'Ekonomia Urdinari loturiko Irtenbide Teknologikoen I. Topaketa' egingo dute Arraunetxen

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 19a, 14:00
Surflari batzuk beren taulekin.

Urola Kostako Udal Elkarteak, GAIA Klusterrak eta Deustoko Unibertsitateak antolatu dute irtenbide berritzaileak ezagutu nahi dituzten sektoreko enpresa, erakunde edo ekintzaileentzat. Horien artean aipatu dituzte surf eskolak, itsas irteerak, arrantza, arraun elkarteak, uretako motoen negozioak, itsas-ontzien ingeniaritzak eta itsasoko energiaren inguruko aholkulariak, besteak beste.

Ekonomia Urdinari loturiko Irtenbide Teknologikoen I. Foroa antolatu dute Urola Kostako Udal Elkarteak, GAIA Klusterrak eta Deustoko Unibertsitateak, eta Orion, Arraunetxen egingo dute jardunaldia, apirilaren 25ean, ostegunarekin. Jardunaldia 12:00etatik 14:00etara egingo dute, eta izena aurrez eman behar da esteka honetan.

Udal elkarteak azaldu du topagunea "ekonomia urdinarekin lotuta lan egiten duten eta teknologian oinarritutako irtenbide berritzaileak ezagutu nahi dituzten sektoreko enpresa, erakunde edo ekintzaileentzat" dela, eta horien artean aipatu ditu surf eskolak, itsas irteerak, arrantza, arraun elkarteak, uretako motoen negozioak, itsas-ontzien ingeniaritzak eta itsasoko energiaren inguruko aholkulariak, besteak beste.

Topaketa horretan "azken teknologiak eta horien aukerak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek, negozioan barneratzeko eta hobetzeko aukera eskainiz". Horretarako, parte hartzen duten enpresen beharrak eta erronkak identifikatuko dituzte, "azken puntako teknologia bidez erantzunak emateko aukerak aztertzeko". Horrekin batera, "ekonomia urdinean egungo puntako teknologien aplikazioak eta aukerak azalduko dira; Blockchain, Gauzen Internetak (IOT), Adimen Artifizialak edota bestelako berrikuntza eta aukera berriak", aurreratu du udal elkarteak.