Erretratua

Juan Carlos Zendoia, erlojugilea: "Etorkizun beltza du erlojugintzak"

Juan Luis Romatet eta Mireia Galarza Bastida 2023ko abe. 28a, 09:00

Ilustrazioa: Karmele Gorroño

Juan Carlos Zendoia orain dela mende erdi baino gehiago hasi zen Juan Jose Zendoia osabari bere erloju dendan laguntzen. Ofizioan 50 urte pasata, Egoki erloju dendako nagusiak sektorea "asko" aldatu dela azaldu du, baita erosketa ohiturak ere.

Erretratu hau abenduko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Zuzenbidea ikastea zen Juan Carlos Zendoia (Zumaia, 1956) erlojugilearen gaztetako asmoa oinarrizko ikasketak amaitu zituenean, baina adin horretan dagoeneko hasia zen osabak Juan Belmonte kalean zuen erloju dendan laguntzen. 50 urte inguru pasatu dira harrezkeroztik, mende erdi bat pasatxo, eta Egoki erloju denda gaur egun Eusebio Gurrutxaga plazan kokatuta badago ere, zeregin berberetan jarraitzen du lanean. 

Bere hitzetan, osabak norbait behar zuen dendan berarekin lan egiteko, eta ezezagunen bat hartu beharrean, bera geratu zen osabari laguntzen. "Erdi behartuta" hasi bazen ere, azkenean lanari "gustua" hartu ziola dio Zendoiak. Ondo gogoan ditu osaba Antoniok hasiera haietan ematen zizkion aholkuak. "Desmuntatzen hasi aurretik erlojua ondo begiratzeko esaten zidan, atentzioa jartzeko nola muntatuta zegoen. Izan ere, pauso berberak jarraitu behar dira berriz erlojua muntatzerakoan, eta piezak falta badira, arazoak etortzen dira gero", kontatu du barrez. Osaba oso perfekzionista ere bazela gogoratu nahi izan du erlojugileak, eta gustatzen zitzaiola besteek berak bezala lan egitea: "Ikusten bazuen lan bera beste modu batera egiten ari nintzela, mesfidati begiratzen zidan", gaineratu du Zendoiak. 

Hasieran, lehen lau urteetan-edo, hormako eta harizko erlojuekin hasi zen lanean, tramankulu handiagoekin, gero pixkanaka-pixkanaka pieza txikiagoak lantzen hasteko. Bere esanetan, piezak handiagoak badira "errazagoa" da horiekin lana egitea, baina zenbat eta txikiago, oraindik eta "konplexuagoa" bihurtzen da horiek manipulatzea. "Pentsa, aparailu batzuk zentimo baten diametroa zuten, eta horko piezekin lan egitea ez da zeregin batere erraza. Hala eta guztiz ere, denboraren poderioz ohitu egiten zara", gehitu du.

Elektronika sartu zen ondoren erloju munduan ere, eta horretan trebatzeko egin zituen Zendoiak hainbat ikastaro. "Kataluniatik etortzen zen Donostiara erloju fabrika ospetsu bateko langile bat, eskola bat martxan jarri zutelako beraiek, eta han eman nituen elektronikako lehen pausoak", eman du aditzera erlojugileak. Zazpi urte inguru igaro zituen bertakoekin ikasten, baina etapa hura amaitu zuen irakasleak "nahikoa" ikasi zuela adierazi zionean. Zendoiak azaldu duenez, osabari aldaketa horietara ohitzea asko kostatu zitzaion, berarentzat "mundu berri bat" zelako, eta haserretu ere egiten zela aitortu du. "Nik erantzuten nion hori zela etorkizuna, eta ohitu egin behar zuela", dio Zendoiak. 

Hainbeste urte erloju artean pasa ostean, Zendoiak izan du aukera mundu horretan berari gehien gustatzen zaiona aukeratzeko ere. Azaldu duenez, merkatuan dozenaka erloju marka daude, batzuk garestiagoak eta besteak merkeagoak, baina berari, pertsonalki, Omega marka suitzarra gustatzen zaio gehien, eta nahiago ditu eskumuturrean janzten direnak patriketan eramaten direnak baino.  

Etorkizun beltza

Urteek aurrera egin ahala, eta arlo guztietan bezala, erlojugintzak izan ditu aldaketa gehiago, digitalizazioarekin batera. Aldaketa horiek ez diote Zendoiari bere jarduna erabat oztopatu, baina eragina izan dutela aitortu du, batez ere, mugikorren agerpenarekin. "Orain jendeak sakelako telefonoa erabiltzen du ordua jakiteko, eta jendeak ez du lehen zuen ohitura erlojuak erosten jarraitzeko", gaineratu du. Erosten dituztenetan ere, merkeagoetara jotzen dute gehienek, Zendoiaren hitzetan.

Aurrera begira, Zendoiak ez du itxaropen handirik. Bere ustetan, "gremioa ia desagertu egingo da lehenago edo beranduago", eta oso gutxik bizi ahal izango dute hortik. Horregatik, erlojuez gain bitxiak ere saltzen ditu Zendoiak, eta pasadizo bat ere ekarri du gogora: "Behin lapur batzuk dendan sartzen saiatu ziren. Pertsiana hain gogor kolpatu zutenez, alarmak hauteman egin zituen, eta horri eskerrak, ez zuten lortu ezer lapurtzerik, baina sustoa izan zen, bai".   

Egoki erloju dendaren kasuan ere garbi du etorkizuna. "Momentuz, Iratxe [Korta] iloba ari da nirekin lanean, baina bera beste negozio batekin ere badabil, eta beraz, ni guztiz jubilatzear nagoenean likidazioan jarriko dut denda guztia, ondoren ixteko". Zendoiak gaineratu du emazteak erretiroa hartzen duenean hartuko duela berak ere jubilazioa.  

Betirako zerbait

Hainbeste urte eta gero, "pena" puntu bat baduela azaldu du Zendoiak, baina kritiko ere azaldu da egoeraren aurrean. Izan ere, dendak zabalik mantendu ahal izateko, ingurutik laguntza "eskasa" jasotzen dutela garbi utzi nahi izan du.  

Gainera, Zendoiak badaki ez duela bere ofizioa erabat utziko, eta nolabait esatearren, prest dago horretarako. Izan ere, dozenaka erloju erosi eta egunero-egunero aldatzea ez da izan Zendoiaren lehentasuna, baina azaldu duenez, bezero batzuk zakarretara botatzeko eramaten zituzten erlojuak gorde eta horietako asko konpondu ditu. Beste batzuk, berriz, erretiroa guztiz hartzen duenerako gordeko dituela esan du, "egunak luzeak" direlako, eta zerbait eduki nahi duelako egiteko. "Kalean ere badakit jendea etorriko zaidala mesede eske, eta hori ere egin beharko dut", dio barrez. 

Dena, baina, ez da lana, eta baditu Zendoiak atsegin dituen bestelako gauzak. Bere esanetan, asko gustatu izan zaio betidanik denda ixterakoan emaztearekin paseatzera joatea, baita elkarte gastronomikoan afari-merienda egitea ere.  

  • Adina: 67 urte.
  • Ikasketak: Batxilergoko ikasketak.
  • Lanbidea: Erlojugilea.
  • Erlojugilea ez banintz... abokatua izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut: Emaztearekin paseatzera joatea eta elkarte gastonomikoan afari-merienda egitea.