Aita Mari elkarteak irabazi du XXIV. Olagarro Zopa Lehiaketa

Andoni Elduaien - Juan Luis Romatet 2024ko api. 13a, 17:50

Aurtengo olagarro zoparik onena Aita Mari elkartekoek egin dute lehiaketako epaimahaiaren arabera. Inpernupe elkartekoak sailkatu dira bigarren, eta Hil ta pakia kuadrilla hirugarrena. 

Santelmo jaien bigarren asteburuan murgildu da Zumaia. Gaurko egunez hitzordu berezia izan ohi dute egitarauan zumaiarrek; izan ere, olagarro zopa prestatzeko lehiaketa egin ohi dute han. Aurten, 24. aldiz antolatu dute txapelketa, eta hamabi bikote lehiatu dira goizean goizetik Eusebio Gurrutxaga plazan muntatu dituzten suen bueltan. Zopa guztietan onena Aita Mari elkartekoek egin dute aurten, epaimahaiaren arabera. 

Eguerdira bitartean, zumaiarrek mimo eta goxotasun handiz prestatu dituzte beraien zopak, lapiko barrukoari begiradarik kendu gabe aritu baitira jana prestatzen. Guztiak ere gustura aritu dira lanean, hala adierazi dute behinik behin mikrofonoen aurrean.

Parte hartzaileei sua itzaltzeko ordua iritsi zaienerako herritar ugari bildu da plaza bueltan, denak ere lehiakideek prestatutako olagarro zopa dastatzeko asmoz. Antolatzaileek, berriz, hamabi zopak plater banatara hustu eta epaimahaikideei eman dizkiete, haiek beraien iritzia eman zezaten. Epaimahaiaren erabakia ezagutu aurretik hasi dira herritarrei hamapi lapikoetatik olagarro zopa banatzen, eta minutu gutxiren buruan agortu da guztia. Lehiakideek maila oneko zopak egin dituztela nabarmendu dute antolatzaileek, eta hori horrela, behar baino gehiago kostatu zaie erabakia hartzea.

Azkenean, ordea, eman dute erabakiaren berri. Aurrena, igel-tokako eta pote txapelketako sariak banatu dituzte, eta haien ondoren jakinarazi dute 24. Olagarro Zopa Lehiaketako podiuma. Hirugarren postuan sailkatu da Hil ta pakia kuadrillako bikotea, bigarren postuan Inpernupe elkarteko lagunak eta txapela Aita Mari elkartekoek jantzi dute.