Narrondo eta Iraeta arteko bidegorrian historiak beste kapitulu bat eman du gaur. 2022ko otsailaren amaieran Urolako trenbide zaharraren bi auzoen arteko tartea bidegorri bihurtzeko lankidetza iragarri zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Urtebete geroago, 2023ko martxoaren hasieran, Zestoako eta Zumaiako Alkateek, Mikel Arregik eta Iñaki Ostolazak, salatu zuten urtebete eta gero lanak oraindik egin gabe daudela. Orain, ohar baten bidez, aldundiak jakinarazi du Batzar Nagusiek "berretsi egin" dutela "Zumaiaren eta Zumarragaren arteko Urolako Bide Berdea osatzeko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmeneko akordioak".
Oharrak dioenez, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Foru Sailaren arteko lankidetza hitzarmenak tramite guztiak gainditu ditu. Aldundiaren esanetan, Foru Kontseiluak duela bi aste onartu zuen hitzarmena, eta joan den astean Batzar Nagusiek akordioa berretsi zuten. Horrela, beti ere oharraren arabera, "abian jar daitezke ibilbide berde hori osatzen duten 38 kilometroetatik azken lau horiek gauzatu eta gauzatuko dituen lizitazioa eta kontratazioa egiteko behin betiko izapideak". Ondorioz, Iñaki Arriola sailburuak eta Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak "berehala" sinatuko dute lankidetza hitzarmena.
Komunikatu honetan gogoratzen dute Iraeta eta Narrondo arteko bidean dauden bi tunelak egoera prekarioan agertzen direla. "Lehenengoak, Iraetako tunela bezala ezagutzen denak, 80 metro inguru ditu, ganga erorita dauka eta sarreretako bat buxatuta dago. Bigarrena Arroakoa da, 520 metro ingurukoa, eta bi sarrerak buxatuta ditu, barruko luiziek estalita, eta zuloa du azalean, lau metroko sakonerakoa".
Lankidetza akordioaren arabera, ETS Euskal Trenbide Sarea arduratuko da bi tunelen egitura egonkortzeaz, eta "lurpeko pasabideetan lan horiek diseinatzeaz, lizitatzeaz eta gauzatzeaz". Aldundiko Mugikortasun Departamentuak hartuko du, aldiz, "bere eremuari dagozkion jarduketak garatzeko" ardura. Aurten 450.000 euro destinatuko ditu lan horietara eta datorren urtean 1.819.075 euro.