuari dagokionez, Itxas-Gain taldeak ez du desplazamendurik izango, gutxitan gertatzen den lez.  

Larunbatean, Euskadiko Itsas-kayak txapelketa jokatuko da Zumaian bertan; azken ordura arte erabakitzeke izango da ibilbidea Oriotik Zumaiara edo Mutrikutik Zumaiara egingo den; itsaso eta haizearen eguneko egoerak baldintzatuko du erabakia. 

Igandean, berriz, Euskadiko maratoi txapelketaren txanda izan daiteke, azken urte eta erdi honetan tren-zubia konpontzeko lanek eragiten dituzten arazo eta oztopoak erakunde  publikoen laguntzaz gainditzen badira, eta proba aurrera eramateko gaur gaurkoz iritsi ez diren baimenak jasotzen badira.