Palestina askea aldarrikatuko dute maiatzaren 15ean, estatu judua sortu zenetik 76 urtera

Maria Maya Manterola 2024ko mai. 7a, 11:30

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak deitu du mobilizazioa Zumaian. Nakba ospatzen dute palestinarrek egun horretan 1948tik, Israel sortu zenetik jasaten ari diren erbestea eta desjabetzea gogoratzeko.

Israelen eta mendebaldeko konplizeen aurkako eta Palestinaren askatasunaren aldeko mobilizazioa deitu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak datorren asterako, maiatzaren 15erako. Nakba (Hondamendia) ospatzen dute egun horretan palestinarrek. Izan ere, 76 urte dira estatu judua sortu zela, eta orduz geroztik jasaten ari diren erbestea eta desjabetzea gogoratzeko eguna izaten da maiatzaren 15a.

Protesta Zumaiako Saregile plazan izango da, 19:00etan. Bide batez, Kontseilu Sozialistak jakinarazi du Ikasle Abertzaleak antolakundeak unibertsitateetan deitutako kanpaldiekin eta maiatzaren 15ean lantokietan eta heziguneetan Palestinarekin elkartasunez izango diren beste hainbat mobilizaziorekin bat egiten duela, maiatzaren 18an Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deitutako Iruñeko manifestazio nazionalean parte hartzeko deia ere egiteaz gain.