Hiru zumaiarrek hartuko dute parte Zumaiako Master Seriesean

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 23a, 14:00

Cosme Agirre, Unai Uranga eta Frida Watkins arituko dira apirilaren 1ean eta 8an jokatuko den zesta punta txapelketan.

Jai Alai League ligarako puntuagarria den Zumaia Master Series zesta punta txapelketa jokatuko da Aitzuri frontoian apirilaren hasieran. Hilaren 1ean jokatuko dira finalerdiak, eta astebete beranduago, apirilaren 8an, San Telmo egunean, final handia. Azken jaialdi horretan emakumeen Women Series desafioa ere jokoan izango da. 

Zumaiako bi pilotari arituko dira txapelketa honetan, elkarren aurka, gainera. Unai Uranga atzelariak Aritz Erkiaga izango du bikote aurreko koadroetan. Ispasterreko aurrelaria rankingeko liderra da gaur egun. Cosme Agirrek izango du txapelketan parte hartzeko aukera. Aurrelariak Unai Lekerika gernikarrarekin osatuko du bikotea. 

Bigarren finalerian Johan Sorozabal eta Julen del Rio Urreisti eta Manci mutrikuarren aurka arituko dira. Finalerdia apirilaren 1ean, 19:00etan jokatuko da. Finala, berriz, hilaren 8an, 18:00etan. 

Azken jardunaldi horretan emakumeen desafioa ere jokatuko da, eta bertan arituko da Frida Watkins zumaiarra. 

Txapelketarako sarrerak dagoeneko salgai daude www.eramanjaialai.com webgunean. Txapelketarako bonoa erosi ahal izango da, 20 euroa. Jardunaldi bakoitzerako sarrerak ere salgai daude, finalerdirako 10 euroan, eta finalekoak 15 euroan.