'Hitzez hitz' ikuskizunerako sarrerak zozkatu ditu Baleikek

Juan Luis Romatet 2023ko abe. 13a, 15:00

Musika eta dantza uztartzen dituen Hitzez hitz ikuskizuna izango da datorren larunbatean, hilaren 16an, Aita Mari aretoan. Udaleko Kultura Sailak emandako hiru sarrera bikoitz zozkatu ditu Baleikek bazkideen artean. 

Pier Paul Berzaitz sortutako ikuskizuna da Hitzez hitz, eta larunbatean 20:00etan ikusi ahal izango da Zumaian. Bertsolaritza, dantza tradizionala, garaikidea eta kantua batzen dituen erritmo handiko ikuskizuna da. Gizakien arteko komunikazioaren garrantziaren historia jorratzen du, eta hitzaren eta horren garrantziaren bidez, bizitzan hainbat agertoki garatzen saiatzen dira.

Berzaitz beraz gain, Landarbaso abesbatzak, Oinkari dantza taldeko eta Dantza Trük Xüberoako dantzariek, Eñaut Agirre bertsolariak eta beste hainbat lagunek hartuko dute parte ikuskizunean.

Udaleko Kultura Sailak hiru sarrera bikoitz eman dizkio Baleikeri bazkideen artean zozkatzeko. Behin zozketa eginda, saridunak Feli Uria Eizagirre, Ainhoa Aristi Legarra eta Ibon Manterola izan dira. Sarrerak aretoko leihatilan aurkituko dituzte. Sarrerak salgai daude turismo bulegoan eta internet bidez, hemen, 5 euroan.