Foruen plaza birmoldatzeko pausoak emango ditu udalak

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 24a, 15:00
Foruen plaza, pasa den osteguneko irudian. (Juan Luis Romatet)

Alde zaharreko gune honetako aparkaleku gehienak kendu ditu eta zamalanak egiteko bi lekurekin ordezkatuko ditu. Udalaren arabera, oinezkoei eta erosketak egingo dituztenei erosotasuna eman nahi die. 

Zumaiako alde zaharreko erdian kokatzen da Foruen plaza. Azoka zaharra eta Komentua ditu alde batean, udaletxea bestean. Eremu horren plaza izaera berreskuratzeko asmoarekin, birmoldatze lanei ekin die udalak, haren esanetan, "oinezkoak zein erosketak egitera doazenen zirkulazio erosoa sustatzeko".

Plaza izaera berreskuratzeko lehen pausoa ingurune horretako aparkaleku gehienak kendu ditu udalak. "Bi aparkaleku plaza mantenduko dira, zamalanetarako: gehienez 15 minutuz erabili ahal izango dute herritarrek, eta azokako postuak dituztenek goiz osoan zehar gune hori erabiltzeko baimena izango dute", azaldu du udalak ohar baten bidez. Jakinarazi du, baita ere, hurrengo asteetan, gaur egun Komentuko obren edukiontziek okupatzen duten lekua ere libratuko dela.

Beste neurri batzuk ere hartuko direla azaldu du udalak. Hala, kaleko aulkiak eta loreontziak jarriko dituzte, baita inguru horretako zuhaitz eta landareen egoera hobetu ere. "Plazan bertan terrazaren bat jartzeko aukera ere izango da espazio guztia libratzen denean", gaineratu du.

Oharrean jasotzen duenez, udala jakitun da aldaketa hauek ezinegona erakarriko dietela bizilagunei, eta egokitzeko beharra ere eragingo dietela pertsona batzuei. "Hala ere, espero da aldaketa horiek hobekuntza nabarmenak ekarriko dituztela herritar gehienentzat, eta Zumaiako alde zaharra biziberritzen lagunduko dutela".