Udaleku eskaintza zabala izango da Zumaian, 2 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeentzat

Andrea Zipitria 2024ko mar. 29a, 11:30
Musi-K udalekuak.

2 eta 14 urte arteko haur eta nerabeentzat udako zaintza zerbitzua, udaleku irekiak, kirol udalekuak eta Musi-K udalekuak izango dira aurtengoan ere. Kirol ikastaroei dagokionez, igeriketa, surfa zein bodyboardea eskainiko dituzte.

2 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutako udaleku eskaintza zabala antolatu du udalak uda honetarako.

2 urteko haurren udazaintza zerbitzua, HH3 eta LH6 bitarteko haurrei zuzendutako udaleku irekiak, eta HH4 eta LH6 bitarteko haurrei zuzendutako Musi-K udalekuak antolatu ditu Zumaiako Udalak 2024ko udarako. Horrez gain, LH4 eta DBH2 bitarteko haur eta nerabeek kirol udalekuetan parte hartzeko aukera ere izango dute; adin tarte horretakoek udako kirol ikastaroetan ere parte hartu ahal izango dute.

Kasu guztietan, izen ematea apirilaren 10etik 26ra egongo da zabalik. 

Hona hemen eskaintzaren inguruko informazioa:

Udazaintza zerbitzua: 2 urteko haurrentzat
2 urteko haurrei zuzendutako zaintza zerbitzua da honakoa, jolasean eta adin horretako haurren beharretan oinarritutakoa. Goizez eskainiko da zerbitzua, 09:30etik 13:00era.

  • Izen ematea: apirilaren 10etik 26ra, eskoletan
  • Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda uztailaren 1etik 12ra; bigarren txanda, uztailaren 15etik 24ra.


Udaleku irekiak: 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat
Zerbitzu honetan aisialdian oinarritutako eremu hezitzailea eskaintzen da, jolasa, elkarbizitza eta euskara ardatz hartuta. HH3 eta LH6 bitarteko haurrei zuzendutako jarduera da, eta goizez eskainiko da zerbitzua, 09:30etik 13:00era.

  • Izen ematea: apirilaren 10etik 26ra, herriko eskoletan
  • Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda uztailaren 1etik 12ra; bigarren txanda, uztailaren 15etik 24ra

Musi-K udalekuak: 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat
Musika landu ohi dute haurrei zuzendutako saio horietan, baina baita dantza nahiz askotariko jolasak ere. Uztaileko bigarren hamabostaldian izango dira aurtengo udalekuak, hain zuzen, uztailaren 15etik 26ra bitartean. HH4 eta LH6 maila arteko haur eta nerabeei zuzendutako ekimena da, eta goizez izango dituzte saioak, 09:30ean hasi eta 13:00etara arte.

  • Izen ematea: apirilaren 10etik 26ra, Alondegian.
  • Txandak: uztaileko bigarren hamabostaldian izango dira udalekuak.

Kirol udalekuak: 10 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeentzat
Kirol jarduera oinarri hartuta haur eta nerabeen aisialdia modu aktiboan eta entretenigarrian landuko dute udaleku hauetan. Goizez izango dituzte saioak, 09:30ean hasi eta 13:00etara arte.

  • Izen ematea: apirilaren 10etik 26ra, kiroldegian.
  • Txandak: Bi txandatan antolatuko da zerbitzua. Lehenengo txanda uztailaren 1etik 12ra; bigarren txanda, uztailaren 15etik 26ra (uztailaren 25a jai eguna izango da).

Kirol udalekuez gain, haur eta nerabeek udako kirol ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute, igeriketan, surfean zein bodyboardean.