Asier eta Jon Ander Iribar: "Biok kantxan gaudenean taldeak aurrera egiten du"

Jabi Gonzalez Toston - Gorka Eizagirre 2023ko aza. 16a, 10:30

Pulpoko harrobian hezi ondoren, Asier (Zumaia, 2003) eta Jon Ander Iribar Carceller (Zumaia, 2005) anaiak eskubaloi jokalari profesionalak izateko bidean dira Bidasoan.

Senior mailara iritsi bezain pronto egin duzue Bidasoarako jauzia biok. Nola egokitu zarete taldera?

Asier Iribar: Hirugarren urtea dut nik Irungo [Gipuzkoa] taldean, eta aitortu behar dut hasiera zaila egin zitzaidala, jauzia handia baita. Azken finean, maila oso altuko taldea da eta jokalariak fisikoki oso indartsuak dira. Horregatik, lan asko egin behar izan dut kategoriak eta taldeak eskatzen duten mailara pixkanaka egokitzeko.

Jon Ander Iribar: Nire egoera ere antzekoa da. Lehenengo denboraldia dut Bidasoan, eta antzeman dut zenbateko aldea dagoen jokalarien kalitatean eta fisikoan. Zentzu horretan, joan den denboraldian Pulpoko senior taldearekin zenbait partida jokatu izanak asko lagundu dit   egokitzapen prozesu horretan.

Asobaleko taldearekin entrenatzen duzuen arren, Bidasoaren bigarren taldeko fitxa duzue biok: lehen maila nazionalean aritzen den Hondarribikoa.

A. I. : Bai. Horrek aukera ematen digu beheko taldean aritzeko Bidasoarekin minutu gutxi baditugu. Nik, adibidez, bi partida izan ditut asteburu askotan, baina ez zait gaizki iruditzen, izan ere, garrantzitsua da gazteoi protagonismoa ematea eta lider sentiaraztea jokalari gisa garatzen jarraitzeko. Ezinbestekoa da partidak jokatzea, nahiz eta bigarren taldean izan.

J. A. I. : Anaia ez bezala, ni bigarren taldean nago zentratuta, batez ere. Asierrek Bidasoarekin entrenatzen du egunero, eta jokatzeko aukerarik ez duen asteburuetan etortzen da gurekin. Ni ere banago lehen taldearen dinamika horretan sartuta, astean hirutan entrenatzen dudalako haiekin, baina oraindik ez dut debutatzeko aukerarik izan. Dena den, Granollersen aurkako partidarako deialdian sartu ninduten, eta seinale ona da hori. Denboraldiaurrean ere izan nuen zenbait minutu jokatzeko aukera.

Pulpoko seniorrak baino maila bat gorago dago Hondarribi. Beraz, hor ere badago aldea. Hala ere, zure zenbakiak ikusita (18 gol zazpi partidatan) esan daiteke ongi egokitu zarela.

J. A. I. : Uste dut maila hobea eman dezakedala, denboraldia hasi besterik ez delako egin eta asko dudalako hobetzeko, baina gustura nago orain arte erakutsitakoarekin. Erasoan nahiz defentsan ari naiz jokatzen, eta eroso sentitzen naiz bi lanetan.

Zuri, aldiz, Asier, badirudi txiki geratu zaizula kategoria. 44 gol egin dituzu sei partida eskasetan, eta Asobalen ere gero eta aukera gehiago dituzu. Joan den igandean, esaterako, lau gol sartu zenituen.

A. I. : Ez nuke esango lehenengo maila nazionala txiki geratu zaidanik, baina egia da lasaitasun handiagoarekin jokatzeko aukera ematen didala eta gustura hartzen dudala taldea nire gain. Gainera, klubeko arduradunak ere pozik daude nire lanarekin. Era berean, aurreko denboraldietan baino minutu gehiago ari naiz izaten Asobalen, eta azken partidan oso aske eta eroso sentitu nintzen.

Jon Ander Iribar ezkerrean eta Asier anaia eskuinean. (Jabi Gonzalez Toston)


Biak lehen aldiz ari zarete elkarrekin talde berean; izan ere, Pulpon aritu zareten urteetan sekula ez duzue bat egin. Berezia izango da hori ere, ezta?

J. A. I. : Noski. Gogo handiz hartu dugu biok, denbora luzez itxaron dugun zerbait izan delako. Azkenean iritsi da, eta oso pozik gaude. 

A. I. : Bai guri eta bai familia osoari egiten zion ilusio handia biok elkarrekin aritzeak. Gainera, oso ongi ulertzen dugu elkar, eta biok kantxan batera gaudenean aurrerapausoa ematen du taldeak.

Profil oso desberdineko jokalariak al zarete?

J. A. I. : Esango nuke Asier erasoan hobeto moldatzen dela defentsako lanetan baino, eta ni antzera bi zereginetan. Horregatik, Hondarribian jokatzen duenean, erasoan aritzen da gehienbat; taldearen indargune nagusietako bat da, asko ematen digulako. Ondorioz, gehiegi ez nekatzea komeni zaigu.

A. I. : Bada, nik uste dut bion joko estiloa antzekoa dela, nahiz eta berdinak ez izan. Erasoan, adibidez, Jon Anderrek oso ondo irakurtzen du jokoa taktikoki, eta ni zuzenagoa naiz; jaurtiketaren edo azken pasearen bila joateko joera handiagoa dut. Defentsan, aldiz, erdiko postuan defendatu ohi du hark. Arlo horretan nik baino ardura handiagoa izaten du, beraz.

Joan den denboraldian Cangasen [Galizia] utzita aritu zinean, ordea, defentsan aritu zinen erasoan baino gehiago.

A. I. : Bai, eta, ez nuen espero, egia esan. Entrenatzailearen erabakia izan zen, eta errespetu osoz hartu nuen. Gainera, aitortu behar dut oso ongi etorri zaidala, asko hobetu nuelako arlo horretan eta jokalari osoagoa naizelako orain.

Galizian igarotako denboraldiari lotuta, esan behar dut hori ere ez zela erraza izan hasieran. Guztia berria zen niretzat, eta taldea ez zegoen egoera onenean. Mailari eustea zen helburua, eta tentsio handia zegoen talde barruan. Zorionez, bete genuen helburua, eta denboraldi amaierako aho zaporea gozoa izan zen, azkenean. Horrez gain, etxetik hain urrun nengoen lehen aldia zen niretzat, baina oso ongi hartu ninduten eta asko lagundu zidaten. Horregatik, oso eskertuta nago taldearekin nahiz izan nituen taldekide guztiekin.

Zuk, Jon Ander, nola bizi izan zenuen anaia hain urrun izatea?

J. A. I. : Anaia Bidasoara joan zenetik eta Irunera mugitu zenetik gutxiago ikusten genuen elkar, baina Galizian are urrutiago nuenez, are gutxiago elkartzen ginen. Gainera, ezin nituen haren partidak bertatik bertara ikusi. Dena den, birritan joan nintzaion bisitan.

Bide luzea duzue aurretik oraindik, baina honezkero jarriko zenizkioten zenbait erronka zuen buruei. Zein dira?

A. I. : Epe laburrera begira, Bidasoarekin Europara sailkatu eta nazioarteko txapelketa jokatu nahiko nuke. Nire lehen denboraldian izan nuen hori bizitzeko aukera, eta eskubaloiari lotuta dudan oroitzapen politena da.

J. A. I. : Asobalen debuta egitea eta Hondarribiarekin igoera fasera sailkatzea dira nire erronkak.