Sargoriarekin hasi dira aurten festak

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 6a, 15:59

Usadioari jarraituz, Iñaki Ostolaza alkateak bota du suziria gaur eguerdian festei hasiera emateko, eta ondoren, ohiko hamaiketakoa eta dantza emanaldia izan dira Ondartxo plazaren bueltan. Hona hemen gaur arratsaldeko eta datozen egunetako egitaraua.

Sargori eta haizetsu. Horrela esnatu da eguna gaur Zumaian, eta herritar ugari elkartu da eguerdirako, bai San Telmo ermitaren inguruan, bai izen bereko kalean nahiz Ondartxon. Izan ere, hiru toki horiek izan ohi dira festen hasierako gune nagusiak, eta hala izan da gaurkoan ere.

Usadioari jarraituz, suziria 12:00etan jaurti du Iñaki Ostolaza alkateak San Telmo ermitaren pareko belarditik, baina haize bortitza zebilen, eta aurtengoan hiru suziri bakarrik jaurti dituzte; gainera, jendeari pixka bat urruntzeko eskatu diote aurrena.

Behin festak ofizialki hasita, kalejiran jaitsi dira herritarrak musika eskolako trikitilarien atzetik Ondartxo gaineko gunera, eta han, beti bezala, Itxas Gain elkartekoek prestatutako hamaiketakoaz gozatu dute gehienek, bertsoak eta koplak entzun bitartean.

Ondoren, euskal dantza emanaldia eskaini dute herriko dantzari txikiek Ondartxo plazan. Dantzari asko animatu da aurtengo emanaldian parte hartzera, eta saio luze eta aberatsa eskaini diete herritarrei.

Gogotsu hasi dituzte santelmoak zumaiarrek, eta gaur arratsaldean ere izango da zer gozatua herrian, baita hurrengo egunetan ere. Honakoa da asteburu honetako egitaraua:

Gaur, larunbata:

  • 14:30. Gazte bazkaria, herri eskolako frontoian. Bazkalondoan Elektrotxorongo elektrotxarangaren kalejira.
  • 17:00. Itsasoko herri kirolak haurrentzat, Odietan. 
  • 18:00. Iraunkorrak txarangaren kalejira.
  • 21:30. DJ sesioa Murxi, Saizar, Huegun eta Guijarekin, Torreberri gaztetxean.
  • 22:00. Gazte Eguna txosna eremuan, eta Perlata, Neallta Fola eta Skareggekasko taldeekin.
  • 22:30. Bide Batez taldearen dantzaldia, Kofradiako plazan.

Bihar, igandea:

  • 08:00. Ustekabe txaranga.
  • 11:00. Trikitxas bikotearen trikiti kalejira.
  • 11:30. Hamaiketakoa herriko arrantzale zaharrentzat.
  • 12:00. Sagarbide ikastetxetik irtenda, umeen danborrada.
  • 12:30. Ustekabe txarangaren saioa.
  • 17:00. Buruhandien eta erraldoien kalejira txistulariekin, udaletxetik hasita.
  • Ondoren, Porrusalda taldearen erromeria Torreberrin.
  • 17:30. Profesionalen esku pilota partidak, Aitzuri pilotalekuan.
  • 18:00. The Grace of Dionysus, Pertz eta Biderbost taldeen kontzertuak, txosna gunean.
  • 18:30. Ustekabe txarangaren kalejira.
  • 19:00. Trikitxas bikotearen trikiti kalejira.
  • 22:15. Helduen danborrada, Sagarbide ikastetxetik irtenda.
  • 22:30. Joselu Anaiak taldearen dantzaldia, Kofradiako plazan.
  • Gauerdian, bandera igoera Kofradiatik Pedro Etxabe arrantzalearekin.
  • Danborrada amaitutakoan, Joselu Anaiak taldearen dantzaldia Kofradiako plazan.
  • 00:30. DJ saioa, txosnagunean.

Apirilak 8, astelehena. San Telmo eguna:

  • 10:15. Prozesioa, San Telmo ermitara. 
  • 10:30. Meza Nagusia.
  • Ondoren, hamaiketakoa. 
  • 11:30. Umeentzat puzgarriak, Odietan.
  • 12:30. Incansables txarangaren kalejira. 
  • 16:30. Umeentzat puzgarriak, Odietan. 
  • 18:00. Plaza dantzak, Kofradian. 
  • 18:30. Incansables txarangaren kalejira. 
  • 19:00. Profesionalen zesta punta finalak, Aitzuri pilotalekuan.
  • 19:30. Lotxo taldearen dantzaldia, Kofradiako plazan.