Irakasten ikasten

“Esan eta ahaztuko zait,
irakatsi eta gogoratuko dut,
inplikatu eta ikasiko dut”

Benjamin Franklin

Bizitzeko eta adierazteko moduak definitzen du gure kultura, izaera ematen diguna, hurrengo belaunaldietan erakutsi beharreko altxorra, umeek bizi, sentitu, mantendu eta hobetu dezaten. Baina, horretarako, lehenago ikasi behar da irakasten eta hasi gara irtenbidea jartzen. Duela gutxi, gure alabaren eskolako bilera izan nuen, Bizikasi ekimena berria jarri baita martxan, eta bere helburua ikastetxea, garapen pertsonal zein sozialerako ikasteko espazioa izatea da. Hezkuntzan arrotzak ziren bi kontzeptu aipatu ziren bertan: elkarbizitza positiboa eta garapen soziala.

Ia denok ikasi ditugu “nini” eta “bullying” hitzen esanahia, zoritxarrez gero eta entzunagoak gaur egun, motibazio eta errespetu faltak sortutakoak. Bizikasi ekimena arazo horiei aurre egitera omen dator, umeak pozik jolastuz ikusi, ukitu eta ikasteko leku seguru baten bila. Teoria gutxiago eta ekintza gehiago duen tokia, “eta gelan bihotzak protagonismo handiagoa du”. Gure ikasle garaian irakasle on BAT izan nuen, eta suertekoa izan nintzen, hari esker ikasten ikasi, gauza berriak ezagutzeko desira berpiztu eta besteen iritziak entzun eta zalantzan jartzeko gaitasuna lortu nuelako. Gure alabak suerte berdina izatea espero dut.

Ez diot inoiz ikasteari utzi, bai liburuekin, bai bizipenekin, eta ikasteko ezer ez dudan eguna, nire amaiera izango dela pentsatzen dut. Oraindik gauza asko dago ikasi eta aldatzeko, gizartea ere konturatu da arruntak ziruditen ekintza asko ez zirela hain arruntak eta ekintza txikienak ere garrantzitsuak direla. Ikasi dugu hezkuntza ez dela estatikoa, konturatu gara umeak motibatu eta zaintzearen garrantziaz, badakigu kalitatezko hezkuntzaren eskubidea guztiona dela. Oraindik gauza asko dugu ikasteko, baina konturatu gara gure akatsaz eta iristen ari da aldaketa.

Eskolan, betiko ikasgaiez gain, kulturaz eta elkarbizitzen ikasi behar da, eta jarraipena izan etxean eta kalean. Umeak aske hazi eta hezi behar dira, nolakoa zaren eta nolakoa izan nahiko zenukeen jakiteko, eta hori ez da lortuko hitz galduez betetako ikasgeletan . Hezkuntza da etorkizun berri baten giltza.

Umeek helduok galdu dugun botere bat dute, irudimena, proiektu berrien hazia, eta hazi hori ondo ureztatuz gero jaioko da mundua aldatuko duen landarea. Landare horrek, ongi hazi ahal izateko, ongarri sendoa behar du, eskola, eta bere neurrian ureztatuko duten zaindariak, irakaslea eta familia.