Aldarri feministak lau haizetara zabaldu dituzte Zumaian

Erredakzioa 2024ko mar. 8a, 20:31

Manifestazioa egin dute arratsaldean Zumaian, Mugimendu Feministak deituta. Gaurkoa "ospakizun eguna baino gehiago, borroka eta salaketa eguna" dela nabarmendu dute. Jende ugari bertaratu da.

Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, eta aldarri feministak lau haizetara zabaldu dituzte Zumaian. Arratsaldean, 19:00etan Beheko Plazatik hasita, manifestazioa egin dute, Mugimendu Feministak deituta, eta jende ugari bertaratu da. Gaurkoa "ospakizun eguna baino gehiago, borroka eta salaketa eguna" dela nabarmendu du Mugimendu Feministak mobilizazioaren amaieran egindako irakurketan. "Emakume langileok bizi dugun egoeraren inguruko analisia egin, eta urgentziaz hartu beharreko neurriak exijitzeko eguna da: kaleetan, eragileetan, etxeetan, lan esparruetan, harremanetan... bizitzako esparru guztietan eragitekoa, eta aurten ere horretara gatoz", esan dute.

Greba feminista, Palestinako egoera, zaintza, indarkeria matxista.... emakumeen borrokaren hainbat ertz izan dituzte hizpide, eta honako aldarri honekin amaitu dute ekitaldia: "Feminismoa, dena aldatzeko! Gora borroka feminista! Gora Euskal Herriko Mugimendu Feminista!".