Ostiralean hasiko da eskuzko pilota txapelketa herrikoia

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 1a, 09:00

Odietan jokatuko dira txapelketa herrikoiko partidak. (Juan Luis Romatet)

Sei bikotek eman dute izena ekainaren amaierara arte jokatuko den txapelketa jokatzeko. Palazkoa bertan behera utzi dute izen-emate urriagatik.

Etzi, ostiralez, emango diote hasiera pilota txapelketa herrikoiari. Aurten eskuzko modalitatean bakarrik jokatuko da, palazkoa bertan behera utzi ondoren pilotarien izen-emate urriagatik.

Sei bikotek eman dute izena eskuzko txapelketarako. Partidak ostiraletan jokatuko dira Odietan, 18:00etatik aurrera. Lehen jardunaldian, maiatzaren 3an, hiru norgehiagoka jokatuko dira; hurrengo sei ostiraletan bina partida izango dira jokoan. Behin ligaxka jokatu ondoren, ekainaren 21ean finalaurrekoak jokatuko dituzte, eta astebete beranduago, hilaren 28an, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida eta irabazleak erabakiko dituen finala.

Lehen jardunaldian, hilaren 3an, honako partidak jokatuko dira (18:00etan, Odietan; euria egingo balu Zumaiako Herri Eskolako pilotalekuan).

  • Aitor Aizpurua-Josu Salegi / Unai Beristain-Jon Alkorta.
  • Oihan Etxabe-Kimetz Etxabe / Beñat Lizeaga-Iñigo Tumas.
  • Unai Etxabe-Peio Etxabe / Unai Ibarguren-Jon Telmo Manterola.